Heriotzaren mendeurrenean 2010-04-29

Otañoren omenezko ekitaldiak Zizurkilen eta Argentinan

Otañoren omenezko ekitaldiak aurkeztu zituzten ostegunean Donostian, KM aretoan. Maiatzaren 7an beteko dira 100 urte Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolari ezaguna hil zela. Urteurren horren harira, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Taldeak egitarau mardula antolatu bere herriko bertsolariaren omenez: Bertso-jaialdia, bertso-jarri emanaldiak, bertso eta kantu afaria, ikastetxeetan ekitaldi bereziak, Otañori buruzko liburua eta hitzaldia. Amurizak eta Peñagarikanok Otañoren bertso bilduma gidoitua argitaratuko dute.

Pello Mari (hala idazten omen zuen berak) Otañori buruzko ekitaldi zerrenda aurkeztu zuten atzo  eguerdian Donostian, KM aretoan: Seme Kuttun izendapena, liburua, Bertso-jaialdia, bertso-jarri emanaldiak, bertso eta kantu afaria, ikastetxeen ekitaldi bereziak, Otañoren bertsogintzari buruzko hitzaldia eta ibilaldia. Argentinan ere omenaldia egingo diote. Marianjeles Lazkano Zizurkilgo alkatea, Joxin Azkue Hernandorena kultur elkarteko ordezkaria, Eñaut Agirre, Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Amuriza izan dira aurkezpenean.

Pello Mari Otañoren biografia
Ekitaldi zerrenda luze honen lehena, maiatzaren 6an izango da. Pello Mari Otañori buruzko liburua aurkeztuko dute, batez ere alde biografikoa bilduko duena. Joxin Azkue antolatzaileak azaldu duenez, maiatzaren 7a izango da egun handia, heriotzaren mendeurreneko eguna hain zuzen ere. Arratsaldean, Otaño Zizurkilgo Seme Kuttun izendatuko dute, bere omenezko plaka jarri ondoren, eta afaria gauean. Eñaut Agirrek Otañori buruzko bertsoak kantatuko ditu  Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz. Sebastian Lizaso eta Jexux Mari Irazuk berriz bapateko saioa egingo dute. Maiatzaren 8an, oinezko ibilaldia egingo dute Otañok Zizurkilen dituen erreferentziazko puntuetan barrena. Maiatzaren 12ean, hitzaldi-mahingurua. Pello Esnal eta Xabier Euskitzek Otañoren bertso uzta aztertuko dute. Maiatzaren 15ean, bertso jaialdi berezia, Otañoren inguruan: Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Amaia Agirre arituko dira, Amuriza eta Peñagarikanoren gidaritzapean.
Ekitaldi hauetan guztietan Otañoren bi iloba ere Zizurkilen izango dira.

Argentinan ere bai
Otaño Zizurkildik Argentinara joan zen eta bere mendeurreneko ekitaldiak ere halaxe joango dira. Ekainaren 16an ekitaldia egingo diote La Platako unibertsitatean.

'100 urte, 100 bertso. Otaño, atzerriko oroi-mina' bertso-antologia, Amuriza eta Peñagarikanoren eskutik

Mendeurrena dela eta, Xabier Amurizak eta Anjel Mari Peñagarikanok Otañori buruzko lan mardula argitaratuko dute: '100 urte, 100 bertso. Otañoren oroi-mina' izeneko diskan. Ordu eta erdiko bertso hautaketa da, Otañoren bizitza, ideologia eta bertsogintzaren bilakaera azaltzen duen narrazioa lagun duela. Xabier Amurizak nabarmendu du mendeurreneko ekitaldi hauen bueltan Otañoren obra dela geldituko dena eta horixe kaleratu nahi izan dutela.


Egitaraua
Maiatzak 3-14. Euskal aztarna Argentinan eraskusketa.
Maiatzak 5. Pello Mari Otañoren arnasa, 1857-1910 liburuaren aurkezpena. Hernandorena Kultur Taldeak idatzi du.
Maiatzak 7. Pello Mari Otaño Zizurkilgo seme kutun izendatuko du Udalak.
Maiatzak 9. Otañoren aztarnak Zizurkilen herri ibilaldia.
Maiatzak 12. Otaño: bat bitan banatzen da mahaingurua, Pello Esnal eta Xabier Euzkitzerekin.
Maiatzak 15. Bertso saioa.
Maiatzak 20. Herriko hiru ikastetxeetako haurrak Otañori kantari ekitaldia.

Argentinan
Ekainak 18. Otañori omenaldia bere hilobiaren aurrean, hitzaldia La Platako Unibertsitatean Cesar Arrondo irakaslearen eskutik, eta afaria.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri