Mendeurreneko ospakizunen barruan 2010-05-17

Jaialdi berezia Zizurkilen, Otañoren bertsoak abiapuntu zirela

Anjel Mari Peñagarikano (Otaño) eta Xabier Amurizak aurkeztuta, sei bertsolari aritu ziren kantuan eta errezitatzen: Jon Maia, Amaia Agirre, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga, Amets Arzallus eta Xabi Paya. Hernandorena Kultur Taldeak antolatutako ekitaldia izan da, Otañoren mendeurreneko ospakizunen barruan.
Otañoren bertso eta bizitzako gertaera nagusiak gaur egunera ekarrita bertso saio berezia egin zuten Zizurkilen, joan den larunbatean, Hernandorena Kultur Taldeak antolatuta. Sei bertsolari aritu ziren kantuan: Jon Maia, Amaia Agirre, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus eta Xabier Amuriza eta Angel Mari Peñagarikano gai-jartzen. Angel Mari Peñagarikanok Otaño pertsonifikatu zuen saio osoan, bere traje eta guzti jantzita. Amurizak Otañoren bizitzaren eta bertso bidearen klabeak ematen zituen eta Peñagarikanok bertsoak kantatu. Gaiak, ordea, gaur egunera ekarriak ziren: Euskal Herritik aldegin beharra;  "ez dugu arrazoirik/gutxi garelako" zion Otañok, Amurizak euskaldunok  arrazoirik ez izateko zer beste motibo ote dauzkagun galdegin zien bertsolariei. Mutil koxkor bat saileko bertsoekin berriz, Jon Maiak bertsoak jainkoaren izenean bukatu beharrean, krisiaren izenean bukatu behar zituen. Errezitatzen ere jarri zituzten bertsolariak. Otañok badu Opera baten libretoa idatzia euskararen egoera latzaz. Peñagarikanok buruz errezitatu zuen haren zati bat eta bertsolariak errezitzatzen jarri zituen. Unai Iturriagak berriz, begiak itxita kantatu behar izan zuen, "alaipide ba bakarra daukat/ametsetan sinistia/zu ikusteko noiz nahi asko det/nere begiak ixtia" bertsoaren harira, begiak itxita zer ikusten duen adieraziaz.
Anjel Mari Peñagarikano pozik zen saioak eman zuenarekin,  Bertsoa.com-i adierazi  dionez. Eguraldia oso txarra izanagatik, 300 lagun bildu ziren Zizurkilgo Intxaur frontoian. Tartean, Otañoren bi biloba. Saioa Hitzetik Hortzerak grabatu zuen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri