San Telmoak ospatzeko urteroko jaialdia egin zuten 2010-04-12
Saio ona atera zen Zumaian
Julio Soto, Miren Amuriza, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Jon Maiak kantatu zuten. Gaiak jartzen, berriz, Unai Elizasu jardun zen. Aretoa goraino bete zen.
Urtero bezala, aurten ere San Telmoen harira bertso jaialdia egin dute Zumaian. Ostiralean izan zen saioa, eta aretoa goraino bete zen. Saioa hasi baino ordubete lehenago ilara handia zegoen sarrerak lortzeko, eta asko izan ziren sartu gabe gelditu behar izan zutenak. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Julio Soto Miren Amuriza Andoni Egaña Amets Arzallus Maialen Lujanbio Jon Maia
Azken urteotan Jon Maia aritu izan da gaiak jartzen. Aurtengoan, ordea, kantuan jardun da bera, eta Unai Elizasuk jarri ditu gaiak. Ohikoa duen eran, ariketa bereziak eta ofiziokako eta bakarkako lanak tartekatu zituen Unai Elizasuk. Hasteko, bertsolari bakoitzak bere agurra bota ondoren, puntuka jarri zituen seiak, gaua nola bukatuko ote zen asmatzen. Saio bizi eta umoretsua izan zen; hasiera indartsua jaialdiarentzat.
Dena den, agian, jaialdiko une gorena hurrengo ariketan iritsi zen. Miren Amuriza eta Andoni Egaña jarri zituen lanean, eta doinua ere esan zien: Naufragoarena. Izarrei buruz kantuan jarri zituen Miren eta Andoni, eta saio bikaina osatu zuten biek, doinua zaila izan arren.
Ondoren, ofiziokako lan gehiago iritsi ziren. Ametsek eta Jonek, Zumaiarrak izanik, Aberri Egunean Zumaian izandako giroaz kantatu zuten: ikurriñak baino Zumaiako bandera gehiago omen zeuden. Ondoren, Maialenek eta Juliok itsasoari buruz egin zuten bertsotan, baina erromantizismo guztia kenduz. Saio umoretsu eta dotorea osatu zuten biek.
Ofiziokako lanen ostean, bakarkakoak iritsi ziren. Andoni Egaña hasi zen. Gauez, parrandan ari zela, gazte batzuek grabatu eta bere irudiak interneten jarri zituztela esan zion Unaik. Andonik ondo eman zion egoerari buelta.
Maialenen txanda iritsi zen gero. Andoni eta bera Amerikan ibili direnez, egoera aprobetxatu eta zera galdetu zion Unai Elizasuk: zer egingo dute atzekoek Amerikan? Saio ona izan zen hau ere.
Ametsek eta Andonik bi anairen larrutik kantatu zuten ondoren, etxeko ohiko eszena bati buruz: familia telebistaren aurrean eta denak ixilik. Orain, beraiek gabe ere, aita eta ama halaxe ikusten omen dituzte. Lurreko Telebista Digitala gaitzat hartuta kantatu zuten biek, umorez.
San Telmoetako saioa izanik, arrantzalez jantzita atera ziren oholtzara Amets eta Jon. Jon Maiari horri buruzko gaia jarri zion bakarka aritzeko Unai Elizasuk: beste urte batez alkandora plantxatzen ari zen Jon. Saio ona egin zuen zumaiarrak.
Julio eta Mirenen txanda iritsi zen ondoren. Elkarrekin ligatu eta Zumaiako hondartzan zeuden. Juliori itsasoak hankak bustitzen zizkion, baina ez zekien Mireni nola esan. Umorez jardun ziren biak gai honekin.
Sei bertsolarietatik lau BECen finalista izanik, finalari buruz ere kantatu zuten bertsolariek. Zumaiako "Baleike" aldizkariak elkarrizketa egin zien Ametsi eta Joni, eta anekdota bitxi bat kontatu zuten: Barakaldoko finalean Maialenek hiru platano eraman omen zituen, eta beraiei eman omen zizkien bi. Azkenean, platanoa jandakoak gelditu ziren lehenengo hiru postuetan. Unai Elizasuk egoera horretatik abiatutako gaia jarri zien: Kanariar Uharteetako Gobernuak kamioikada bat platano bidali omen du hirurentzat. Umoren kantatu zuten.
Sei bertsolariak jarri zituen lanean, ondoren, Unai Elizasuk, puntuei erantzuten. Helburua bakoitzak ahalik eta puntu gehien erantzutea zen, eta lehian aritu ziren bertsolariak. Joko handia eman zuen ariketa honek.
Maialen eta Jon BECeko finalaz aritu ziren gero, txapeldunaren izena entzundakoan elkarri emandako besarkadari buruz hain zuzen ere. Umorez osatu zuten saioa.
Bukatzeko, gainerako lauak puntuka aritu ziren.
Saio ona eta bizia izan zen Zumaiakoa, eta entzuleak gustura joan ziren etxera.