Maialen Lujanioren hitzaldia Zarautzen 2010-05-13

"Nahi duenerako bidean"

Bertsotan egindako bideaz aritu zen eta bertsolariak "inertziei" ihes egiteko egiten duen ahaleginaz. Juan Luis Zabalak kronika bat eskaini dio Berrian.
 Joan zen asteartean Maialen Lujanbiok hitzaldi bat eskaini zuen Zarautzen, Azken Portuko II Literatura Astearen barruan. "Bertsoaren lantegia" izan zen hitzaldiaren izenburua, eta bertan orain arte egindako bideaz aritu zen Maialen Lujanbio. Juan Luis Zabalak hitzaldiari buruzko kronika bat egin du Berriarako.

 Maialen Lujanbiok azaldu duenez, bertsolaria ez da erabat aske izaten: bat-batean ari da, errimen mende dago, neurriaren mende, denboraren mende, gaiaren mende, bertsolagunaren mende, aurrean daukan "publiko orokorraren" mende... Horregatik, askotan "inertziaz" lehen planoko ideiak nagusitu ohi dira. Topiko eta estereotipoak izaten dira "interes gutxien daukatenak".

 Azaldu zuenez "bertsolariak ardura soziala sentitzen du bertsoetan esaten duenaren gainean, eta askotan norberaren ideologiak sorkuntzari traba egiten dio". Gauzak horrela, bertsolariak, bere ideologiari jarraituz, estetikoki oso ederrak diren bertsoak baztertzen ditu, ez dutelako berak pentsatzen duena esaten.

 Nagusiki bakarkako lanetan erabiltzen duen estiloaz ere aritu zen Maialen Lujanbio: "estilo narratibo-deskriptiboaz". Ezintasun batetik sortu omen zen estilo horren beharra: neurri luzeetan bertsoak betetzeko zailtasunak omen zeuzkan, eta pixkanaka puntu bakoitzean zerbait garrantzitsua esaten hasi zen, harik eta bukaerako pisua bertso osoan banatu zen arte.

 Azkenik, bere bertsogintzan izandako 4 aroak bereizi zituen. Lehendabiziko aroa 1997ko Txapelketa Nagusira artekoa izan omen zen. "Ahal zuena" egiten omen zuen ordura arte eta estilo argumental batean aritzen zen, gainerako bertsolarien moduan.

 2001eko Txapelketa Nagusiak aldaketa ekarri zuen, ordea. "Estilo narratibo-deskriptiboa" erabiltzen hasi zen bakarkakoetan, eta horrek bide bat zabaldu zuen.

 2005erako estilo hori "estetikoegia eta formalegia" bilakatu omen zen, eta zerbait berria bilatzeko inflexio-puntua izan omen zen Txapelketa Nagusi hura.

 2009ko Txapelketa Nagusian "lurrera" etortzen saiatu dela dio: gaiaren atzean dagoena bilatu eta beregana ekartzera. Estiloa "lehorragoa" omen da.

 Hitzaldia osorik entzun nahi izanez gero, sartu "Azkenportu.net"-en eta bertatik deskargatu dezakezue.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri