Biobertsosaioa egin zuten asteazkenean Leioan 2010-05-17

"Umorezko saioa izan zen"

Uxue Alberdi aritu zen bertsolariei gaiak jartzen. Biologiari lotutako gaiak gai sozialagoekin lotu zituzten, pantaila bat atzean zutela. Andoni Egaña, Amets Arzallus, Jon Maia eta Maialen Lujanbiok kantatu zuten.
 Joan zen asteazkenean bertso-saio berezia egin zuten Leioan, Zientzia eta Teknologia fakultatean: Biobertsosaioa. Honako bertsolari hauek aritu ziren gaiak jartzen:
 
 Andoni Egaña
 Amets Arzallus
 Jon Maia
 Maialen Lujanbio

 Uxue Alberdi aritu zen gaiak jartzen. Euskalnatura Elkarteak antolatu omen zuen saioa, eta gaiak prestatzeko haien laguntza izan omen zen Uxuek. Gaiak biologiako atal ezberdinei buruzkoak izan ziren: antropologia, ekologia, etologia, zoologia, geologia... "Betiere, bertsolariak eroso sentitzeko moduko gaiak izan ziren, gai zientifikoak gai sozialei eta pertsonalei lotuz. Umorezko saioa izan zen, batik bat, pena, eguerdiko 12etan zela, gaueko 12etan izan balitz katxondeo hutsa litzateke."

 Balorazio ona egiten du, beraz, Uxue Alberdik: "Lehenengo esperimentua izateko bertsolariak eroso sentitu zirela uste dut. Ikasleak bildu ziren, batik bat, eta bai antolatzaileak bai entzuleak pozik gelditu zirela esango nuke." Hala, datorren urtean errepikatzekotan geratu omen ziren.

 Publikoan zeuden gehienak ikasleak ziren, beraz, eta gaietan biologiak presentzia handia zeukan. Hala, bertsolariek gaien inguruan gutxiago zekiten entzuleek baino. Tarte hori murrizteko ere moldatu ziren, hala ere: "Batzuetan bertsolarien (eta gai jartzailearen ;-) ignorantzia saioaren mesedetarako erabiliz, adibidez, Oxychilus basajauna edo Tilodina perversa espezieak deskribatzeko eskatu genienean. Pantaila bat erabili genuen saio osoan, eta ariketa horretan animalia espezie horren argazkia ikusten zuten entzuleek bertsolariek kantatzen zuten bitartean. Pentsa Jon Maia Lizasoren bizarrean bizi ziren arkakusoak deskribatzen ari zen bitartean entzuleak pantailan barraskilo bat ikusten ari zirela. Animalien munduak eta naturak, oro har, metaforetarako eta konparaziorako joko handia ematen du eta, beste askotan, gai sozialei buruz kantatzeko aitzakia gisa erabili genuen biologia. Bideoak eta argazkiak erabili genituen saioa dinamikoagoa izateko."

 Uxue Alberdi bertsotan ezagutu izan dugu orain arte. Gai-jartzaile lanetan "urduri" aritu zela dio: "Bertsotan saio baten ardura proportzionalki banatzen da bertsokide guztien artean, baina gai-jartzen saioaren ardura handiago sentitzen nuen. Ariketa polita da, eta ondo pasa nuen, baina nahiago bertsotan. Hori bai, gai-jartzaileen lana baloratzen erakusten du!"

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri