Aurtengoa 16. edizioa izango da 2010-10-19

Martxan dago San Andres bertsopaper lehiaketa

Hiru kategoria bereizi dituzte: Lehen hezkuntzan eta DBHn Eibarko ikasleek soilik har dezakete parte, baina 16 urtetik gorakoen kategorian edonor aurkez daiteke.
 Aurten ere San Andres bertsopaper lehiaketa antolatu du Eibarko "... eta kitto!" Euskara Elkarteak. 16. edizioa izango da aurtengoa, eta antolatzaileek hiru kategoria bereizi dituzte:

 Lehen hezkuntzan Eibarko ikasleek soilik hartu ahal izango dute parte. Hemen, partehartzaile bakoitzak bertso bat edo bi kopla idatzi beharko ditu. Sariei dagokienez, irabazleak 45 euro eta txapela lortuko ditu, eta bigarrenak, berriz, 40 euro eta plaka.

 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere Eibarko ikasleei soilik ireki zaie lehiaketa. Hauek, bi bertso edo lau kopla idatzi beharko dituzte gutxienez. Sariak handixeagoak izango dira: irabazlearentzat 120 euro eta txapela eta bigarrenarentzat 100 euro eta plaka.

 Azkenik, 16 urtetik gorakoen kategorian Euskal Herri osoko partehartzaileek aurkez ditzakete euren lanak. Hauek lau puntu edo gehiagoko sei bertso osatu beharko dituzte gutxienez. Irabazleak 300 euro eta txapela lortuko ditu eta bigarrenak, berriz, 250 euro eta plaka.

 Antolatzaileek zenbait baldintza jarri dizkiete lanei, aurkeztu ahal izateko. Gaia eta doinua libreak izango badira ere, bertsoek jatorrizkoak izan beharko dute. Gainera, lan bakoitzak egile bakarra izan beharko du, hau da, taldean egindakoak ez dira onartuko.

 Baina, nola bidali behar dira lanak? Lanaren hiru kopia bidali beharko dira gaitzizenarekin sinatuta. Egilearen datuak, berriz, beste orri batean jarri beharko dira, gutunazal itxi batean. Hor agertuko dira egilearen izen-abizenak, telefonoa eta adina. Lanak helbide honetara bidali beharko dira:

   ... eta kitto! Euskara Elkartea
   Urkizu, 11-solairuartea
   20600 Eibar
   Gipuzkoa

 Lanak azaroaren 5a baino lehenago bidali beharko dira esandako helbide horretara, eta sarituen izenak azaroaren 17an jakinaraziko dira. Sari-banaketa, berriz, azaroaren 26an egingo da, Gazteen Bertso Jaialdiaren barruan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri