Saio osoan zehar erregular aritu zela dio, eta zortea ere alde izan zuela, bai gai dagokienez eta baita lagunei dagokienez ere. Buruz burukoan Arkaitz Goikoetxearekin ez kantatuaren penaz gelditu zela dio.
Julio Soto da Nafarroako Bertsolari txapelduna, joan zen larunbatetik. Lesakako finalean bera izan zen nagusi. Atzo eguerdian, berriz, Bertsoa.com-ek elkarrizketa egin zion, zuzenean. Larunbatetik hodei batean bezala egon dela dio. Dena den, lortutakoa gero eta errealagoa omen da beretzat.
Askok nabarmendu dute finalean erakutsi zuen erregulartasuna. Garrantzia ematen dio Juliok horri: "Txapela lortzeko erregulartasunaren koxka egoten da, eta gero gailur batzuk jotzea. Hor eta zortean egon zen txapela lortzeko gakoa, bikoteetan eta gaietan zorte handia izan bainuen".
Finala ariketaz ariketa aztertuta, ondo hastea garrantzitsua izan zela uste du: "Saioa hasi aurretik oso urduri egon nintzen, eta oholtzara igo eta giro hori ikusi nuenean sekulako lasaitua hartu nuen".
Zortziko txikian Julen Zelaieta lagunarekin aritu zen bertsotan, umorez. "Erosoen umoretik aritzen naiz, asko gustatzen zaidalako. Oso pertsona umoretsua naiz eta adarra jotzea asko gustatzen zait."
Puntu-erantzunetan ere maila ona eman zuen Juliok, eta azkar erantzun zituen biak. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ere, Bilboko saioan, batek baino gehiagok azpimarratu zuten bere azkartasuna: "Puntu-erantzuna agian izango da gehien gustatzen zaidan ariketa. Orain dela bi urte Lur-eko nire bigarren finalean oso azkar erantzun nituen, eta ondo atera zitzaidan. Ordutik ikusi nuen hortik jo nezakeela."
Sei puntuko motzean Arkaitz Goikoetxearekin aritu zen kantuan. Bukaeran biak gelditu ziren lehenengo eta bigarren. "Nabaritzen genuen goian genbiltzala biok. Ordura arte Estitxuk eta Enekok ere oso saio ona egin zuten. Ilusio handiz hasi nintzen (Arkaitzekin kantatzen)". Dena den, ariketa honetan ere izan omen zuen estualdirik, eta azkeneko bertsoa ekarri ezinda ibili omen zen. Horixe izan omen zen finaleko unerik txarrena.
Bereziki motibatzen zuen Arkaitz Goikoetxearekin kantatzeak: "Oso berezia izan zen berarekin kantatzea. Lehenengo aldia zen Arkaitzekin kantatzen nuena oholtza gainean eta horixe neukan ilusioa."
Kartzelako gaian, berriz, amari bere sexu-aukera agertzeko beldur den homosexualaren papera hartu zuen: "Horixe izan zen etorri zitzaidan lehenengo heldulekua. Gaia entzun eta ezin biderik aurkitu aritu nintzen, eta azkenean horri heldu nion. Seguru asko izango dira finalean gusturen bota nituen hiru bertsoak. Aldarte onean nengoen, eta bakarka egiteko oso garrantzitsua da hori".
Dena den, kartzelakoan gustura gelditu arren ez zegoen hain seguru txapela lortuko ote zuen: "Txapeldun ez nuen nire burua ikusten, batipat ez nituelako besteen kartzelak entzun. Arkaitzek aurretik oso saio ona zeukan egina, eta somatzen nuen kartzelan ere hala egingo zuela. Nik desenpatea egongo zela espero nuen."
Aitortzen du Arkaitz Goikoetxearekin desenpatea gustura jokatuko zukeela. Iaz buruz burukoa jokatu zuen Xabier Silveirarekin, eta poto batek asko zaildu zion txapelerako bidea. Aurten potoen beldurrik ez zuela dio, potoen beldur izanez gero ezinezkoa baita norberak duen onena ematea.