Wilson Saliwonzyck eta Gorka Berasategirekin batera "Entre mates y patxaranes" bira hasiko du Argentinan eta Uruguayn. Gorkarekin bayeta Pedro Mari Otañoren inguruan egindako emanaldietan du jatorria ikuskizun berriak. Publikoarekin komunikazioa nola lortu hausnartzen aritu dira orain artean.
Egoitz Zelaiak sei hilabete pasatxo daramatza Argentinan jada. Dena den, tarte horretan ez da geldirik egon. Lehendabizi Pedro Mari Otañoren bertsoak erderatu eta horiei espreski prestatutako bertso batzuk erantsita emanaldi bat osatu zuten Gorka Berasategik eta berak. Horrekin batera, bat-bateko saioak ere egiten zituzten emanaldi berean, musikak lagunduta. "Agian bertsogintzaren eredu klasikoetatik aldendu gara pixkat. Probokazioa ere bilatu dugu orain arte, jendearen nola halako erreakzio bat, entzulea bera sortze-prozesuaren partaide aktiboa sentiarazi nahian".
Orain, ordea, Wilson Saliwonzyck elkartu zaie taldera eta "
Entre mates y patxaranes" izeneko birari ekin diote. "Euskal Herrian egin izan da esperientzia antzekoa, desberdintasuna da han entzulegoak bi hizkuntzak zekizkiela gaztelania eta euskara... ez dakit euskara/frantsesa diren elebidunen artean egin den. Eta bada beste esperientzia bat ere, non Maialen Lujanbio, Fredi Paia eta Xabi Paya-k bira bat egin zuten Wilsonekin eta lekuan lekuko inprobisatzaileekin. Haiek bizitako esperientziak eta eginiko oharrak oso kontuan nahi ditut ukan. Gorka Berasategiren laguntza ere badugu beraz horrek erraztuko du dena".
Hizkuntzak kezka sortzen dio Egoitzi. "Joxerra Garziak bere tesian zioen bertsoaren helburua komunikatzea dela, ea beste hizkuntza bat erabiliz lortzen dugun zerbait helaraztea, eta ondotik itzulpenak argitu ditzala ilunak". Beraz, behar-beharrezkotzat dauka itzulpen edo interpretazioa, "batik bat bertsolariok dugun gorputz-espresibidade gutxiarekin. Gure jarrera estatikotik mugitzeak ekar dezake zerbait ona, han ere gertatu izan da saio batzuetan, non bertsolariak oholtzatik kanpo, eta jende artera jeisten den".
Garbi daukate euskaraz ariko direla, eta, hortik abiatuta bi aukera ikusten dituzte. "Bata da euskaraz egitea eta ondoren interpretazio hutsa ematea, eta bestea da erdia euskaraz erdia gaztelaniaz egitea. Maialeni entzun nion hemen erran zietela gaztelaniaz ere primeran inprobisatzen dutela, eta ea zergatik ez zuten gaztelaniaz inprobisatzen zuzenean. Guk abantaila bat dugu horretan, Xabi itzultzailea da eta erraztasun ikaragarria du beste hizkuntzatan errimatuz aritzeko, berdin Fredik... gu ez gara horren onak. Egiten gabiltzan ahalegina da bertsoaren interpretazioa poesia antzeko baten transmititzeko gitarrak lagunduta. Bertsoak ezin dira euskara ez den beste hizkuntzatan egin, antzeko zerbait bai, baina bertsoak duen muina ezin da transmititu beste hizkuntza batean, euskarak duen esaldi formorfulazioengatik bakarrik, edo esapideengatik".
Ikuskizunean bertsoa eta payada uztartuko dituzte, baina hizkuntza ez da bien arteko ezberdintasun bakarra. Egoitz Zelaiak zehazten duenez errimak bereizten ditu biak. "bertsoa orohar monorrimoa den heinean, décima espinela plurirrimoa da, hau da bertso berean errima desberdinak erabiltzen dituela, eta guk errima bat hartzen dugu, berriz ere orohar, eta hari oinak bilatu". Hizkuntzaren mailak berak ere badu ezberdintasunik bi diziplinetan. Egoitz Zelaiak zehazten duenez "tradizionalki bertsoak duen hizkuntza herriak darabilena da, ez da hizkunta bat jasoa, poetikoki oso aberatsa da, baina aldi berean hartzeko edo ulertzeko oso samurra da. Payadan tradizionalki oso hizkuntza jasoa erabili izan da, une batzutan komunikazioa zailduz. Hau da payadoreen helburua testu ederrenak zeinek sortu izan dela, eta bertsolariena ea ongi ulertzen duten erran nahi dudana izan da. Hori dena tradizionalki, egun denetarik bizi dugu zorionez bertsogintzan, eta horrela heldu gara ikustera Jon Martinen ahalegin poetikoa, edo Igor Elortzaren "izarren hautsa" doinuan erakitako egitura plurirrimo berria. Hauek bertsolari bakoitzaren estiloa garatzea dakarte, betiko eskemetan geratu gabe. Dezimak hizkuntza poetikorako erraztasuna ematen du".
Badira egun batzuk bira honen berri argitaratu zela, eta deialdi bat ere egin zieten interesatutako Euskal Etxeei, beraiekin harremanetan jar zitezen. "Honez gero, jaso ditugu dei batzuk eta ari gara arian. Montebideon(Uruguay) saio bat zehaztu dugu bederen, eta pixkanaka Buenos Aires-eko probintzian ere zehazten ari gara gauzak, baina ez naiz aurreratzera ausartzen. Euskal etxeen zailtasuna ekonomikoa da, hemen distantziak oso handiak dira, bidaiatze hutsak gastu handia suposatzen du, guk ez dugu askoz gehiago eskatzen. Dena oso instituzionalizatua dagoenaren sentsazioa dut, orain arte Gorka Berasategi eta biok egin duguna hartu eta joatea izan da, Euskal Herrian egiten den bezala, etxekoagoak gara..."
Egoitz Zelaiak, Argentinan egon arren, bertsolaritza jarraitzen du, "bere erara", dioenez. Orain dela bi urte parte hartu arren, aurten urrundik ari da Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Txapelketa jarraitzen. Dena den, jarrera kritikoa dauka: "Egungo plaza handietako eta txapelketako bertso-ereduak ez ditut maite, ez dira nire xede. Iruditzen zait, eta sentsazio bat da, denek serieko bertsoak egiten ditugula, eta entzulea nola ohitu dugun hori entzutera, hori txalotzen duela. Bertsolari batzuen aldetik ikusten dut ahalegin bat betikotik ateratzeko, baina ez da heltzen entzulearengana. Orain Maialenen ereduaz mintzatzen da jendea, bikain. Baina ikusten ditut bertso-eskolako umeak Maialen imitatu nahian, lehen Lizaso edo Egaña bezala, eta deus ez da aldatuko horrela, bertsolari bakoitza bere estiloa du, bere sortzeko era eta horrek inplikatzen du bertsolaria ezagutu behar dela, jakiteko agian azaletik akats bat ematen duena, apropos eginiko kontua dela. Bertsolariaren izaera kritikoaren falta sumatzen dut, erraten duen oro zalantzan jartzea, ea erran duen hori den egiazki pentsatzen duena planteatzea. Iruditzen zait bertsolaria autozentsura batean bizi dela, seguraski egoera soziopolitikoak zerikusia izanen du. Nire bertsolari ereduak gizarteari entzun nahi ez dituen egiak edo gezurrak erratea du".