Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko sailak: Transmisioa 2010-06-01

"Helburua ez da hazteagatik haztea"

Aurten materialgintzan, irakasleen prestakuntzan, aisialdiko jardueretan, irakasleen lanaldiaren antolaketan eta komunikazioan egingo dituzte ahalegin handienak, Miren Irigoien arduradunaren hitzetan.
 Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen sailen artean Transmisioa izango da, beharbada, gizartean pisu handiena daukanetako bat. Gaur egun 15 000 haur baino gehiagorengana iristen da. Ixiar Eizagirre eta Erika Lagoma ari dira saileko eragile lanetan, eta Miren Irigoien da arduraduna.

 Miren Irigoienek azaldu duenez, 2010era begira Transmisio sailak lanerako ardatz bat baino gehiago izango ditu. Hasteko, materialgintzan, honako argitalpen hauek egingo dituzte: hezkuntza arauturako ikas-material berria, bi ikasmailatarako eta bertso-eskoletarako Bertso Gida 2. "Guztiek ikus-entzunezko osagarriak edukiko dituzte".

 Irakasleen prestakuntzari ere begiratuko diote, Mirenek azaldu duenez: "ikasgeletako arbela digitalak erabiliz bertso jarriak pantailara eramaten ikasiko dute Elkarteko irakasleek. Horretarako, Antton Iztuetaren laguntza izango dute; izan ere, lan izugarria du egina Iztuetak bertso eta kantu zaharrak horrela prestatzen, eta bere ezagupenak erakutsiko dizkie." Horrez gain, irakasleei lotuta, lanaldiaren antolaketan ere aldaketa garrantzitsu bat egin nahi dute irailetik aurrera. "Transmisioaren Plan Estrategikoan ikusitako lan-ildo eta irizpideei jarraiki, beharrezko ikusi dugu Bertsozale Elkarteko irakasleek eskolarik gabeko ordu gehiago izatea, eta astean egun oso bat dedikatu ahal izatea nahi genuke lantaldean elkartu eta ordu horiek formazioari, koordinazioari eta proiektuak antolatzeari eskaintzeko. Bestalde, irakasle horien lana eskualdean zentratzea lortu nahi dugu apurka-apurka, eta irakasle hori izan dadila eskualde horretako bertso-eskolen “erreferentea”, bertso-eskolek izan dezaten norengana jo, ezer behar badute."

 Transmisio sailak aisialdiko jarduerak ere antolatzen ditu, gainera. Aurten ere bertso-udalekuak egingo dira udan: "8 txanda egingo ditugu, horietako 5 zuzenean geuk antolatuta, 250 haur eta 33 begirale eta sukaldarirekin. Bestetik, proiektu berri bat diseinatzea izango da 2010-11 ikasturteko helburua: ahozko barnetegia. Mintzolarekin elkarlanean osatu nahi dugu, eta helburua da ikastetxeei 5 eguneko egonaldiak eskaintzea urtean zehar, eta ahozko zenbait kultura-jarduera lantzea ikasleek barnetegi horretan."

 Bestelako helburuak ere izango dituzte, gainera, 2010ean: "Komunikazioa bereziki landu nahi dugu, hau da, herri edo eskualdeetan bertsoaren inguruan egin eta gertatzen denaren berri eman: hezkuntza arautuko lana, bertso-saioak, ikastetxeen ekitaldiak, bertso-eskolak, hitzaldiak... hots, egiten den guztiaren berri eman, osotasuneko ikuspegiarekin, eta eragilea edozein dela ere (Elkartea, bertso-eskola bat, ikastetxe bat, kultura-talde bat, jatetxe bat...)."

 Azkenik, irailean Bertso Eskolen topaketa antolatzeko asmoa daukate, urtero bezala.

 "Triangeluan ikusten dugu, hirurek elkar elikatzen dutelako"

 Transmisio sailak bere lana triangelu moduan marraztu du: hezkuntza arautua, bertso-eskolak eta ekintza osagarriak. Miren Irigoienen iritziz, hiru lan-esparru horiek "elkar elikatzen dute", bakoitzak bere helburuak izanik. Hala, ikastetxeetan helburua honako hau izango litzateke: "haurrek bertsolaritza zer den ezagutzea, eta haiek ahalik eta gehien zaletzea, bertso-eskolara joan daitezen zaleenak."

 Bertso-eskolen lana "harrobia egitea" izango litzateke: "bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, bertsozaleak, irakasleak... sortzea, eta bertso-eskolak herriko bertsogintzan eragitea."

 Azkenik, jarduera osagarriek borobilduko lukete triangelua: "Jarduera osagarriak izan daitezela ikasleek ikastetxetan eta bertso-eskolatan egiten duten lana praktikara eramateko eta jendaurreratzeko, bai eta motibazioan eragiteko eta harremanak egiteko ere."

 Antolaketa honen helburua eremu hauek biltzen dituzten "osotasuneko proiektuak" herri eta eskualdeetan eskaintzea izango litzateke, hiru esparru solte izan beharrean.

 Euskaltegiekin harremana

 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiarekin batera euskaltegietara hurbildu zen Transmisio saila. Etorkizunera begira, Mirenek azaldu duenez, "hHelduen euskalduntzean ari diren erakundeekin proiektu oso bat diseinatu nahi dugu, bertsolaritzari begira." Oraindik proiektua zehaztu gabe baldin badago ere, zenbait alor jaso ditzakeela uste dute: "euskaltegietako klaseei begirako proposamenak (sekuentzia didaktikoak, ikus-entzunezkoak), ikastaro laburrak eta bertso-afariak eskaintzea, euskaltegien arteko bertso sorten lehiaketak eta gisakoak egitea, eta, ahal izanez gero, baita euskaltegietan bertso-eskolak sortzea ere."

 "Helburua ez da hazteagatik haztea"

 Kopuruei begiratuz gero, dimentsio handiko saila da Transmisioa: aurten 15 000 haur baino gehiagorengana iritsi dira. Etorkizunean hazten jarraitzeko asmorik ote daukaten galdetuta, Miren Irigoienek argitu du hori ez dagoela Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisio sailaren esku, herrialdeetako elkarteak dira horren arduradun.

 "Ikastetxetako proiektuak herrialde bakoitzean duen hedapena oso desberdina da, eta herrialde bakoitzean hazteko egon daitekeen beharra eta aukera ere bai. Horregatik, herrialdeetako elkarteak dira proiektuak hazi behar duen ala ez erabakitzen dutenak.

 Dena den, oro har, helburua ez da hazteagatik haztea. Gaur egun premiazkoagoa iruditzen zaigu daukagun mapa nolakoa den hobeto begiratzea: zein izan daitezkeen gune estrategikoak eta haietan jartzea indarra; zein herritan ez den lantzen bertsolaritza ikastetxetan, herri hori bertso-eskolak sortzeko aproposa izanik; bertso-tradizio handiko herriren batean, nahiz eta ikastetxeetan landu, zergatik ez dagoen bertso-eskola eta hura sortzera bideratzea ahalegin berezia..."

 Horrez gain, antolaketa mailan hobetzen jarraitzeko helburua ere badaukate. "Herrialde bakoitzak orain artean nork bere bidea egin du, eta orain elkarrengandik ikasteko garaia da, bakoitzak urte hauetan lortu duten eskarmentua partekatzekoa.

 Halaber, transmisioko proiektuak duen bolumena zein den ezagututa, aztertu nahi dugu gurea bezalako kultura-elkarte batean egituratuta jarraitzea ote den egokiena, eta egitura juridikoei dagokienez zer beste aukera egon daitezkeen."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri