Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia 2010-03-30

Aho batez onartu da 2010erako egitasmoa

80 lagun inguru elkartu ziren Senpereko Larraldea etxean. 2009ko memoria eta diru-kontuak ere aho batez onartu ziren.
 Larunbatean ospatu zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Batzar Nagusia. Senperen izan zen zita, Larraldea etxean. Gaur egun Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartearen egoitza da, Andoni Iturriotzek utzita. 80 lagun inguru elkartu ziren bertan larunbatean.

 Iñaki Murua lehendakaria hasi zen hizketan. Gaur egun Elkarteak hartu duen karga aipatu zuen eta karga horrek sortzen dituen buruhausteak, egoera ekonomikoari lotuta. Hala, 2010an arnasa hartu eta argazkiari begiratzeko moduko erritmoa hartu beharko dela azpimarratu zuen.

 Gainera, 2009an Euskal Herriko Txapelketa Nagusiak izan duen garrantzia nabarmendu zuen, "auzo-poza" sortzeko balio izan baitu. Txapelketa antolatzen aritu zen talde gaztearen lana ere goraipatu zuen, eta sortzaileen lana ere bai. Entzulego gaztearen presentzia ere garrantzitsutzat jo zuen.

 Lehendakariaren agurraren ondoren 2009an sail bakoitzak egindako lana biltzen zuen bideoa erakutsi zuten. Transmisioan, ikerkuntzan, komunikazioan eta sustapenean egindako lana agertu eta bazkideei eskerrak eman zizkieten. Iaz, gainera, handitu egin zen bazkide kopurua ere.

 2009aren errepasoarekin bukatzeko diru-kontuen berri eman zuten. Azkenean aho batez onartu zen 2009ko balantzea.

 Honen ondoren, herrialde bakoitzeko lehendakariak bere herrialdeko egoeraz hausnarketa bat egin zuen. Juan Mari Juaristi aritu zen Arabatik, Karmelo Uriarte Bizkaitik, Saroi Jauregi Gipuzkoatik, Joana Itzaina Iparraldetik eta Manolo Arozena Nafarroatik. Saroi Jauregi eta Joana Itzaina aurten izendatu dituzte beren herrialdeetako lehendakari, eta lehenengo Batzar Nagusia izan zuten postu horretan.

 Hausnarketaren ondoren 2010eko egitasmoaren berri eman zuten. Aritz Zerain aritu zen koordinazioaren berri ematen, Miren Irigoienek hitz egin zuen Transmisioaz, Jon Agirresarobek Sustapenaz, Oskar Arantzabalek Lankuz, Estibalitz Esteibarrek Komunikazioaz eta Beñat Gaztelumendik Ikerkuntzaz. 2010ekoarekin bukatzeko aurrekontuen berri eman zuten, eta baita Funtzionamenduaren eta Organigramaren berri ere. Azkenean aho batez onartu zen 2010erako proiektua ere.

 Bukatzeko, Iñaki Murua lehendakariak eman zuen azkeneko agurra. Gaur egun Euskal Herriko Bertsozale Elkartean dagoen lan-karga "zoriontzekoa" ere badela nabarmendu zuen. Elkartearen inguruan dabiltzan guztiak, soldatapekoak barne, borondatezko langileak direla azpimarratu zuen. "Borondatezko sare hori da gure altxorra".

 Herrigintzari begira jartzeko astia falta dela ere aipatu zuen, eta aholkulari talde baten beharra nabarmentzen dutela. Hala ere, gainerako Elkarte batzuentzat eredu ere badirela nabarmendu zuen, lanerako estilo markatua baitauka: "gozo baina gurean; nortasunetik baina ekipoan eta beti entzuteko jarrerarekin".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri