Saroi Jauregi 2010-03-18
Saroi Jauregik alderdi askotatik landu du bertsolaritza: Gai-jartzaile, gai-emaile, Hitzetik Hortzerako aurkezle, eta Gipuzkoako Elkarteko lehendakari orain, 10 urte zuzendaritzan eman ondoren, Horietaz denetaz galdetu zion asteazkenean Bertsoa.com-ek zuzeneko elkarrizketan, Mintzolaren egoitzan.
Gai-jartzailetzari dagokionez, Saroi Jauregi nabarmendu zuen oso garrantzitsua zela taldean lan egitea: "Ez dakit inoiz jaialdi batera joan naizen gaiak aurretik beste gai-jartzaile batekin kontrastatu gabe". Txapelketan lan hori mekanikoki egiten da, hala antolatua dagoelako, baina, plazako lana gai-jartzaileen esku gelditzen da. Saroik azaldu duenez, Gipuzkoan badago talde iraunkorra eta talde hori indartzea eta zabaltzea beharrezkoa ikusten du, gai jartzaile berriek ere talde horren babesa eta ekarpena izan ditzaten.
Saioen egitura, elementu berriak eta bereziak ere badira gai-jartzaileen gogoetagai, Jauregiren esanetan. "Entzuleak gauza berriak nahi ditu, gai-jartzaileak ere bai eta baita bertsolariak ere, baina, neurria asmatzen ez da oso erreza. Nire ustez bertsogintzan oinarrizko egitura ofiziokako lana da eta hori ere mantendu egin behar da."
Txapelketako gaiak. 40 tematika finalean.
Txapelketan ia denak ematen du zeresana, eta gaiak ere ez dira libratzen. Saroi Jauregi azken txapelketako gai-jartzaile taldean izan da eta adierazi du jendea finalarekin gelditzen dela, baina, txapelketan saio asko eta gai asko joan direla. Finalari dagokionez, berriz, adierazi 40 gai eta beste hainbeste tematika ezberdin jorratu zirela.
Punta bat baino gehiagoko gaia
Gai ona zer den definitzea ia ezinezkoa dela uste du Saroi Jauregik, oso subjektiboa delako. Hala ere, garrantzitsua irizten dio gaiak helduleku bat baino gehiago izateari, bertsolaria norabide bakarrera ez behartzeko. Gaien zabaltasunari dagokionez, berriz, Jauregik uste du mugagabeko zabaltasun hori atzean gelditu dela, eta bolada batean behintzat konkrezio maila bateko gaiak nagusituko direla, gaien ikuspegia ere zikloka doala ikusita.
"Askotan ahaztu egiten zaigu jendea mimatzea"
Gipuzkoako Elkarteko lehendakari den aldetik, berriz, egitasmo nagusiak transmisioa (8.000 ikasle Hezkuntza arautuan eta bertso eskolak) eta 2011ko txapelketaren diseinua izango dira. Egitasmoez harago, ordea, Saroi badu kezka, kezka konpartitua dela uste duena, jendea ez ote den gehiegi estutzen eta gutxitxo mimatzen. Zentzu horretan, egitasmo eta ardura desberdinean dabilen borondatezko zein profesionalei lana eskertzea eta jendea goxatzea beharrezko ikusten ditu lehendakari berriak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24