Asteburuko Kuadrillartekoaren lehen saioa Lezaman hasi zen ostiralean eta larunbatean itxi zen Arabako bertso asteburua Elosun.
Asteburuko Kuadrillartekoaren lehen saioa Lezaman hasi zen ostiralean eta larunbatean itxi zen Arabako bertso asteburua Elosun.
Lezaman jokatu zen A.L.E. ligako bigarren saioa. Amurrioko herriko taberna zen topagunea eta pixkanaka pixkana, taberna joan zen jendez betetzen. Lautadakoak sartu ziren tropelka, bonbo, platillo eta trikitixaz, giroa osatuz.
Han partekatu, edan, kantu eta dantza egin zen, “Gainditu nahi gaituzte, baina jai duzue” Lautadako lelopean.
Hortik Lezamara. Lezamako txokoan berrogeita hamar lagunentzako aparteko afaria: patatak porruekin eta gazta eta hirugiharrak bete zerra. – Batek hiru aldiz errepikatu zuen lehenengo platera. - Gero etorriko ziren marrubi eta esnegain postrea, kafeak eta kopak.
Lautadakoak orlegiz eta Aiaraldeko Altubepekoak beltzez jantzita ekin zioten bertso saioari. Lehenbizi paperean eta bat-batean ondoren. Goitik behera, behetik gora, bertso eta isiluneen arteko ika-mika.
Argazkiak airean, bi taldeek saski dotore bana jaso zuten epamahiaren ematizaren zain. Eta nahiz eta gutxigatik izan, azkenean Aiaraldeko Altubepekoak nagusitu ziren.
Arabako kuadrilla arteko txapelketako ALE ligako (Aiaraldea–Lautada-Errioxa) azken saioa Oiongo Azkena txokoan izango da, martxoaren 27an, larunbata, bazkalorduan. Bertan Errioxak etxean jokatuko du Aiaraladeko Altubepekoen kontra. Aiaraldeak irabazten badu, zuzenean sailkatuko da finalerdietara, Errioxak irabaziz gero, enpante hirukoitza izango da eta saio guztien puntuazioaren batuketak erabakiko du finalerdietara sailkatuko den taldearen izena.
Zuia-Gorbeialdea ligari dagokionez, larunbatean, martxoak 6, Elosuko txokoan aukera izan genuen Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa honen bigarren saioaz gozatzeko.
Elosuko elizaren goiko aretoan, bapo afaldu (eta edan) ondoren Bertso Sorta Kolektiboen lehiaketarekin hasi zen saioa. Lehiaketa honen oinarria bertso idatziak dira eta taldean kantatzen dira. Talde bakoitzak bere herria du gaia. Bart, Kanpezu, Bertsoaren Saltsan eta Maeztu aritu ziren kantari. Azken bi hauek pasatu ziren finalerdietara.
Ondoren bat-bateko saioa hasi zen. Aurreko saioaren irabazleak, Aramaiokoak, gorriz jantzita: Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Xabier Igoa eta Iker Agirre. Etxekoak, Elosu-Iturrigorrikoak, berdez: Josu Ormaetxea, Nagore Irazabal, Estitxu Saratxo eta Elyem Chej.
Bi herrietako bertsolariak primeran aritu ziren, eta bertsozaleok txaloka eskertu genien. Azkenean, Aramaio nagusitu zen eta finalerdietara pasatuko da.
Bertsolarien eskutik bertsozaleok gau alaia eta polita pasa zuten. Ehun lagun inguru elkartu ziren antolatzaileen gozamenerako.
Datorren ostiralean, martxoak 12, Izarrako Frontoia tabernan Izarrako bertso-eskola Elosuko Iturrigorriren kontra arituko da, liga honetako azken saioa izango delarik.
Horrela, txapelketa berri hau aurrera doa poliki poliki, eta Aste Santuko oporrak baino lehen, Aramaio taldearekin batera, finalerdietara pasatuko diren 2 taldeak ezagutuko ditugu.