Julio Sotok Nafarroako bertsogintzaz 2010-03-25

"Nik uste dut garaia iritsiko dela Nafarroan bi urtetik behingo txapelketa egiteko"

Bertsotan lehenengo pausuak Estitxu Arozenarekin egin bazituen ere, azken urteotan Arkaitz Goikoetxearekin asko hobetu duela dio. Nafarroako bertsogintzan azken estutualdi baten beharra nabaritzen du.
 Julio Soto ez da hasi-berria bertsotan: "Bertsotan Estitxu Arozenari esker hasi nintzen. 15 urte nituela eskolara etorri zen ikastaro bat ematera, eta hori ikusi zuen erraztasuna nuela. Ingeleseko irakasleari esan zion, eta ordutik ingeleseko irakasle honek azterketetan bertso bat eskatzen zidan".

 Estitxu Arozena da, beraz, beretzat, bertsoarekin lehenengo lotura: "Berari esker hasi nintzen eta berekin hiru urte pasa nituen bertso-eskolan. Gero Arkaitz etorri zen Nafarroara bizitzera, eta Estitxuk berak esan zidan bertso-maila hobetzeko ona izango zela Arkaitzengana joatea".

 "Arkaitzekin izugarria izan da nabaritu didan hobekuntza. Ordura arte gaia jarri eta bertsotan aritzen ginen bertso-eskolan". Arkaitzekin bertsoak betetzeko baliabideak ikasi omen ditu, batez ere.

 Lekunberrin elkartzen dira Arkaitz Goikoetxea, Julio Soto, Oskar Estanga, Xabier Terreros eta Eneko Lazkoz finalistak. Talde polita osatu dute, eta horrek onurak ekarriko omen dizkio Nafarroako bertsogintzari: "Terreros eta Oskar Estanga lehenago ere bertsotan ibiliak dira, baina Arkaitzekin beste koxka bat igo dute. Garbiena Eneko Lazkozen kasua da: Arkaitzekin sekulako saltoa eman duena. Talde honek maila estutualdi bat ekar dezake Nafarroako bertsolaritzan, eta talde-giro bat ere bai".

 Aurtengo maila ona izan bada ere, datozen urteetan estutualdi bat behar omen du bertsogintzak: "Bertso-mailari dagokionez behar du. Bertsoak betetzeko gaitasuna estutu behar da. Egia da azkeneko urteotan maila gora doala, bai bertsozalearena eta bai bertsolariarena, baina asko daukagu egiteko. Azkeneko estutualdi bat falta zaigu aurtengo maila ziurtatzeko datozen urteetan".

 Plazetan ere igartzen omen du aurrerapena: "Nik uste dut plaza kopuruak gora egin duela, batez ere Iruñerrian. Bertsolaritza indarra hartzen ari da. Nafarroan beti egon dira plaza handi batzuk, baina, batetik, plaza berriak sortzen ari dira, eta, bestetik, plaza handi horietan geroz eta nafar bertsolari gehiago aritzen dira".

 Ohiko plaza da Nafarroan txapelketa ere, urtero jokatzen baita. "Orain arte nahiko ondo eraman dut, baina, egia da azkeneko urte t`erdia nahiko gogorra izan dela. Hemendik aurrera, nik uste dut hurrengo urtean Nafarroako Txapelketa bat izango dela: aurtengo arrakasta ikusita badirudi gozokiari ez diotela ihes egiten. Baina nik uste dut garaia iritsiko dela Nafarroan bi urtetik behingo txapelketa egiteko". Datorren urtean parte hartzeko asmoa omen dauka.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri