Arabako Finalari buruzko elkarrizketa 2010-05-06

"Sentsazioak oso positiboak izan dira"

Larunbatean jokatuko da Arabako finala, Gasteizen. Bertsoa.com-ek zuzenean elkarrizketatu zituen finalean idatziz edo bat-batean ariko diren 5 bertsolari eta Asier Lafuente, koordinatzailea. Honako hau da bakoitzaren aurkezpena.
 Datorren larunbata egun berezia izango da Arabako bertsozaleentzat. Gasteizen jokatuko dira Bertso-Sorta Kolektiboen Lehiaketako eta Kuadrillen Arteko Bertso Txapelketako finalak, Landatxo Kiroldegian.

 Bertsoa.com-ek atzoko zuzeneko elkarrizketa Arabako Finalari eskaini zion. Hala, idatziz zein bat-batean finalean jardungo diren 5 bertsolari eta Asier Lafuente, koordinatzailea elkarrizketatu genituen.

 Bertso-Sorta Kolektiboen Lehiaketan Aramaio, Gasteizko Aldapazaleak eta Gasteizko Martin Ttipi ariko dira finalean. Aramaio eta Gasteizko Aldapazaleak taldeetako ordezkariak izan genituen gurekin. Aramaioko taldean 16 bertsolarik hartzen dute parte eta Tere eta Xabier hurbildu ziren beraien berri hurbiletik emateko. Biak bertsozaleak eta kantuzaleak izaki, segituan erabaki omen zuten txapelketan parte hartzea, bazkaloste batean. Aldapazaleak taldetik Iñigo etorri zen. Mintzalagunen taldean aritzen da, eta taldetik iritsi omen zitzaien lehiaketan parte hartzeko proposamena. Aitortzen du bertsoak telebistaz soilik jarraitu izan zituela lehenago, eta finala "bataio" moduko bat izango dela beraientzat.

 Kuadrillen Arteko Txapelketan bi talde ariko dira finalean: Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aramaio. Kakiturri-Eharitik Rikardo Gonzalez de Durana hurbildu zen. Arabako bertsogintzan aurpegi ezaguna da Rikardo, 1982an Elkartea sortu zenean bertan parte hartu baitzuen, eta banakako hainbat txapelketetan aritu izan baita. Manex Agirre aramaioarra ere aurpegi ezaguna da, azken urteotan Arabako finalista izan baita.

 Asier Lafuente aritu da aurten Koordinatzaile lanetan. Txapelketarekin batera iritsi zen Arabako Bertsozale Elkartera eta sentsazioa oso positiboak izan direla nabarmentzen du, taldeen artean "ilusioa" handia izan baita.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri