Zuzeneko Elkarrizketak: Iker Iriarte eta Egoitz Aizpuru 2010-06-03

"Bertso-eskolen funtzioa gehiago ikusten dut bertsoaren inguruko pertsona kualifikatuak sortzeko"

Gipuzkoako gai-jartzaileen taldean dabiltza biak gaur egun. Gaiak taldean sortzea ez dela zaila diote, nahiz eta ezinezkoa den denak ados egotea. Txapelketa eta plazako gaiak sortzeko diferentzia handiak daudela diote.
 Egoitz Aizpuru 1999ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa garaian sartu zen Gipuzkoako gai-jartzaile taldean. Ordutik hona taldea aldatuz joan da; kide batzuk atera egin dira eta beste batzuk sartu. Sartu diren horien artean azkenetakoa da Iker Iriarte. Gai-jartzaile taldean foro bat aurkitu dutela diote, ofizioaz eztabaidatzeko. Elkarri ariketak proposatzen dizkietela diote, eta horien inguruan aritzen direla hizketan. Azken finean, Gipuzkoako gai-jartzaile taldearen bidez harreman finko bat osatu dute beste gai-jartzaileekin.

 Gipuzkoako gai-jartzaile taldeak, normalean, txapelketei lotuta jartzen ditu tarteka, Gipuzkoako Txapelketa eta Eskolartekoetarako nagusiki. Hala ere, bestelako sariketetan ere aritu izan dira, Orixe Sarian, adibidez.

 Gaiak, normalean, etxean eta bakarrik sortu izan badituzte ere, ez omen zaie zaila egiten taldean aritzea ere. Gaiak etxetik eramaten omen dituzte taldera, eta horien inguruan eztabaidan aritzen omen dira. Dena den, berehala antzematen omen da zein den gai ona eta zein txarra. Eztabaida handienak gai horiei buelta ematerako orduan izaten omen dute, formulatzerakoan.

 Txapelketetan ariketak aurretik zehaztuta egoten dira, eta gaien artean ere oreka bilatu behar izaten da. Saioetan, berriz, ez dira horren mende aritzen. Biek onartzen dute oso ezberdina dela txapelketarako edo saioetarako gaiak jartzea. Egoitz Aizpuruk dio txapelketan sorkuntza hasieran bakarrik dagoela, etxean gaiak prestatzean. Hortik aurrerakoa erredakzioa izaten da nagusiki. Saioetan oholtzan bertan jolas egin omen dezakete formulazioarekin.

 Saio askotan bertso-eskolako kideak aritu ohi dira gaiak jartzen. Bertso-eskoletan gai-jartzailetza nahikoa lantzen ote den galdetuta, Iker Iriartek garbi dauka: bertso-eskoletan ez litzateke gai-jartzaile izatea landu behar, bertsolari izatea landu behar ez litzatekeen bezala. Bere ustez haurrak bertsolari izan nahian iristen dira bertso-eskolara. Baina bertso-eskolaren lanak bertsoaren inguruko pertsona kualifikatuak sortu beharko lituzke. Hala, bertso-eskolatik bertsolariak eta gai-jartzaileak aterako lirateke, baina baita epaile edo antolatzaileak ere.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri