Felix Irazustabarrena, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Lehendakari ohia 2010-03-17

"Emaitzak jasotzen hasteko garaia dela uste dut"

Larunbatetik aurrera Saroi Jauregi da lehendakari berria. Azken 10 urteotan elkartea asko zabaldu delakoan dago, eta ez dela askoz gehiago handituko. Aldaketa handiena pertsonal hazkuntzan eta lokal berria edukitzean nabaritzen du.
 Larunbatean izan zen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko batzar nagusia Elgoibarren. Bertan aho batez erabaki zen lehendakari aldaketa: Saroi Jauregi izango da hemendik aurrera lehendakari Felix Irazustabarrenaren ordez.

 Felix ez da seguru gogoratzen noiztik den lehendakari: "99 inguru horretan Telleriak utzi zuen. Orduan zuzendaritzan Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre, Aitor Mendiluze eta abar geunden, eta pentsatu genuen ni jartzea geundenen artean zaharrena nintzelako."

 Garai hartan Gipuzkoako Bertsozale Elkartea lanean hasi-berria zen, eta zenbait hutsune zeuzkan: "Oraindik egoitza Euskal Herrikoarekin batera zegoen, eta bulegorik ere ez geneukan: bulego baten zati batekin moldatzen ginen. Mendiluze aritzen zen eta oraindik lanaldi osoan ere ez, lanaldi erdian edo. 99an Herriarteko Txapelketa bukatu zenean uste dut hartu zuela postua."

 Urte hauetan aldaketarik handiena transmisioan gauzatu dela dio Felix Irazustabarrenak "horrek ekartzen duen langile eta pertsonalaren haztearekin. Lehen lanaldi erdian pertsona bat bageneukan orain 10 irakasle dauzkagu, eta irakasle horien koordinatzailea (Iñaki Olalde) eta eragilea. 12 lagun lanaldi osoan, alegia. Lokalari dagokionez, Tolosara joan ginen, eta hori ere txiki gelditu zaigu jada. Aldaketa horiek izan dira nagusiak, besteak antolakuntzari dagozkio: Txapelketak antolatu eta atera diren bezala atera dira, ikerkuntzako alorrekoak ere bai... Baina nagusia transmisioan egindako lana izan da, hezkuntza arautuan sartu garelako eta bertso-eskoletara ere iristen gerelako."

 Bera ez omen da egokiena urte hauetan egindako lanari kritika bat egiteko, gauza horiek hobeto egiten omen dira kanpotik begiratuta. " Kezka beti izaten da aritze horretan ea benetan hau ote den behar den eredua; gehiagora joan behar ote dugun beti hazi eta hazi behar horretan; non daukagun gure muga... Nik uste asmatzen ere ari garela, ordea."

 Azkenik, une honetan egoera onean ikusten du Gipuzkoako Bertsozale Elkartea: "Pentsatzen dut azken 10 urteetan hazi egin garela. Zabalkunde eta hazkunde bolumen handia izan dugu, eta ez dut uste askoz gehiago haziko denik. Horren emaitzak jasotzen hasteko garaia dela uste dut. 12 laguneko talde horrek lan handia egiten du, eta uste dut horren emaitzak jasotzen ari garela. Triangelua osatu genuen bertso-eskola, hezkuntza arautu eta jarduera osagarriekin, eta horrek frutuak ematen hasi behar du."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri