Bertsogintza ez du guztiz utzi, eta bertsoaz asko gozatzen duela dio. 2010era begira Transmisioan, lehenengo, eta Ikerkuntzan, bigarren, egongo dira Bertsozale Elkartearen proiektu nagusiak. Mintzolak beste genero batzuekin harremanetan jartzeko balio izan duela uste du, antzerkiarekin nagusiki.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria da Iñaki Murua. Baina, lehendakari izan aurretik, bertsotan ibilbide oparoa zeukan osatua, bai plazan eta baita txapelketetan ere. Gaur egun besteek egindakoa gehiago gozatzen duela dioen arren, oraindik ere egiten ditu plaza batzuk. "Bertsoa gozatzen dut eta urte askotan gozatu izan dut. Baina boladak izaten dira gorputzaldia edo aldartea egokienak ez direnak. Halakoetan ikusten baduzu aurrekoa ez sufritzen ari dela ez zelako asmatzen ari, hori ere tristea da. Baina pozik ibiltzen naiz."
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen sorreran bertsolariek partehartze aktiboa izan zuten, eta gaur egun ere zenbat bertsolari aritzen dira Elkartean borondatezko lanean. Hala ere, bertsolariek beste zeregin batzuk ere bete behar dituztela uste du: "Bertsolariek, hasteko, bertsolaritzari eta bertsogintzari eman behar diote. Elkartea antolatzeko bitarteko bat da, eta bere zeregina oso garrantzitsua izan aren bertsolarien eginkizuna gehiago da bertsotan egitea, sortzaile izatea eta gizarteari eskeintzea dakiten hori. Elkarteari? Hori norbere baitan dago. Eman behar liokete plazetako esperientzia hori, belaunaldi batetik besterako transmisioa egitea eta sortze hori. Elkartean, borondatez ari garenok bezala bat gehiago izan nahi badu, fenomeno."
Gaur egun Bertsozale Elkartearen egoeraren analisi baikorra egiten du: "Bere lau sailak ondo antolatuta, jendea lanean gogotsu (...), zer egin nahi duen argi duela eta jendea lanerako borondate eta ahalmen osoz ikusten dut."
Joan zen martxoaren 27an egin zuen Bertsozale Elkarteak bere batzar nagusia, Senperen. Aukeran luzeegia izan zela irizten dion arren balorazio ona egiten du: "Jendez egoki egon zen, giroz ere bai. Partehartzeari dagokionez, ohiko Batzar Nagusi bat izan zen. Ondoren harremanak berritzeko eta goxatzeko aukera izan zen, eta proposamen berriak ere entzun genituen. Elkarte honen berezitasunetako bat horixe da: urte guztian proposamen berriak egiteko aukera dagoela eta, zorionez, egin egiten direla."
Hilabete batzuk igaro dira Bertsozale Elkarteak bere egoitza Donostiatik Villabonara, Subijana Etxera, aldatu zuenetik: "Donostian hasieran etxe zoragarri bat izan genuen, gero, zoritxarrez, bakar-bakarrik geratu zena. Gero eduki dugu egoitza behe batzuetan, eta begiko eta buruko minez bukatzen genituen bilera gehienak. Hau bikaina da, baina lanerako da; ez da luxua."
Subijana Etxea Mintzolaren kokaleku ere bada, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ere parte hartzen du Mintzolan. Gainerako generoekin izandako harremanaz galdetuta, halaxe dio Iñaki Muruak: "Nagusiki antzerki munduarekin izan ditugu harremanak eta oso pozik gaude. Batzuetan iruditzen zaigu gure xumean ahal duguntxoa egiten ari garela, eta ingurutik ikusten gaituzte puztutako puxika baten irudiarekin, eta uste dut ez garela hori. Dakiguna eta daukaguna besteekin konpartitzeko borondate osoa daukagu, eta antzerkizaleen esparru horretatik horixe iritsi zaigu eta oso gustura gelditu gara. Horretaz aparte Trikitilari Elkartearekin bere garaian hasiera bat eman genion eta oraindik ez daukagu ahaztuta. Horrez gain zenbait elkarte etorri izan zaigu informazio trukean: AEK, Emun... Oso interesgarria ari da izaten."
2009a urte bizia izan zelakoan dago: "Txapelketa Nagusiarekin sekulako abiada hartzen du Elkarteak. Oso ongi atera da. Ekipo gazte eta berri bat aritu da, kasu ia denetan, eta hor eman duen maila esperientzia gutxirekin emateko gaitasuna ez dauka edozeinek."
2010eko egitasmoari begira, bi sailetan egingo den lana azpimarratzen du: "2010ean Transmisioa da apustu nagusia. Antolatze orokor bat egiten ari gara, ikusten nola itxi bluke osoa. Hezkuntzan buru-belarri ari gara. Baina hezkuntza bere horretan herren geratzen da, bertso-eskoletan ez badu segidarik ez du indarrik hartzen. Bertso-eskolak indartu, antolatu nahi ditugu. Hirugarren urrats bezala erantsi beharko litzaioke aisialdia, bere atal guztiekin (udalekuak...). Erantsi beharko genioke Euskaltegien atala ere. Beharbada laugarren urratsa izango litzateke Bertso Etxearena: bertsoarekin interesatuta dagoenarentzat kiroletarako goi-mailako espazio baten moduko bat. Sustapenak ere urteroko jarduna hor dauka, bere Bertso Egunak eta bere saioekin. Nik uste Transmisioaren ondoren garrantzitsuena Ikerketa izango dugula. Batipat orain hemen gaudenez, gure esparruaz gain beste genero batzuek ere parte hartzen dute etxe honetan eta proiektu honetan, eta horiekin batera Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egoera, etorkizunari begira ze zabaltze, ze berritze, ze egokitze izango duen erabakitzea eta ikerketan jardutea unibertsitateekin batera."
Transmisioan ikastetxe eta ikasle askorengana iritsi da bertsolaritza. "Arrakasta" horren gakoak hezkuntza sisteman bertan aurkitzen ditu Iñaki Muruak: "Nik uste erraza dela bertsolaritzak arrakasta izatea, hezkuntza oso zurrun antolatuta dagoelako. Uste dut ikasleak nahiko aspertuta dauzkagula, eta bertsolaritza bezalako gauza inprobisatu bat, irakaslea baino ikaslea hobea izateko aukera ematen duena... Arrakasta izatea normala da."
Aurreko elkarrizketaren batean esan zuen
bertsolaritzak sortzaileak eman behar dizkiola gizarteari. Dena den, azken hilabeteetan eta Txapelketa Nagusiaren ondoren, nagusiki, zenbait kritika ere entzun izan dira, bertsolariek ahots bakarra dutela edo denek ikuspegi bera daukatela diotenak. "Ados nago ahots kritiko horiekin: iruditzen zait saio batzuetan, oso maila altuko saioetan, bertsoak hartuz gero irudiak kenduta trukagarriak zirela, denok proposamen berdintsua egiten ari gintzaizkiola entzuleari. Orain badator berrikuntza: bakoitzak barrutik kantatzea. Ikusiko dugu zertan bukatzen duen, baina uste dut gauza batek bestearekin ez daukala zerikusirik. Bertsolaritza gizarteari sortzaileak emateko baliabide izan behar du; sortzaileak eta ekintzaileak behar ditugu. Iruditzen zait gizartea gehiegi ohitu dela sarrera ordaindu eta besteek egindakoaz gozatzen, berak egindakoa ausarki jendearen aurrean aurkezten baino."
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hasierako urteetan aipatu izan zen bertsoaren ekosistema hauskorra zela. Horregatik, errezeloz begiratu izan zioten telebistan gehiegi ateratzeari. "Orain iruditzen zait eskuetatik joan egin zaigula hori. Edozein saiotan, zuk batere ez dakizula nahikoa da eskuko kamara txiki batekin grabatzen aritzea eta Youtuben edo Facebooken daukazu zu etxera iritsi aurretik. Non daude sortzailearen eskubideak? Non daude pribatutasunaren eskubidea? Non dago hauskortasuna zaindu beharra? Gogoeta eskatzen du, nora garamatzan ikustea, baina ez dut uste bertsolaritzarekin bakarrik gertatzen denik hori. Ez dut uste kontziente denik gizartea egiten ari denaz."
Elkarrizketa osorik laster izango da ikusgai Bertsoa.com-en.