"Euskal kulturaz eta euskal gizarteaz hausnartzeko fenomeno interesgarria iruditzen zait"
Orain arte gehienbat bertsolaritzaren alderdi teknikoa ikertu izan da, baina beste diziplina batzuetatik ere begiratu behar zaiolakoan dago. Orain arte emakume bertsolariek egindako hausnarketei marko teoriko bat eman nahi lieke.
"Hitza, ahotsa eta bertsolaritza; genero ikuspegitik egindako irakurketa". Hori da Jone Miren Hernandez antropologoa burutzen ari den ikerketaren izenburua. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle lanetan aritzen da Jone Miren. Dena den, antropologiara heldu aurretik kazetaritza eta soziologia ere ikasi zituen. Tesia antropologiari lotuta egin zuen, hala ere.
Onartzen du bertsolaritzarekin lehen ez zuela harreman askorik izan, ez zela bertsozalea, baina azken urteetan zaletu egin da. "Gustura sentitzen naiz mundu honetan, dio". Orain, atzera begiratu eta ohartzen da beti eduki izan duela bertsolaritzarekin nolabaiteko lotura bat, nahiz eta alderdi teknikoak ez hainbeste interesatu. Bereziki gizarte-fenomeno moduan erakartzen du bertsolaritzak. Maila pertsonalean Manuel Lekuonak markatzen du lotura hori Jone Mirenen arabera. Lehendik ezagutzen bazuen ere, orain bertsolaritzaren ingurura hurbiltzen hasi denean berriro egin du bere lanarekin topo.
Ikuspegi antropologikotik indarra ikusten dio bertsolaritzari Jone Miren Hernandezek. 2003an Kulturarteko Topaketak egin zirenean dokumental bat argitaratu zen, eta bertan Joxerra Garziak esaten du bertsolaritza dela euskal kulturan gelditzen den "azken errituala". "Intuizioz ikusi nuen hor zerbat interesgarria egon zitekeela". Andoni Egañari ere sarritan entzun omen dio bertsolaritzak badaukala interesa ikuspegi antropologikotik. Jone Mireni euskal kulturaz eta euskal gizarteaz hausnartzeko fenomeno interesgarria iruditzen zaio bertsolaritza, "altxor bat" ikusten du bertan. Izan ere, bertsolaritzak beti eduki izan du bere papera euskal kulturan eta euskal gizartean, eta aztertzeko modukoa omen da ibilbide hori.
Bertsolaritzaren inguruko ikerketetan hutsune bat ikusten du Jone Mirenek. Gaur arte, batez ere, alderdi teknikoari erreparatu zaiolakoan dago, baina hortik kanpo ere gauza asko daude ikertzeko. Gainera, orain arteko ikerketa gehienak bertsolaritzarekin lotutako jendeak egin izan ditu. "Puzzlea osatu behar da" dio, "esparru zabala dago beste diziplinetatik ikertzeko".
Bertsolaritzari ikuspegi antropologikotik eta generoari lotuta begiratuko dio Jone Miren Hernandezek. Gaur egun geroz eta gehiago dira bertsotan plazaz plaza dabiltzan emakumeak, eta generoaren gaiak hainbat hausnarketa eta hitzaldi sortu ditu. Bere ikerketa horren guztiaren barruan kokatu behar ote den galdetuta, lehenik eta behin bere ibilbide akademikoan kokatu behar dela dio. Orain arte hizkuntzari lotuta ibili izan da, eta lan-ildo bezala beti erabili izan du teoria feminista. Bertsolaritzaren inguruan Carmen Larrañagak egindako ikerketak oso baliagarriak izan zaizkiola dio, baina hor oraindik ikertzeko bidea bazegoela iruditzen zaio. Lan akademikoaz gain, azken urteotan geroz eta gehiago dira emakume bertsolariek egindako hausnarketak, beren esperientzietatik abiatuta. Horri marko teorikoa falta zaiolakoan dago, zerbait orokorragoan kokatu behar da, eta horretara dator ikerketa hau.
"Proiektu orokorrarekin batera planteamendu zehatzak egin nahi ditut"
Jone Miren Hernandezen ikerketak hiru zutabe nagusi izango ditu, eta horiek zehaztasunez aztertu zituen Bertsoa.com-i eskainitako elkarrizketan.
