Zuzeneko Elkarrizketak: Joana Itzaina 2010-10-20

"Erronka nagusia da txapelketa eta sariketetatik kanpo bertso-giro bat sortzea"

Otsailean beteko da urtebete Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakari denetik. Osasuntsu ikusten du bertsolaritza iparraldean. Helduen bertso-eskoletan eta sustapenean ikusten du zereginik handiena.
  2010eko otsailean hartu zuen Joana Itzainak Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakari kargua. Orain artean "gustura" sentitu dela dio, nahiz eta lanez beteta ibili direla onartzen duen. Lehendakari postura heldu aurretik zuzendaritzako kide zen Joana. Zuzendaritzan, dioenez, ba omen zen talde bat urte asko zeramatzana, eta horiek ikusi omen zuten aldaketa bat emateko garaia zela. Horregatik heldu zen Joana kargura, eta bera sartzearekin batera, ekipoa ere berritu da.

 Aurtengo urtea lanez betea izan dela dio. Zehazki, Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Txapelketa antolatzeaz gain transmisioan eta honen bidez sustapenean eragiten ari dira orain, saio gehiago sortzeko.

 Transmisioan bi langile ari dira orain Elkartean lanean. Sehaskarekin hitzarmena sinatu dute horretarako, eta irakasle hauek ariko dira bai oinarrizko hezkuntzan eta baita bertso-eskolan ere. Honen bidez lotura handiagoa izango omen dute ikastoletako haurrekin eta erraztu egingo omen da bertso-eskolak sortzea bera ere.

 Eta nola eragingo du honek sustapenean? Joanak dioenez orain eskolatik atera direnentzat plazak lortu nahi dira alde batetik. Bestetik, helduen bertso-eskoletan egiten den lana ere garatu nahi lukete, eta honekin sustapenean lan bat egin, ikusiz ea plaza berak sortzen diren bai gaztetxoentzat eta baita helduen bertso-eskoletatik ateratzen direnentzat ere. Bereziki azpimarratzen ditu Joanak helduen bertso-eskolak. Izan ere, haur garaian bertsoarekin interesik ez zuten zenbait geroago hurbiltzen baitira berriz bertsogintzara.

 Ipar Euskal Herrian egoera onean ikusten du bertsolaritza Joana Itzainak. "Txapelketarekin ari gara erakusten badela jendea kantatzeko gogoarekin" dio. "Orain behar dugo gibeletik datozen haurren mailan azkartu, nabaritu baitugu hor izan dela beherakada bat". Xalbador garai batean beldur omen zen atzetik inor ez zetorrelako, baina Txapelketa hau kontrakoa ari omen da erakusten, eta garbi dio Joanak: "uste dut egoera osasuntsu batean garela".

 Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakaritza hartu zuenean helburua ez omen zen iraultza bat egitea, "lehenago sekulako lana baitzegoen egina". Aldaketa handiena arriskuak hartzeko garaian nabaritzen omen du; orain prest omen daude arrisku handiagoak hartzeko, "beharbada ez baikara ohartzen egiten ari garenaz". Gainera, taldea ere handitu egin omen da azken urte honetan. Alde batetik bi irakasle hasi baitira hezkuntzan eta txapelketako komunikazio-arduradunak jarraitzea baita asmoa. Zuzendaritzan guztira bederatzi kide ari dira egun, eta oraindik gehiago komisio ezberdinetan. Langile moduan lau lagun ari dira egun Bertsularien Lagunak Elkartean. "Ez da kopuru animalekoa, baina iaz bi genituen, beraz doblatu dugu kopurua". Honen bidez "bizi bat" sortzen dela dio, talde giroa somatzen dela.

 Etorkizunera begira sustapenean ikusten du erronkarik handiena Joana Itzainak. Jendeari aukera eman behar omen zaio saioak entzun eta aukeratzeko, ahal denik eta bertsolari gehien ezagut ditzaten.

 Orain dela bi urteko txapelketaren ondorengo udan saio gehiago antolatu omen ziren gaztetxeetan, baina orain betiko kopuruetan omen dabiltza. Hala ere, Joana Itzainaren iritziz aldaketek denbora gehiago behar izaten dute gauzatzeko.


"Gu kontent gara aniztasun horrekin"

 Asteburu honetan jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Orain artekoan txapelketa ondo joan delakoan dago Joana Itzaina: "Bertso-mailaz gustura gaude eta jende aldetik ere ondo joan da. Izan dira saio jendetsuagoak besteak baino, bereziki gogoan dut Muskildikoa". Hala ere, denetan egon omen da azpimarratzeko moduko zerbait.

 Txapelketa batean interes eta helburu oso ezberdineko bertsolariek ematen dute izena. "Guk hori zaindu nahi dugu bakoitzak bere bidea segi dezan eta txapelketa horretan ukan dezan bere lekua. Badira batzuk helduen bertso-eskoletatik datozenak eta horien helburua da kantatzea eta beraien zenbait muga gainditzea. Eta beste batzuen helburua da finalera heltzea eta beraien bertso-maila erakustea. Gu kontent gara aniztasun horretaz, hasteko, eta kontent gara Mixel Aire bezalako bertsolari bat egon dadin txapelketan".

 Baina, zer da, benetan, txapelketa batek Elkarteari ekartzen diona? "Gure elkartearentzat jendearekin komunikatzeko manera bat da, erakusteko zer egiten dugun eta zertan garen. Txapelketa bat da jendearekin gurutzatzeko parada bat eta jendeari erakusteko lehenago egindako lanaren emaitza zertan den. Eta bertsolarientzat ere bada lehiatzeko parada bat. Txapelketaren helburua da, gainera, jende gehiago zaletzea txapelketak duen tirri berezi horrekin. Parada bat bada bertsoetara hurbiltzeko jende berria, ba hobe".

 Aurten, bereziki, komunikazioan lan handia egin omen da. Web orrian sarrera dezente izan omen dituzte eta finalean jende asko espero dute.

 Hala ere, txapelketa batek antolaketa-lan handia eskatzen du. Lan hori egiteko jendea nola erakarri galdetuta, hauxe erantzuten du Joana Itzainak: "Uste dut ongi dela jendeari galdegitea gauza zehatz bati buruz lan egiteko, horrela asmatzen dela jendea hurbiltzen. Eginbeharrak zerrendatu eta horretarako nor ikusten genuen erabaki genuen. Lan-taldeak aurten ez dira mutatu, aspaldian saio-antolaketan eta lan bat egina izan da. Gero, saiatzen gara beti jende berria hurbilaraztera".


"Uste dut nik bertsoari ekarpenak egin baino bertsoak dizkidala eni ekarpenak egiten"

 Lehendakari baino lehenago, gai-jartzaile moduan aritzen zen Joana Itzaina. Gaur egun ere txapelketako gai-jartzaile taldean dago. "Nire herriko festetan bertso-saio bat sortu dugu eta hor aritzen naiz gaiak jartzen, eta baditut beste zenbait saio aurten antolatuak direnak".

 Plazaz plazako jarduna jarraitzea gustatzen zaio. "Denbora aldetik orain pixka bat mugatua nago. Baina helduen bertso-eskolako kide naiz ere, eta saioz saio ibiltzeko azken denbora honetan gehiago izan da txapelketan". Dena den, gustatzen omen zaio bestelako saioetara ere joatea.

 Lehendakari karguan noiz arte egongo den galdetuta, hala dio: "Data ofizialik ez da, eta nire buruan ere ez. Horretan ondo sentitzen naizeno segiko dut. Elkartean ere ari garenez beti jende berria ekartzen egoera aldatuko da eta segur naiz nire txanda utziko dudala gogotik beste norbaiti. Gero beti segiko dut hurbiletik bertsolaritza".

 Eta, hori bukatzean zer? "Uste dut nik bertsoari ekarpenak egin baino bertsoak dizkidala eni ekarpenak egiten. Beraz segiko dut bertso-irakurtzen, agian kantatzen ere gure taldetxoan eta plazerra dudano segiko dut".


 Aurreko elkarrizketak:

 Jone Miren Hernandez
 Miren Amuriza

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri