Pedro Mari Otañoren omenez 2010-04-19

Saio hunkigarria eskaini zuten Anjel Mari Peñagarikanok eta Xabier Amurizak

Bertsolari zizurkildarraren bertsorik onenak kantatu zituzten bere omenez egindako saioan. Batez ere idatzitako bertsoak kantatu arren, bat-bateko bertsoak ere erakutsi zituzten ordu t`erdiko emanaldian. Entzuleak oso gustura gelditu ziren.
 Joan zen ostiralean bertso-saio berezia izan zen Zizurkilen. Aurten 100 urte beteko dira Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarra hil zenetik, eta, urteurrena gogoratzeko, Xabier Amurizak eta Anjel Mari Peñagarikanok "Otaño, atzerriko oroi-mina" ikuskizuna eskaini zuten.

 Ekitaldian Pedro Mari Otañoren bizitza kontatu zuten ordena kronologikoan. Bere bizitzak gertakari nagusiei buruz idatzi zituen bertsoak kantatu zituzten. Pedro Mari Otaño, izan ere, bertso jartzailea izan zen nagusiki. Bat-batean ere ondo moldatzen zen arren, ahotsak ez zion plazan aritzeko adina laguntzen. Bere ezagunek "kattarro" ezizenez ezagutzen zuten horregatik. Bat-batean ere bertso ezagunak osatu zituen, dena den, eta horiek ere kantatu zituzten Xabier Amurizak eta Anjel Mari Peñagarikanok.

 Hala ere, idatzizko bertsoek izan zuten pisurik handiena ostiraleko ekitaldian. Pedro Mari Otañoren sortarik ezagunenak kantatu zituzten: "Limosnatxo bat", "Txepetxarena", "Lagundurikan danoi", "Mutil Koxkor bat", "Zazpi ahizparen gain dan oihala"... Bere bertsogintzan, agian, herri-minari jarritako bertsoek izango zuten pisurik handiena: Pedro Mari Otañok bitan joan behar izan zuen Amerikara, lanera, artzain, eta han hil zen orain dela 100 urte. Euskal Herriarekiko urruntasunak beti eragin zion mina barruan, eta herri-min horri jarriak dira bere bertsorik ezagunenak, beharbada.

 Ekitaldi hunkigarria izan zen ostiralekoa, eta publikoaren artean malkoren bat ere ikusi zen saioan zehar.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri