"Txapelketa honek eduki duen gauzarik onenetako bat jendearen inplikazioa da"
Taldeka lan egiteko modu ezberdinak dituzte bertso-sortetan. Batzuetan sorkuntza kide bakarraren esku geratzen da eta besteetan denen artean osatzen dituzte sortak. Bat-bateko partehartzaileei lagundu egiten omen die taldeka aritzeak.
Datorren larunbata egun berezia izango da Arabako bertsozaleentzat. Gasteizen jokatuko dira Bertso-Sorta Kolektiboen Lehiaketako eta Kuadrillen Arteko Bertso Txapelketako finalak, Landatxo Kiroldegian.
Bertsoa.com-ek atzoko zuzeneko elkarrizketa Arabako Finalari eskaini zion. Hala, idatziz zein bat-batean finalean jardungo diren 5 bertsolari eta Asier Lafuente, koordinatzailea elkarrizketatu genituen.
Bertso-Sorta Kolektiboen Lehiaketan Aramaio, Gasteizko Aldapazaleak eta Gasteizko Martin Ttipi ariko dira finalean. Aramaio eta Gasteizko Aldapazaleak taldeetako ordezkariak izan genituen gurekin. Aramaioko taldean 16 bertsolarik hartzen dute parte eta Tere eta Xabier hurbildu ziren beraien berri hurbiletik emateko. Biak bertsozaleak eta kantuzaleak izaki, segituan erabaki omen zuten txapelketan parte hartzea, bazkaloste batean. Aldapazaleak taldetik Iñigo etorri zen. Mintzalagunen taldean aritzen da, eta taldetik iritsi omen zitzaien lehiaketan parte hartzeko proposamena. Aitortzen du bertsoak telebistaz soilik jarraitu izan zituela lehenago, eta finala "bataio" moduko bat izango dela beraientzat.
Kuadrillen Arteko Txapelketan bi talde ariko dira finalean: Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aramaio. Kakiturri-Eharitik Rikardo Gonzalez de Durana hurbildu zen. Arabako bertsogintzan aurpegi ezaguna da Rikardo, 1982an Elkartea sortu zenean bertan parte hartu baitzuen, eta banakako hainbat txapelketetan aritu izan baita. Manex Agirre aramaioarra ere aurpegi ezaguna da, azken urteotan Arabako finalista izan baita.
Asier Lafuente aritu da aurten Koordinatzaile lanetan. Txapelketarekin batera iritsi zen Arabako Bertsozale Elkartera eta sentsazioa oso positiboak izan direla nabarmentzen du, taldeen artean "ilusioa" handia izan baita.
Aurtengo Arabako Txapelketaren ezaugarri nagusia da taldeka aritu direla bertsolariak, bai idatziz eta bai bat-batean.
Idatziz sortak osatzeko era ezberdinak daude. Aramaioko taldean sorkuntza kide bakarraren esku geratzen da eta denen artean kantatzen dituzte ondoren. Gasteizko Aldapazaleek, berriz, denen artean osatzen dituzte bertsoak ere, oso era naturalean ateratzen omen zaie.
Bat-bateko txapelketan ere taldeka aritu dira bertsolariak. Rikardok eta Manexek aitortu dute gustatu zaiela taldeka aritzea, taldekideen akatsak eta arrakastak ere konpartituak direlako. Manexek onartu du presio apur bat ere gehitu dezakeela hainbeste gauza zaindu beharrak, baina berari arnasa eman diola aurtengo txapelketak.
Asierrek nabarmendu du bertsolariek osatu dituztela taldeak bat-batekoan, beraiek bilatu behar izan dituztela sukaldari, kamarero, epaile, gai-jartzaile eta grabatzaileak ere. Herrietan horrek arrastoa utziko duela dio, eta zenbait talde hasi direla txapelketaz kanpo ere saioak antolatzen.
Bertso-txapelketetan bertsolariak beti banaka nabarmendu izan dira, baina, aurtengoan taldeak izango du garrantzia. Manexek dioenez bidea bikoitza izango da. Entzule eta bertsolarien arteko harremana askoz horizontalagoa da, eta, era honetan, lehen baino jende gehiagorengana iristea lortu dute.