Joan zen larunbatean egin zen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Elgoibarren. 30 lagunetik gora elkartu ziren bertan eta aho batez erabaki zuten Saroi Jauregi lehendakari moduan, Felix Irazustabarrenaren lekua hartuta.
Larunbatean egin zen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Elgoibarren. Oroitz Azurmendi eragileak balorazio positiboa egiten du: " "Nahiko arina prestatu genuen. 30 lagunetik gora elkartu ginen eta ondo joan zen: deskargoa nahiko arin egin genuen, galdera asko ere ez ziren izan... Transmisioarekin pixka bat gehiago luzatu ginen, bolumenik handiena horrek hartzen duelako. Sustapenean, berriz, gai-jartzaile eta epaileekin ahalegin berezi bat egin nahi dugu Gipuzkoako Txapelketari begira. Horrez gain, Txapelketak berak ze formato eduki beharko lukeen eztabaidatu nahi dugu denekin: bertsolariekin, gai-jartzaileekin... Bukaeran lehendakari aldaketa proposamena zegoen. Azkenean, bozka guztiak alde zirela, Saroi Jauregi aukeratu zen lehendakari posturako. Ondoren bere hitzalditxoa eman zuen. Aipatu zuen azkeneko hiru urteak nahiko intentsoak izan direla eta, agian, badela garaia lasaitzeko eta emaitzekin ere pixka bat gozatzeko. Ilusio handiarekin ekiten dio."
Azkeneko urtearen balorazioa ere ona da: " 2009a emankorra izan da, azkeneko bi urteak bezala. Transmisioan lehengo urtean pausu garrantzitsua eman zen, bailarako banaketarekin. Proiektua zabaltzen jarraitu dugu, demandari erantzunez. Lankide pare bat etorri ziren irailean eta dagoeneko 11 dira transmisioan lanean ari direnak, Iñaki Olalde eragile dela. Balorazioa positiboa da."
Datorren urterako, sailez sail, helburu ezberdinak dauzka Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Sustapenean, lehenago aipatu bezala, 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren antolakuntzak eskatuko du ahaleginik handiena.
Ikerkuntzan helburu bat baino gehiago izango dituzte datorren urtean: "2009an "Grabatzaileen sarea" egitasmoa jarri zen martxan eta azken urteetan geldirik zegoen bideo-elkarrizketen egitasmoa ere bai. Urte amaieran bi elkarrizketa egin genituen: Koxme Lizasorena eta Bittor Agirrerena eta beste 4 bat egin nahi ditugu."
Azkenik, transmisioa izango da ahaleginik handiena eskatuko dien saila: "Saroik esaten zuenaren harira, egonkortu egin nahi dugu. Azken urteetako zabalkundeari patxada gehiagorekin erantzun nahi diogu, aurrera begira hausnartuz topea non ote dagoen. Saroik ere aipatu zuen: beti zabaldu eta zabaldu ari gara baina, agian, bada unea egoera aztertzeko eta aurrera begira jartzeko."