Zuzeneko Elkarrizketak: Amaia Agirre 2010-05-27

"Badaukat gogoa bertso-eskolak distantziatik hartu eta pentsatzeko"

Hezkuntza arautuan eta bertso-eskola ugaritan dabil irakasle gisa, eta horrek bertsotarako apur bat mugatzen duela dio. Taldeak garrantzia izan arren, haurrak indibidualki ere landu behar dira.
 Amaia Agirre bertso-irakaslea da gaur egun. Alde batetik, hezkuntza arautuan egiten du lan eta bertso-eskoletan ere aritzen da beste alde batetik. Helduen eta gazteen bertso-eskolak dauzka bere esku. Dioenez bertsotarako denbora kentzen dio horrek, bere buruari ez diolako behar adina denbora eskaintzen. Hitzetik Hortzeran 8 urte pasa zituen lanean irakaskuntzan hasi aurretik. Dioenez, batzuetan "bertso enpatxoa" sentitzen omen du.

 Aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan bere ikasleren bat finalean ariko da. Inoiz baino lasaiago omen dago. Bere buruari autokritikatxo bat egiten dio hala ere: urte batzuetan anbiziotsuegia izan dela, guraso eta ikasleek horretara bultzata. Horrekin ikasleen zenbait premia ase gabe utzi dituela uste du. Aurreko edizioetan finaletan ikasle bat baino gehiago izan ditu, eta emaitza onak direla eta ospakizun handiegiak egin omen dituzte. Aurten gaztetxoetan ez du talderik aurkeztu, eta horren ordez bestelako jarduera batzuk burutu dituzte: meriendak eta antzekoak. Bere ustez, gaztetxoak askotan babes gutxiegirekin bidaltzen dira publiko aurrera.

 Bertso-eskoletan gakoa talde giroa delakoan dago. Berak, batzuetan, talde-giro hori lortzeko formula bereziak erabili izan omen ditu. Izan ere, bertso-eskola jolas moduan ikusten baitu Amaia Agirrek. Hala ere, atseden hartzeko beharra sentitzen omen du, gauzak distantzia batetik ikusteko. Bertso-eskoletan erabiltzen den metodologia birformulatu beharra nabaritzen du. Zer pentsatua ematen dio 18 urte bete ondoren zenbait ikaslek bertsogintza uzteak.

 Askotan bere material propioak sortu eta erabili omen ditu Amaia Agirrek, baina horiek konpartitutakoan ez omen du uste bezalako erantzunik jaso. Gainera, gaur egun arazo bat ikusten die bertso-eskolei: "askotan hutsune bat betetzeko goaz bertso-eskolara. Horrela ez goaz ondo".

 Talde-giroa da gakoa Amaia Agirrerentzat, baina ikasle bakoitza indibiduo bezala lantzea ere garrantzitsua da bere iritziz. Autoestima eta konfiantza horretan lan egin daitekeela dio.

 Bertso-eskolan haurrek zer ikasten duten galdetuta, "ikasgelan ez daukaten ahotsa edukitzen" ikasten dutela dio. Horrela, ikasleek beren burua neurtu eta indargune eta ahulguneak aurkitzen omen dituzte. Gainera, nortasuna eraikitzeko ibilbidean eragin handia omen dauka bertso-eskolak, ikasleek urte asko pasatzen baitituzte bertan.

 Bertso-eskolan izena ematen duten haur askoren ametsa izango da, beharbada, bertsolari izatea, baina gutxik lortzen dute. Amaia Agirrek dio bere ikasleek ez dutela horrekin arazo berezirik izan. Eduki omen ditu ikasleak jendaurrean aritu nahi izan ez dutenak, baina, gaitasun faltagatik baino gehiago, anbizio faltagatik izan omen da. Gainera, bertsolari izateko modu bat baino gehiago dagoela dio.

"Nire akats batzuk eta nire mamu batzuk agertu zaizikit txapelketetan"

 Amaia Agirreren izena oso lotuta dago Txapelketekin. 2003an Gipuzkoako Txapelketako finalera sartu ondoren, 2005ean Txapelketa Nagusiko finalaren ateetan gelditu zen. 2007an Gipuzkoako Finalean sartzear izan zen, eta azkeneko Txapelketa Nagusian lehenengo fasean gelditu zen kanpora. Emaitzek behera egin dutela uste du, txapelketan zenbait akats eta mamu agertu zaizkiolako. Azkeneko txapelketek konfiantza gutxirekin harrapatu dutela irizten dio. Denari "bai" esateko ohitura izan duela onartzen du, eta horrek bere bertso-ibilbidea aparte uztera behartu izan duela. Horregatik, saio askotara beldurrez joan izan omen da.

 Urte pare batean plaza "asko" egin zituen, baina garai hartan zaila gertatu omen zitzaion plazako jarduna aste barruko lanarekin uztartzea. Ezertan ezin omen zuen %100a eman. Horregatik, bertsotan ez zela nahi zuen puntura iritsi sentitzen du, ez zuela nahi zuen nortasunik erakutsi. Aurten saio kopurua jaitsi egin omen zaio, baina lasai hartu du hori.

 Amaia Agirreri saio askotan egokitu izan zaio emakume bakarra izatea. Askotan sentitu izan omen du Maialen Lujanbioren ordez deitu diotela. Esan ere egin izan omen diote: "Maialen Lujanbiok ezin du, etorri zaitezke?". Askotan saioei baietz "inertziaz" esan izan diela iruditzen zaio. Kezka handiak izan omen ditu gai honekin, eta amorrazio handiak pasa omen ditu. Dena den, ez du uste antolatzaileen errua denik.

"Hamaika Bertutek babes bat eman dit"

 Amaia Agirre Hamaika Bertute ekimeneko partaide da sorreratik. Plazetan ez omen zuen nahi adina gozatzen, batez ere bere belaunaldiko bertsolariekin kantatzeko aukerarik izaten ez zuelako. Hamaika Bertutek horretarako aukera eman omen dio. Gainera, bileretan, elkarrizketetan eta eztabaidetan bere intereseko gaiak landu dituztela sentitzen du: bertso-eskolak, emakumea eta bertsolaritza... Lehendik babes horren beharra sentitzen omen zuen.

 Hala ere, oraindik asko falta omen zaio plazan bere nortasuna erakusteko. Urteetan "partxe" ugari jarri dituela sentitzen du, eta orain horiek kendu beharra daukala. Gaur egun ez omen da seguru sentitzen. Mailari baino gehiago begiratzen dio esandakoari, koherentziari. Hala ere, bide horretan oraindik Maialenengandik oso urrun dagoela sentitzen du, eta pausuak eman beharra nabaritzen du.

 Aurten behin baino gehiagotan aritu izan da gaiak jartzen. Gustura aritzen dela dio, batez ere saioak ondo atera izan direlako. Gaiak jartzerako orduan ere bertsolari paperetik aritzen omen da. Bertsolariekin konplizitatea bilatzen du, eta gai bakoitzari nola erantzungo liokeen ere hausnartzen omen du.

 Uda izaten da bertsolarientzat garairik beteena. Amaia Agirrek aurtengo uda lasai hartuko duela dio. Txapelketaren ondorioz saio kopurua murriztu zaiola uste du beste batzuen mesedetan, baina berak ere lasai hartu beharra sentitzen omen du. Irailetik aurrera bertsoari denbora gehiago eskaini nahiko lioke.

 Etorkizunean zer lortu nahi duen galdetuta, oso garbi dauzka gauzak. Plazan beste bat gehiago izan dela sentitzen du, eta etorkizunean nahiko luke norbaitek "Amaia Agirre" aipatzean ezaugarri jakin batzuekin lotzea.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri