Iñigo Olaetxea 2010-02-26

Nafarroako bertsolarien artean zerbait badago berdintasuna da"

Bihar Iruritan ariko da kantari, bigarren finalaurrekoan. Oraindik lasai dagoela dio. Bere helburua finalean sartzea izango omen da, baina lehia estua izatea espero du.
 Iñigo Olaetxea laugarren izan zen iazko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Final ugaritan aritutakoa da lehendik ere. Aurtengo ibilbidea bihar hasiko du, Iruritan egingo den finalaurrekoan.

 Oraindik "lasai" dagoela dio. "Beti nahi baino gutxiago egiten da. Ez dakit nahikoa izango den. Ez naiz ni sobera entrenatzen den horietakoa baina espero dut nahikoa izatea."

 Aurten izen handi batzuk falta diren arren, ez omen du presio berezirik nabaritzen: "Izen handi pare bat falta dira baina berri pare bat ere etorri dira. Urteroko berdintsu dago. Finalean edo finaletik kanpo gelditzea baldintza askoren mende dago. Printzipioz espero dut sartzea, baina hori ere oso borrokatua dago."

 Helburua, beraz, finalean sartzea izango da Iñigo Olaetxearentzat: "Gurea bigarren final-erdia da eta lehenengoa txukun aritu ziren eta puntuazioak goitik joan ziren. Beraz, borroka finalean sartzeko izango da. Sartuz gero, gero gerokoak."

 Orain arteko txapelketa beti bezala ikusi du. "Gora-beherak izan dira. Bertsolari batzuk ongi aritu dira. Esate baterako, lehenengo final-erdian lortu zuten puntuazioa begiratuta, uste dut nahiko final-erdi indartsua izan zela. Finalean sartzeko sekula baino zailago dago."

 Azkenik, biharko final-erdiari begira, "berdindua" izango dela uste du: "Nafarroako bertsolarien artean zerbait baldin badago berdintasuna da. Agian pare bat eskaloi bat gorago egongo dira, baina besteen artean sekulako pelotoia dago. Bihar egongo garen seietatik lau finalean egonak gara eta iazko finalean hiru aritu ginen. Final-erdi berdindu eta borrokatua izango da."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri