Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2010-11-02

Miren Amuriza zuzenean sailkatu da finalerdietarako

446,5 puntu lortu zituen Igorreko saioan. Bere atzetik gelditu ziren Peio Ormazabal, Eneko Abasolo "Abarkas", Beñat Vidal, Ortzi Garitano eta Joanes Igeregi.

 Joan zen igandean jokatu zen Igorreko kiroldegian Bizkaiko Bertsolari Txapelketako laugarren kanporaketa. 570 entzule inguru bertaratu ziren saioa jarraitzera, eta giroan nabari zen txapelketaren tentsioa. Publikoak oso bero txalotu zituen bertsolariak. Honako hauek igo ziren oholtzara:

 Eneko Abasolo "Abarkas"
 Ortzi Garitano
 Peio Ormazabal
 Miren Amuriza
 Beñat Vidal
 Joanes Igeregi

 Leire Aurrekoetxea aritu zen gaiak jartzen. Hasieratik faboritoa zen Miren, eta hasieratik aritu zen besteak baino koska bat gorago. Zortziko handian Peio Ormazabalekin ekin zion lanari. Ezkondu zirenetik haur bat ekarri nahi eta ezinean zebiltzan biak. Peiok saio ona egin zuen, haur baten beharrik ez dutela zoriontsu izateko esanez. Dena den, Mirenek primeran erantzun zion eta oso dotore osatu zuten bertsoaldia.

 Beñat Vidal eta Joanes Igeregi ere dotore aritu ziren zortziko handikoan. Beñat irakasle beteranoa zen, eta, Joanes, berriz, hasi-berria. Klaseko lehenengo egunaren ondoren balorazioa egiten ari ziren biak. Beñatek adarra jo zion Joanesi, baina honek ondo erantzun zion eta saio ona osatu zuten hauek ere.

 Zortziko txikian gora egin zuen saioak, eta hor entzungo ziren, beharbada, saioko bertsoaldirik osoenak. Ortzi Garitano eta Peio Ormazabal hasi ziren lanean. Ortzi baserritarrak Peio suhia bidali zuen baratzara belar-txarrak kentzera, baina honek txarrak ez zirenak ere kendu zituen. Ortzi indartsu hasi bazen ere gogotik jo zion adarra Peiok, lotsagabe aritu zen, eta oso saio polita osatu zuten. Ikusten zen Peio goian ibiliko zela.

 Joanes Igeregi eta Eneko Abasolo "Abarkas" ere ondo ibili ziren. Txakurrarekin bizi zen aspalditik Joanes, baina Eneko bikotea berekin bizitzera joandakoan arazoak sortu ziren: Enekok ez zituen txakurrak begiko. Umoretsu ondu zuten biek bertsoaldia, elkarri bizi erantzunez. Enekok zortziko handian gozatu ez zuena gozatu zuen zortziko txikian. Joanes oso irudimentsu aritu zen bi ofizioetan, eta bukaeran seigarren gelditu bazen ere, publikoak asko gozatu zuen berarekin.

 Puntu-erantzunetan Miren Amuriza eta Peio Ormazabal nabarmendu ziren. Nabari zen koska bat beherago zebiltzala beste laurak.

 Kartzelako gaia, berriz, honako hau izan zuten: "Zure lehenengo laneguna da. Ordua baino lehen heldu zara lantokira. Ateak noiz zabalduko zain zaude". Hemen ere Miren Amurizak eta Peio Ormazabalek jaso zituzten puntu gehien. Peiok atzerrira lanera joan behar zuela esan zuen, behartsuenei laguntzera. Ondo osatu zuen bertsoaldia. Hala ere, Mirenen segurtasuna eta bertsotarako erraztasuna agerian gelditu ziren kartzelakoan. Etorkin baten paperetik kantatu zuen, eta berak jaso zituen txalorik gehien.

 Azkenean, honela gelditu zen sailkapena:

 1.- Miren Amuriza             446,5 puntu
 2.- Peio Ormazabal            392 puntu
 3.- Eneko Abasolo "Abarkas"   365,5 puntu
 4.- Beñat Vidal               333 puntu
 5.- Ortzi Garitano            331 puntu
 6.- Joanes Igeregi            327 puntu

 Ondorioz, Miren Amurizak zuzenean lortu du finalaurrekoetan aritzeko txartela. Berarekin batera, zuzenean sailkatuta daude Oihana Bartra, Jone Uria eta Ibon Ajuria ere. Peio Ormazabalek eta Eneko Abasolo "Abarkas"-ek ere aukera handiak dauzkate sailkatzeko. Hala ere, puntuazioen zain geratu beharko dute. Momentuz, azkeneko kanporaketaren faltan, halaxe dago kanporaketetako sailkapena:

 1.- Miren Amuriza          446,5 puntu (zuzenean sailkatua)
 2.- Oihana Bartra          412,5 puntu (zuzenean sailkatua)
 3.- Ibon Ajuria            410 pùntu (zuzenean sailkatua)
 4.- Gorka Ostolaza         400 puntu
 5.- Jone Uria              398,5 puntu (zuzenean sailkatua)
 6.- Arrate Illaro          392,5 puntu
 7.- Peio Ormazabal         392 puntu
 8.- Xabier Enbeita         370,5 puntu
 9.- Eneko Abasolo "Abarkas"365,5 puntu
 10.- Xabat Galletebeitia    364,5 puntu
 11.- Joseba Artza           363 puntu
 12.- Ander Elortegi         361,5 puntu
 13.- Iker Belaustegi       358,5 puntu
 14.- Iñaki Iturriotz       353 puntu
 15.- Itxaso Paia           349 puntu
 16.- Mikel Goiriena        347,5 puntu
 17.- Lander Ibarluzea      346,5 puntu
 18.- Julen Erezuma         342 puntu
 19.- Julen Sololuze        340 puntu
 20.- Beñat Vidal           333 puntu
 21.- Ortzi Garitano        331 puntu
 22.- Joanes Igeregi        327 puntu
 23.- Peru Vidal            308 puntu
 24.- Asier Legarreta       291,5 puntu

 Azkeneko kanporaketa datorren igandean jokatuko da, Erromoko Gobela kiroldegian, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Honako bertsolari hauek ariko dira bertsotan:

 Ion Barrocal
 Olatz Ibarluzea
 Eneko Arrate
 Gorka Lazkano
 Beñat Ugartetxea
 Eñaut Uruburu

 Honi buruzko informazio gehiago dakar Berriak.

 Orain dela aste batzuk Bertsoa.com-ek elkarrizketa mamitsua egin zion Miren Amurizari.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri