Mutrikun jokatu zen, Gaztetxean 2008-06-02

Jokin Labayen Plazatik Gaztetxerako txapeldun berria

Jone Uri gelditu zen bigarren eta Gorka Azkarate hirugarren.

Sailkapena eta puntuazioak hurrenez hurren:

1. Jokin Labayen   194,5 puntu
2. Jone Uria    189 puntu
3. Gorka Azkarate   188 puntu
4. Eneko Abasolo “Abarkas”  180,5 puntu
5. Mikel Aiertza    177,5 puntu
6. Mikel Artola    165 puntu

Pasa den larunbatean jokatu zen Plazatik Gaztetxera bertsolari txapelketako finala Mutrikun. 
Aurreko edizioetan bezala Mutrikuko Gaztetxean jokatzekoa zen finala, baina larunbat goizean botatako euri jasek harri eta lokatzez hartu zituzten Gaztetxea eta bere inguruko kaleak eta hala arratsaldean oraindik duda zen non jokatu finaleko saioa. Gaztetxeko kideak atsedenik gabe gaztexe barrua garbitu eta txukuntzen aritu ziren arren, kanpokaldea lokatzez zikinduta zegoen afal aurreko orduetan eta udaletxeko langileek garbiketa lanetan jarraitzen zuten.
Hau dela eta, afaria eta saioa Miruaitz pilotalekuan egitea erabaki zen azken irtenbide moduan. Aurtengoan beraz, bertsolariek eta bertsozaleek plazatik gaztetxera eta gaztetxetik pilotalekura egin dute jauzi.
Jende andana bildu zen afaltzen, 100 bat lagun inguru, eta ondoren saiora hurbildu zirenak ere asko izan ziren, noski ez zen leku faltarik izan.
Haundia eta hotza da Miruaitz eta honek aurreko finaletan izandako eta  Mutrikuko Gaztetxean ohikoa den bertso-giro beroa epeldu zuen apur bat.
Ana Etxaburu-ren gidaritzapean, 11-k ondo paseak zirela ekin zieten bertsolariek lanari. Aipatzekoa gai-jartzailearen freskotasuna, gaiak zegokien tonuan azaltzen ondo asmatu bait zuen.
Bertsolariei dagokienez, ezin esan inork bete-betean asmatu zuenik, tarteka ale politak botatzen zituzten arren saioak borobildu ezinik aritu ziren. Erregulartasunean nabarmendu ziren Gorka Azkarate Urretxuarra, Jone Uria Algortarra eta Jokin Labayen Arrasatearra, bertsoak osatzeko teknika ona dutela erakutsiz.
Ofiziotan egindako lanei buruz, zortziko handian saio polita osatu zuten Azkaratek eta Uriak, Labayen ere nabarmendu zen txikian egindako saioan, baina ofizio bizienak koplatakoak izan ziren. Bertan Gorka Azkarate eta Mikel Aiertzak ederki osatu zuten ofizioa elkarri erantzunez, Aizarnazabaldarrak gora-beherak izan zituen arren gaiak umore puntutik hartzen badakiela erakutsi zuen. Gauza bera Eneko Abasolo “Abarkas”-i buruz ere, Debako kanporaketan baino irregularrago aritu zen arren entzulearen irriparra irabazteko aleak bota zituen. Mikel Artola berriz ez zen bere onenean aritu, plazetan gutxi ibilia izanik nerbioek Soraluzeko kanporaketan emandako maila ematea galerazi zioten, izango du beste aukerarik.
Bakarkakoan berriz saioak behera egin zuen, lanik txukunena Azkaratek  eta Labayenek osatu zituzten.
Gauzak horrela, epailearen erabakia eta entzulearena bat etorri ziren buruz-burukora zuzenean pasa behar zen bertsolaria Jokin Labayen izan behar zela aukeratzerako orduan. Berekin lehiatuko zena Jone Uria, epaimahaikoen puntuazioetan Gorka Azkarate baino puntu bakar bat gehiagorekin bigarren postua lortu zuena.
Buruz-burukoan, sei puntuko motzean ofizioka 3na bertso eta hitza emanda hamarreko haundian bertso bat osatu behar zituzten. Arrasatearra nabarmendu zen bi ariketetan, azkenekoan “aukera” hitza gaitzat hartuta bertso borobila osatuz.

Saioaren antolaketa aldetik, Mutrikuko Gaztetxeko kideei zorionak!, bai egindako lan guztiagatik baita eguraldiak dena hankaz gora jarri arren erakutsitako ilusio eta prestutasunagatik.
Eta amaitzeko nola ez, eskerrik asko aurtengo Plazatik Gaztetxera aurrera ateratzeko lan egin duten guztiei eta gure deialdiei erantzunez saioetara joan eta bertsolariak animatu dituztenei!

Albiste gehiago

Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06

Elixabet Etxandi irabazle Baxe Nafarroako lehen Kopla Topelketa arrakastatsuan

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-12-06

Almen bertso-eskolaren 50. urteurrena Hitzetik Hortzeran

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak