Realaren igoera zuzenean jarraitu zuten entzuleek 2010-06-15
Euriak ez zuen saioa gelditu Ereñotzun
Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Jon Maia, Andoni Egaña, Aitor Sarriegi eta Joxe Agirre aritu ziren kantuan. Aritz Zerainek jarri zizkien gaiak. Urtero bezala, bete egin zen Ereñotzuko plaza.
Urtero San Antoniotan bertso-saioa egiten da Ereñotzun, festetako egitarauaren barruan. Igandean izan zen saioa, arratsaldeko 19etan. Handik kilometro gutxira Reala partida erabakigarria jokatzen ari zen, eta saio osoan zehar presentzia nabarmena izan zuen futbolak. Plaza bete egin zen, eta honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Aritz Zerainek jarri zizkien gaiak. Saioa orokorrean ona atera zen, uda eta festa girokoa, eta umorezko bertsoak izan ziren nagusi. Txirrita bertsolari ezaguna bertan jaio zen, eta agurretan erreferentziak egin zizkioten.
Joko berezi bat jarri zion Aritz Zerainek Andoni Egañari. Realaren partidua jarraitzeko irrati bat eman zion zarauztarrari. Honek, zerbait gertatuz gero, bertso bidez kontatu behar izan zuen saioan zehar (bertso hauek atzotik daude ikusgai Bertsoa.com-en).
Bien bitartean, saioak ohiko moduan jarraitu zuen aurrera. Hasteko Miren Amuriza eta Joxe Agirre altxarazi zituen Aritzek. Joxeri Amurizarekin kantatu behar zuela esan zioten, eta harrituta zegoen Miren ikusita. Elkarri dioten begirunea eta errespetua erakutsi zuten saioan zehar, eta motorrak berotzen hasteko balio izan zuen saioak.
Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak ere bertsoaldi polita osatu zuten saioaren hasiera aldera. Ekainaren 13an egin zen Ereñotzuko saioa, BECeko finaletik sei hilabete betetzen ziren egunean hain zuzen ere. Txapeldun berriaren lehendabiziko urte erdiaren balorazioa egin zuten bertsotan, umorez hauek ere.
Denak ez ziren ofiziokako lanak izan, ordea. Maialen Lujanbio bakarka aterarazi zuen Aritz Zerainek. Hernaniko atez ateko zabor bilketa zer moduz ote doan galdetu zion, eta ale ederrak utzi zituen Maialenek.
Joxe Agirrek eta Aitor Sarriegik ere saio dotorea osatu zuten puntuei erantzuten. Lehendabizi Aritz Zerainek jarritako hiruna punturi erantzun zieten. Ondoren, elkarri jarri zizkioten puntuak. Bereziki Joxe oso bihurri aritu zen ariketa honetan.
Andoni Egañak atzekoei kantari ere saio polita egin zuen. Atzekoak lau funtzionario eta pentsionista ziren, eta Andonik denei jaitsi behar zien soldata. Atzekoek ondo erantzun zioten.
Ofizioka beste bi saio ere benetan izan ziren nabarmentzeko modukoak. Lehendabizikoan, Joxe eta Maialen aritu ziren, aita-alaben paperean. Alabak traktorea gidatzen trebezia dauka, baina urtero istripu asko gertatzen direla eta kezkatuta dago aita. Serio aritu ziren biak 8ko txikian.
Maialenek berak Jonekin ere saio oso ona osatu zuen. San Antonioren paperean jarri zuen Aritzek Jon. Maialen urtero joaten omen zaio ligatzeko eskatzera, baina orain arte ez omen du askorik lortu... Umorez aritu ziren biak hemen ere.
Puntuka bukatu zuten saioa Jonek, Maialenek eta Joxek. Ohikoa den moduan, elkarri zirika aritu ziren hirurak eta publikoak nahikoa barre egin zuen.
Saio polita atera zen orokorrean. Tarteka euri tanta batzuk jausi baziren ere, antolatzaileek karpa bat jarri zuten publikoa babesteko eta giro onean joan zen saioa.