Tolosaldeko Hitza 2010-05-18
Agurtzane Belauntzaran Tolosaldeako Hitza
Bertsoak idatzi, musika sortu, grabazio estudioan sartu eta Hustukoixkiu! izeneko diskoa atera berri du Alegiako Zazpi Astoren Gainean Bertso Taldeak.
Bertso Eskolako zazpi bertsolarik; Garikoitz Zubillaga, Iker Laso, Iñaki Olano, Mikel Artola, Iker Iriarte, Felix Irazustabarrena eta Beñat Garmendiak egindako kantuak dira.
Guztira hamar bertso sortek osatzen dute argia ikusi berri duen diskoa. Beñat Garmendiaren Hustukoixkiu!bertsoak ematen dio izena diskoari: sagardoa bertsoa lotura bikaina/destinoak uztartu zitun alajaina/ kantuan nor baino nor/edanda nahi aina/proban jarri ohi zuten /norberaren maña. «Sagardotegiak eta bertsolaritza loturik egon dira eta diskoarentzako izen aproposa iruditu zitzaigun» aipatu du Beñat Garmendiak.
Diskoko bertso batzuk, Alegiako Bertso Paper Lehiaketan saritutakoak dira. Besteak, diskorako propio sortuak. Gaiei dagokienean ere «libreak» direla aipatu du Beñat Garmendiak. «Bakoitzak barruan duena hustu du bertso bakoitzean: maitasun istorioak, amona zenari eskainitakoa, elkartean museko partidan gertatua, udaberriko alergiak, Txirritarekin elkarrizketa....»
Musika estilo ezberdinak
Andoni Zubillaga alegiarra arduratu da doinuaz eta moldaketaz. «Diskoan, bertso bakoitzak errima eta estilo ezberdinak ditu» azaldu du Beñat Garmendia bertsolariak. Orain arte ezagutzen diren «bertso musikatuak estilo berdinean egin dira» azaldu du. «Gure diskoan, jazz, country, rumba, kalejira eta musika elektronikoa nahasten dira». Bertso musikatuen, «disko berezia» egin nahi izan dute Alegiako Bertso Eskolakoek.
Musika munduan eskarmentua duten laguntzaileak izan dituztela aipatu du Beñat Garmendiak: «Gozategi taldean eta Alex Ubagoren musikariak diren Imanol eta Iñigo Goikoetxea anaien laguntza izan dugu». Goikoetxeatarrek «asko lagundu» diela azpimarratu du. Imanol Goikoetxeak, gitarra elektrikoa, akustikoa eta ahotsa jarri ditu eta Iñigo Goikoetxeak berriz , baxua, txarangoa eta ahotsa.
Ione Otxoa, anoetarrak ere kolaboratu du diskoan, Heldu eskutik kantuari ahotsa jarri baitio.
Herriko musikariek ere parte hartu dute diskoan. Desordutan taldeko Julen Goikoetxeak perkusioa eta ahotsarekin eta Mirari Mendiazabalek panderoarekin lagundu du. Damaso Zubeldia informatika teknikaria eta argazkilaria izan da.
Diskoaren azala eta diseinua Oskar Gerestia alegiarrarenak dira. Azalean, sagardo kupelak ageri dira izenburuari erreferentzia eginez eta 7 asto.
Bonbereneako estudioan
Plazatik grabaketa estudiorako bidea hartu dute bertsolariek. Bonbereneako grabaketa estudioan 2009ko urrian sartu ziren eta hamabost egunen buruan, grabatu zituzten hamar abestiak.
Grabaketa estudio batera sartzen ziren «lehen aldia» dela aipatu du Beñat Garmendiak. «Bertsolariak plazan inprobisatu egin behar duen moduan, estudio lanean ondo abestea da kontua» azaldu du. Duela 3 urte, herrian bertso musikatuak kantatu zituztenean sortu zitzaien ideia.«Denbora asko eta lan ugari egin dugu, baina oso gustura» daudela esan du
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24