Aurten hamargarren edizioa ospatuko dute. Joan zen ostiralean bertso-afaria egin zuten Jexux Mari Irazu eta Aitor Sarriegik, eta bertsopaper lehiaketako sariak ere banatu ziren. Bertso musikatuak eta bertso jaialdia ere izango dira aurten.
Altzako Bertso Asteak 10 urte beteko ditu aurten. Unai Elizasuk azaltzen duenez "Altzan erreferente izaten den saio bakarra zegoen, Santa Ixabeletan egiten dena. Orain dela 10 urte hasi ginen, Kultur Etxearekin, hitzaldiak, umeentzako ekitaldiak, emanaldi bereziren bat eta bertso afari bat egiten. Helburua da bertsoak Altzan urtean zehar tarte bat edukitzea Santa Ixabeletako saio horretaz gain. Bertako jendeak badaki horren berri eta kanpotik geroz eta jende gehiago hurbiltzen da. Gainera, antolakuntza taldean ere geroz eta jende gehiago ibiltzen gara. Hazten doan zerbait da, nahiz eta Altzak dituen mugak ezagutu."
Joan zen ostiralean hasi zen aurtengo Bertso Astea. "Kopuruz ez nago ziur baina uste dut 80-100 lagun hurbildu zirela. Azken urteotan bertso-afari hori urtero mantendu izan da, eta urtetik urtera maiztasun horrek eta data igualtxuetan egiteak erreferente bihurtu dute. Saioa mimatu egiten da eta jendea hurbiltzen denez, bertsolariak eta entzuleak oso gustura egon zirela badakit." Bertso-afarian bertan banatu ziren bertsopaper lehiaketako sariak: "Bertsopaper lehiaketan dozena bat partehartzaile izan dira. Bi gai eduki dituzte, bata gai librean eta bestea, aurten Altza Donostiarekin elkartu zeneko urteurrena denez, horren harira ipini genuen. Iñigo Legorburuk irabazi zuen, Txirrita berpiztu izanaren parodia eginez bederatzi puntukoan. Afaritan kantatu ziren eta kantatzeko atseginak dira bertsoak."
Dena den, aurtengoa ez da ostiraleko saioarekin bukatuko. Ostiral honetan ere bertso-saioa izango da, bertso musikatuak hain zuzen ere, Nido tabernan. Egoitz Aizpuru gai-jartzaile dela, honako bertsolari hauek kantatuko dute, gaueko 22etatik aurrera:
Jokin Labayen
Iñaki Apalategi
Uxue Alberdi
Ainhoa Agirreazaldegi
Aurtengo ekitaldia bukatzeko, berriz, bertso jaialdia egingo da ostiralean, arratsaldeko 18etan, plazan. Honako bertsolari hauek kantatuko dute bertan:
Amets Arzallus
Andoni Egaña
Jon Maia
Maialen Lujanbio
Unai Iturriaga
Unai Elizasu bera arituko da gaiak jartzen. Dioenez, Altzan "bertsozale taldetxo bat" ba omen dago: " Oso eremu berezia da hau. Jende askoren ustez Altza Donostiako auzo bat da, erdalduna, eta halako lekuetan euskaldunok badugu halako gune bat, bilgune moduko bat, indar bat. Santa Ixabeletan etorri izan den bertsolaria harrituta gelditu izan da zenbat entzule, zenbat entzule on inguratzen diren ikusita. Ondo mimatua dago saio hori, eta Bertso Astean ere uste dut hala egiten dugula. Eremu txiki hauek beti izaten dute indar berezi bat."