"Proiektu orokorrarekin batera planteamendu zehatzak egin nahi ditut"
Bertso-eskolak, 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia eta ahozkotasuneko gainerako esparruetan ari diren emakumeak izango dira ikerketaren hiru zutabeak. Umorea da bereziki kezkatzen duen gaia, inertziek agintzen baitute bertan.
Jone Miren Hernandezen ikerketak hiru zutabe nagusi izango ditu, eta horiek zehaztasunez aztertu zituen Bertsoa.com-i eskainitako elkarrizketan.
Bertso-eskolak izango lirateke lehenengo zutabea. Bertso-eskoletan kezka berezia dago adin batera heldutakoan neska askok uzten dutela-eta. Jone Mirenek fenomeno hori aztertu nahiko luke, eta marko teoriko orokorrarekin batera planteamendu zehatzagoak ere txertatu nahiko lituzke bere ikerketan. Garbi dauka ez dela hutsetik abiatzen, hausnarketa askotan aipatu izan baita bertso-eskolen gaia. Oraindik ikerketa ia hasi gabe dagoen honetan hipotesietatik eta intuiziotik abiatuta erantzun zituen galderak. Bere ustez bertso-eskolen gaian egon daiteke kirolarekin halako paralelismo bat ere. Kirola ere, adin batera iritsitakoan neskek uzten baitute bereziki; mutilek gutxixeago. Gainera, uzten duten mutil gehienek lotura mantentzen dute eta denborarekin aukera edukitzen dute berriro itzultzeko.
Honek arrazoi bat baino gehiago eduki ditzake hala izateko. Hala ere, Jone Mirenek nabarmentzen duenez kirola eredu eta sistema bezala gizonentzat dago pentsatua, gizonek pentsatu izan baitute. Neskak pixkanaka joan dira hor txertatzen. Nesken kasuan, arazoa ez da interes falta, sistema beraien beharrei erantzuteko prestatuta ez egotea baizik. Ikusi behar dena da, Jone Mirenen iritziz, ea bertsotan ere gauza bera gertatzen den. Dena den, sarritan parekatu izan dira kirola eta bertsoa: bertsolariek "entrenamendua" aipatzen dute eta Xabier Amurizak "hitzaren kirol nazionala" deitu zion bertsolaritzari. Horrez gain, sistematik haratago ikusi beharko da ea bertso-eskolan bertan ze dinamika sortzen diren, agian erreproduzitzen diren estereotipo eta ereduetan neskak ez baitira eroso sentituko.
"Bertsolari" aldizkariaren azkeneko alean elkarrizketa zabal bat egin zion Maider Iantzik Jone Mireni. Bertan aipatzen zuen lidergoaren kontua. Bertsolaritza fenomeno mediatiko bihurtu da azken urteotan eta elitera heltzen diren bertsolariak ere fenomeno mediatiko bihurtzen dira. Hortik sortzen dira ereduak. Literaturan behin baino gehiagotan agertu izan da bertsolariak direla "herriaren ahotsa". Hortik lidergo bat sortzen da. Ikusi beharrekoa da lidergo horrek ze ezaugarri betetzen dituen. Garai batean ere parte hartzen zuten emakumeek bertsolaritzan, baina momentu batean debekatu egin zitzaien eta desagertu egin ziren. Hortik aurrera gizonezkoak bihurtu ziren protagonista, eta beraiek definitu zuten lidergoa.
Gaur egun Euskal Herriko txapeldun emakume bat izateak zerbait aldatuko duen galdetuta, garbi erantzuten du Jone Mirenek. "Emakume bat boterera iristeak ez du, bere horretan ezer esan nahi. Lidergoan egon direnen profila erreproduzitzen badu ez da ezer aldatzen". Dena den, emakume hori Maialen Lujanbio izateak gauzak alda ditzakeela iruditzen zaio. Gainera, seguru asko gizonezko asko ere ariko dira beste eredu batzuk sortzen, ez baitira gizonezko izanda eskatzen zaien horrekin eroso sentituko. Bat baino gehiago egongo da "krisi" horretan Jone Mirenen iritziz; "genero sistema denontzat" da eta.
Ikerketaren bigarren zutabea 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da. Jone Mirenen iritziz bertsolaritzak eremu asko dauzka, eta, gainera, gaur egun dezente ari da esperimentatzen. Baina, bere ustez, gizarteari begira txapelketa da ardatza eta horrek gazteengan duen eragina ikusi nahiko luke. Gainera, emakume bertsolarien hausnarketetan etengabe agertzen den zerbait da txapelketaren kontua. Joseba Zulaikak jokoa eta jolasaren bereizketa bat egiten du, eta bertsolaritzan bat egiten dute biek. Jone Mireni bereziki interesatzen zaio emakumeek jokoarekin duten harremana. Txapelketa nola pentsatzen eta nola gauzatzen den ikusi nahiko luke, eta horrek emakumeengan sortzen dituen sentsazioak aztertu.
Azkeneko zutabea gainerako ahozko diziplinetan dabiltzan emakumeak behatzea izango litzateke. Emakume bertsolarien hausnarketetan behin baino gehiagotan entzun izan omen du umorea egiteko erreferenteak falta zaizkiela. Azken finean gizonezkoen ereduak baitira eskura dauzkatenak. Jone Miren Hernandezek dioenez ahozkotasunaren esparruan hainbat emakume aritu dira lanean, bai ipuingintzan eta baita antzerkian ere. Horiek aztertu nahiko lituzke. Azken finean, umorea inertziekin eraikitzen da eta balioak eta gizarte mailako estereotipo eta aurreiritziak agertzen dira hor.