Ane Labaka, Hernandorena Sariko txapelduna 2010-04-14

"Etorkizunean badakit ez naizela bertso mundutik oso urruti ibiliko"

Hernandorena Saritik deitze hutsak "ilusioa" egin ziola aitortzen du, eta joan aurretik txapelik espero ez zuen arren gauzak ondo eginda aukerak izan zitzakeela iruditzen zitzaion. Txapela "aurrera jarraitzeko indarra" izan daitekeela dio.
 Larunbatean jokatu zen Hernandorena Sariko finala, Muskildin. Ane Labaka lasartearrak jantzi zuen txapela. Bere atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren, Aimar Karrika, Eneritz Arzallus, Maiana Irigoien, Ximun Cazaubon eta Izar Mendiguren.

 Ane Labakak aitortzen du Hernandorena Saritik deitzeak berak "ilusioa" egin ziola. Txapelari dagokionez, joan aurretik ez omen zuen janzterik espero: "anekien dakidan bezala kantatuz gero aukerak izango nituela baina ez nuen txapela espero. Ez dakit dakidan bezala aritzea espero nuen ere. Egun bateko gauza da eta horrelakoetan ezin da jakin."

 Hala ere, behin saioa bukatu ondoren, bere buruarekin "gustura" geratu zela onartzen du, eta aurrean ibiltzeko aukerak zeuzkala ohartu zen, txapela argi ikusi ez arren. "Azkena izan nintzen eta beraz ezin izan nituen besteen kartzelako lanak entzun, beraz, ez nekien nola jardun ziren."

 Eskolarteko Txapelketan aurrean ibili da azkeneko urte hauetan. Dena den, ez daki ziur Hernandorena Sariko txapelak ze balio daukan. Hala ere, "motibatzeko" balioko diola uste du: "aurrera jarraitzeko indarra izan daiteke."

 Bat-bateko jardunaz gain, idatziz ere aritzen da Ane Labaka, eta sari ugari eskuratu ditu era honetan. Plazan ere saio batzuk egiten ditu. Hala ere, ez daki etorkizunean bertsolari izango ote den: "Egia da bertsotan jarraitzea gustatuko litzaidakela baina auskalo. Oraingoz bertsotan jarraitzeko asmoa daukat. Etorkizunean ez dakit kantatzen, entzuten edo zertan baina badakit ez naizela bertso mundutik oso urruti ibiliko."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri