Ekainaren 30 eta uztailaren 2a bitartean izango da ikastaroa, Eibarren. Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatu dute, elkarlanean. Hobeto komunikatu nahi duen edonori zuzendua dago ikastaroa.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean ikastaroa antolatu dute uda honetarako: "Bertsormena. Landu sormenaren alderdi komunikatiboa". Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen aldetik Ikerkuntza saila aritu da ikastaroa prestatzen, eta Karlos Aizpurua da bertako eragilea. Ikastaroak, azaldu duenez, "normalki bertsolaritzarekin zerikusia izaten du, eta aurten ere hala da. Baina bertsolaritza urte batzuetan izaten da abiapuntu, beste batzuetan helburu eta beste batzuetan tarteko."
Aurtengo ikastaroan, irakasleen izenei begiratuta, bertsolaritzarekin daukan lotura nabarmena da. Hala, aurten Andoni Egaña, Xabi Paia eta Jon Maia bertsolariak ariko dira, besteak beste, irakasle lanetan. Karlos Aizpuruak dioenez, aurtengoan "ahozkotasunaren beste bi esparru ere agertuko dira: ipuingintza eta kantagintza. Ideien iturriei buruz ere arituko dira aurten, eta horrek ez du bertsotarako bakarrik balio, beste esparruetarako ere bai. Kantaera ere landuko da, testua interpretatzea landuz, espresioarekin lotuta beraz. Azkeneko egunean Joxerra Garziak azalduko du nola hobetu jende aurreko komunikazioa. Bertsolaritza hori ere bada, baina eguneroko bizitzan jende askok egiten du hori: kazetariek beren lanean, irakasleek bileretan, herriko erakunde eta enpresetako bileretan... Esan nahi duguna eraginkor izan dadin pista batzuk emango dizkigu Joxerrak."
Aurtengoa ez da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean antolatu duten lehenengo ikastaroa. Orain artekoetan, nagusiki, jende "gaztea" agertu izan dela dio Karlos Aizpuruak. Aurtengoa irekiagoa ikusten du alde horretatik: "Aurten espero dugu irakasleak ere agertzea, bai haurrekin eta bai helduekin aritzen direnak. Kazetariak ere agertzea espero dugu eta, noski, bertsolari gazteak. Nik uste dut ikastaldi honetan aukera dagoela bertsotan egin, egin eta egin ari diren bertsolari gazte horiek lanketa sakonago bat egiteko. Beharbada bertso-eskoletan elkartu eta bertsotan aritzen dira, "besterik ez", agian hainbeste arreta eskaini gabe sortzen duten horri edo beste bertsolariek sortzen duten horri, beren sorkuntza eta bertsogintza hobetzeko azterketa horren ondorioen arabera. Ikastaldi honetan horretarako aukera daukate. Egañarekin izango litzateke bakarkako gaia, Xabirekin zer esanaren atala, Jon Maiarekin kantatzearen atala, Ander Lipusekin gorputz-espresioaren atala eta Joxerrarekin testua hobetzeko baliabideen atala."
Gainera, ikastaldiak zenbait berrikuntza ekarriko dituelakoan dago: "Bakarkako lana espreski lantzeko eta ipuingintza edo zutabegintzarekin konparatzeko ez da aukera berezirik izan. Kantaerarena ere landu izan da nolabait, baina testua interpretatzearen inguruko esperientzia konkretu bat eskuan izanik (Jon Maiarena bai Karidadeko Bentarekin eta bai Txapelketan) ez da sekula landu. Ez dut uste publikoki aukera handirik izan denik, gainera, Joxerra Garziaren ekarpenak ezagutzeko. Gainera, nik uste dut ikastaldi hau eta honen antzekoak berriz egin beharko liratekeela. Halabeharrez egiten dugu data hauetan, baina agian jende asko kanpoan harrapatuko dugu. Eta gero, bistan dena: bertsolaritza irakasten aritzen diren irakasleak ere erakarri nahiko genituzke, lehen hezkuntzan aritzen direnak."
Ikastaroaren ezaugarri nagusietako bat da teotia eta praktika uztartuko dituela. Lehendabizi saio teorikoak egingo dituzte, eta, ondoren, horien inguruan praktikak egingo dituzte. Honako hau izango da egitaraua:
EKAINAREN 30a, ASTEAZKENA
Ideiak eta diskurtsoak sortzen
9:00-11:00 Andoni Egaña: Ipuingintza, zutabegintza eta bertsotan gai bati bakarka kantatzea. Zer dute komunean? Zertan lagun dezake baten teknikak bestean?
11:30-13:30 Xabi Paia: Nola landu irudimena? Ideien iturriez eta originalitateaz: almazena eta sorkuntza
14:00 Bazkaria
16:00-18:00 Ateliera: Andoni Egañak eta Xabi Paiak proposatutako ariketa praktikoak
UZTAILAREN 1a, OSTEGUNA
Komunikazio paratestualaz
9:00-11:00 Jon Maia: Kantatzetik kantatzera. testuaren interpretazioa kanta eran. Doinuaren, erritmoaren eta bolumenaren kudeaketa
11:30-13:30 Ander Lipus: Pertsonaiaren larrutik; gorputz adierazpena
14:00 Bazkaria
16:00-18:00 Jon Maiak eta Ander Lipusek proposatutako ariketa praktikoak
UZTAILAREN 2a, OSTIRALA
Jende aurrerako taktikak eta estrategiak
9:00-11:00 Joxerra Garzia: Jende aurrean nola komunikatu hobeto. Taktikak eta estrategiak
11:30-13:30 Joxerra Garzia: Jende aurrean nola komunikatu hobeto. ariketa praktikoak
14:00-18:00 Bertso bazkari esperimentala: Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi, Iker Iriartek jarritako gaiekin.. Ikastaroan zehar ikusi eta landutakoaren araberako ariketak egingo dituzte bertsolariek, gai-emaileak proposatuta
Azkeneko bertso-bazkari honek ikastaro guztian emandakoaren sintesi moduan balio beharko luke. "Izan zitekeen antzerki moduan edo kantagintzari lotuta, adibidez, baina nik uste bertsolaritzak horiek guztiak biltzen dituela, neurri batean behintzat, eta Bertsozale Elkarteak ere antolatzen duenez zer hoberik bertso-bazkari bat baino."
Aipatu beharrekoa da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak laguntzak emango dituela ikastaroa egiteko. Hala, langabetua den bazkide orori %30eko laguntza emango dio Elkarteak. Ikastaroa egin nahi izanez gero, dena den, bestelako laguntza batzuk eskuratzeko aukera ere badago. Interesik izanez gero egin klik
hemen. Horrez gain,
matrikula internetez egiteko aukera ere badago.