Bertso-eskolak izango lirateke lehenengo zutabea. Bertso-eskoletan kezka berezia dago adin batera heldutakoan neska askok uzten dutela-eta. Jone Mirenek fenomeno hori aztertu nahiko luke, eta marko teoriko orokorrarekin batera planteamendu zehatzagoak ere txertatu nahiko lituzke bere ikerketan. Garbi dauka ez dela hutsetik abiatzen, hausnarketa askotan aipatu izan baita bertso-eskolen gaia. Oraindik ikerketa ia hasi gabe dagoen honetan hipotesietatik eta intuiziotik abiatuta erantzun zituen galderak. Bere ustez bertso-eskolen gaian egon daiteke kirolarekin halako paralelismo bat ere. Kirola ere, adin batera iritsitakoan neskek uzten baitute bereziki; mutilek gutxixeago. Gainera, uzten duten mutil gehienek lotura mantentzen dute eta denborarekin aukera edukitzen dute berriro itzultzeko.
Honek arrazoi bat baino gehiago eduki ditzake hala izateko. Hala ere, Jone Mirenek nabarmentzen duenez kirola eredu eta sistema bezala gizonentzat dago pentsatua, gizonek pentsatu izan baitute. Neskak pixkanaka joan dira hor txertatzen. Nesken kasuan, arazoa ez da interes falta, sistema beraien beharrei erantzuteko prestatuta ez egotea baizik. Ikusi behar dena da, Jone Mirenen iritziz, ea bertsotan ere gauza bera gertatzen den. Dena den, sarritan parekatu izan dira kirola eta bertsoa: bertsolariek "entrenamendua" aipatzen dute eta Xabier Amurizak "hitzaren kirol nazionala" deitu zion bertsolaritzari. Horrez gain, sistematik haratago ikusi beharko da ea bertso-eskolan bertan ze dinamika sortzen diren, agian erreproduzitzen diren estereotipo eta ereduetan neskak ez baitira eroso sentituko.
"Bertsolari" aldizkariaren azkeneko alean elkarrizketa zabal bat egin zion Maider Iantzik Jone Mireni. Bertan aipatzen zuen lidergoaren kontua. Bertsolaritza fenomeno mediatiko bihurtu da azken urteotan eta elitera heltzen diren bertsolariak ere fenomeno mediatiko bihurtzen dira. Hortik sortzen dira ereduak. Literaturan behin baino gehiagotan agertu izan da bertsolariak direla "herriaren ahotsa". Hortik lidergo bat sortzen da. Ikusi beharrekoa da lidergo horrek ze ezaugarri betetzen dituen. Garai batean ere parte hartzen zuten emakumeek bertsolaritzan, baina momentu batean debekatu egin zitzaien eta desagertu egin ziren. Hortik aurrera gizonezkoak bihurtu ziren protagonista, eta beraiek definitu zuten lidergoa.
Gaur egun Euskal Herriko txapeldun emakume bat izateak zerbait aldatuko duen galdetuta, garbi erantzuten du Jone Mirenek. "Emakume bat boterera iristeak ez du, bere horretan ezer esan nahi. Lidergoan egon direnen profila erreproduzitzen badu ez da ezer aldatzen". Dena den, emakume hori Maialen Lujanbio izateak gauzak alda ditzakeela iruditzen zaio. Gainera, seguru asko gizonezko asko ere ariko dira beste eredu batzuk sortzen, ez baitira gizonezko izanda eskatzen zaien horrekin eroso sentituko. Bat baino gehiago egongo da "krisi" horretan Jone Mirenen iritziz; "genero sistema denontzat" da eta.
Ikerketaren bigarren zutabea 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da. Jone Mirenen iritziz bertsolaritzak eremu asko dauzka, eta, gainera, gaur egun dezente ari da esperimentatzen. Baina, bere ustez, gizarteari begira txapelketa da ardatza eta horrek gazteengan duen eragina ikusi nahiko luke. Gainera, emakume bertsolarien hausnarketetan etengabe agertzen den zerbait da txapelketaren kontua. Joseba Zulaikak jokoa eta jolasaren bereizketa bat egiten du, eta bertsolaritzan bat egiten dute biek. Jone Mireni bereziki interesatzen zaio emakumeek jokoarekin duten harremana. Txapelketa nola pentsatzen eta nola gauzatzen den ikusi nahiko luke, eta horrek emakumeengan sortzen dituen sentsazioak aztertu.
Azkeneko zutabea gainerako ahozko diziplinetan dabiltzan emakumeak behatzea izango litzateke. Emakume bertsolarien hausnarketetan behin baino gehiagotan entzun izan omen du umorea egiteko erreferenteak falta zaizkiela. Azken finean gizonezkoen ereduak baitira eskura dauzkatenak. Jone Miren Hernandezek dioenez ahozkotasunaren esparruan hainbat emakume aritu dira lanean, bai ipuingintzan eta baita antzerkian ere. Horiek aztertu nahiko lituzke. Azken finean, umorea inertziekin eraikitzen da eta balioak eta gizarte mailako estereotipo eta aurreiritziak agertzen dira hor.
"Dena dago egiteko"
Jone Miren Hernandezi euskal kulturaz eta euskal gizarteaz hausnarketa egiteko oso fenomeno egokia iruditzen zaio bertsolariza. Hala, teknika interesatzen bazaio ere bertsolaritzaren alderdi soziala da benetan erakartzen duena. Ikerketan bertan, gai zabala izan arren, helburu zehatzak ere badaude, gero aplikagarriak izango direnak.
Baina, zenbat denbora beharko du ikerketa hau bukatzeko? Epe luzean lan egingo duela dio eta 5 edo 6 urte beharko dituela, besteak beste, baliabideak ere ez direlako handiegiak. Metodologiari dagokionez, hiru zutabe nagusietako bakoitzarekin kronograma bat dauka egina. Bertso-eskolen gaiarekin hasiko da lehenengo. Elkarrizketa zerrenda luzea dauka jadanik esku artean, eta urrian heldu nahiko lioke gaiari. Metodologia kualitatiboa izango omen da, elkarrizketa luzeetan oinarritua. Gero etorriko omen da 2013ko Txapelketa Nagusiaren gaia eta, bien bitartean, ahozkotasuneko beste diziplinetan aritzen diren emakumeei buruz ikertzen ere arituko da. Dena den, azken zutabe hau mantsoago joango dela dio.
Zer ikertu erabaki zuenean Euskal Herriko Bertsozale Elkartearengana eta Mintzolarengana jo zuen eta oso erantzun ona izan duela dio. Baliabideengatik joan omen zen Subijana Etxera, "sekulako" liburutegia eta fonoteka daudelako, besteak beste. "Ikuspegi akademiko batetik altxor bat". Horrez gain, beraien iritzia ere jakin nahi zuen, feedback hori jaso. Oso gustura hitz egiten du Jone Mirenek. Dioenez hainbat pertsona aritu dira proiektua irakurri eta beraien ekarpenak egiten. Gainera, zeuden kezkekin konexiorik ba ote zegoen ere ikusi nahi zuen.
Hasiera-hasieran hainbat elkarrizketa egin zituen emakume bertsolariekin bere intuizioak ondo bideratuta ote zihoazen ikusteko. Eta orokorrean harrera ona zan omen da.
Bukatzeko, bertsolaritzan oraindik landu gabeko ze ikergai ikusten dituen galdetuta, garbi dio: "dena dago ikertzeko". Abiapuntuak ba omen daude, eta lan interesgarriak ere bai, baina ikuspegi askotatik landu omen daiteke bertsolaritza. Komunikazio ikuspegitik Joxerra Garzia ari da bere ekarpenak egiten baina ikuspegi soziologiko, historiko, literario edo filosofiko batetik ere landu daitekeela dio.
Jone Miren Hernandezi egindako elkarrizketaz gain, joan zen martxoaren 3an Arrasaten Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbiok emandako hitzaldia dago ikusgai hemen, "Emakumea eta Bertsolaritza" izenburuduna. Jone Mirenek ikertu beharreko gaiaz ekarpen eta kezka interesgarriak plazaratzen dira bertan. Merezi du ikustea.