"Bertsormena. Landu sormenaren alderdi komunikatiboa" da aurtengo ikastaroaren izenburua eta "bertsoaren alderdi komunikatibo zenbaiten kontzientzia hartzea eta perfekzionatzea" ditu helburu. Ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean izango da.
Urteak dira Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta UEUk elkarlanean ikastaroak antolatzen dituztela udan. Iazko hutsunearen ondoren, aurten ere Bertsolantegia antolatu dute, ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean, Eibarko UEUren egoitzan. Aurtengo ikastaroak honako izenburu hau dauka: "Bertsormena. Landu sormenaren alderdi komunikatiboa". Helburua, berriz, honako hau da: "bertsoaren alderdi komunikatibo zenbaiten kontzientzia hartzea eta perfekzionatzea". Ikastaroa irakasle, bertsolari, idazle, aurkezle eta oro har hobeki komunikatu nahi duen edonori zuzenduta dago. Honako hau izango da egitaraua:
EKAINAREN 30a, ASTEAZKENA
Ideiak eta diskurtsoak sortzen
9:00-11:00 Andoni Egaña: Ipuingintza, zutabegintza eta bertsotan gai bati bakarka kantatzea. Zer dute komunean? Zertan lagun dezake baten teknikak bestean?
11:30-13:30 Xabi Paia: Nola landu irudimena? Ideien iturriez eta originalitateaz: almazena eta sorkuntza
14:00 Bazkaria
16:00-18:00 Ateliera: Andoni Egañak eta Xabi Paiak proposatutako ariketa praktikoak
UZTAILAREN 1a, OSTEGUNA
Komunikazio paratestualaz
9:00-11:00 Jon Maia: Kantatzetik kantatzera. testuaren interpretazioa kanta eran. Doinuaren, erritmoaren eta bolumenaren kudeaketa
11:30-13:30 Ander Lipus: Pertsonaiaren larrutik; gorputz adierazpena
14:00 Bazkaria
16:00-18:00 Jon Maiak eta Ander Lipusek proposatutako ariketa praktikoak
UZTAILAREN 2a, OSTIRALA
Jende aurrerako taktikak eta estrategiak
9:00-11:00 Joxerra Garzia: Jende aurrean nola komunikatu hobeto. Taktikak eta estrategiak
11:30-13:30 Joxerra Garzia: Jende aurrean nola komunikatu hobeto. ariketa praktikoak
14:00-18:00 Bertso bazkari esperimentala: Julio Soto eta Beñat gaztelumendi. Ikastaroan zehar ikusi eta landutakoaren araberako ariketak egingo dituzte bertsolariek, gai-emaileak proposatuta
Izena eman nahi izanez gero sartu
UEUren web orrian. Matrikulatzeko epea maiatzaren 10etik ekainaren 20ra bitartekoa izango da. Prezio arrunta 163 eurokoa bada ere, ikasle, langabe eta erretiratuak 138 eurotan matrikula daitezke. UEUko bazkideak, berriz, 122 eurotan. Dena den, bestelako laguntza batzuk ere badaude. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker unibertsitateko ikasle langile eta langabeek (Bizkaian erroldatuek) dohakoak izango dituzte matrikula, joan-etorria eta ostatua. Horrez gain, unibertsitateko ikasle-ohi bizkaitar langabeek ere dohainik izango dituzte. Donostiako Udalak emandako laguntzari esker, berriz, donostiar orok dohainik matrikulatu ahal izango du. Gainera, beste hainbat udalek ere diru-laguntzak ematen dizkiete herritarrei. Laguntza hauen nondik norakoak ezagutzeko eta zein paper aurkeztu behar diren jakiteko sartu
UEUren web orrian.