Zuzeneko elkarrizketak: Aitor Sarriegi 2010-11-03

"Nik uste dut txapelketena jarrera kontua dela"

1995ean Gipuzkoako Txapelketan hasi zenetik beti ibili izan da finaletatik gertu, harik eta 2007an Gipuzkoako Txapelketan finalera sartu zen arte. Geroztik Euskal Herriko finalean kantatu du.

"Orain kantatzen dutenentzat uste dut ez dela guretzat zen egun magiko hori"

 Bertsoa.com-ek zuzeneko elkarrizketekin jarraitzen du. Aste honetan Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarra izan da gonbidatua. Gaur egun bertsolari ezaguna bada ere, ez ditu ahaztu hasierako urratsak: "Nik uste gure inguruko jende gehientsuena bezala ikastolan bertso batzuk egiten genituela tarteka, eta izeba batek komentatu zidan nola Goierrin bazen bertso-eskola. Hirugarren mailan hasi nintzen, baina bi urte egon nintzen joan gabe, katekesiarekin koinziditzen zuelako. Berriz ahal izan nuenean itzuli nintzen bertso-eskolara. Batipat idazten aritzen ginen gu. 1989an Amaia Antzokian, Arrasaten kantatu nuen lehenengo aldiz Eskolarteko batean. Oroitzapen ona daukat. Hiru puntu kantatu eta eseri egin nintzen, baina orokorrean oroitzapen ona daukat. Ni idatzizko mundutik nentorren; nire adineko jendea urte batzuk lehenagotik bat-batean ateratzen zen Eskolartekoan, baina finalean sartzea izaten zen helburua eta lehenengo urte hartan ez baina gainerakoetan lortu nuen".

 Garai batean Eskolarteko finalak egun-pasa izaten zirela gogoan du, eta faltan botatzen du hori orain. "Orain kantatzen dutenentzat uste dut ez dela guretzat zen egun magiko hori".

 Aitor Sarriegi hasieran bertso-eskolan aritzen zen. "Goierriko bertso-eskolan bat-bateko talde batean elkartzen ginen Nikolas Zeberio, Euxebio Igartzabal, Munduate... horiek izan ziren gure gidari. Gipuzkoako Herriartekoaren inguruan hasi ginen ostiral iluntzeetan elkartzen, Nikolas Zeberiok gaiak jarrita. Nikolasek gaiak jartzeari uztearekin batera desegin zen taldea". Geroztik egin izan omen dituzte saiakerak berriz elkartzen hasteko, baina ez omen dute lortu berriz asteroko talde finkoa osatzerik.

 Askotan aipatu izan da koska handia dagoela Eskolarteko Txapelketatik beste zirkuituetara, baina Aitorrek ez du halakorik gogoan. "Niretzat goxoa izan zen. 1995eko Gipuzkoako Txapelketan izan zen. Pretentsio handirik gabe nindoan; halakoetan ez da jakiten zure burua non kokatu. Nik ez nekien finalaurrekoetara edo finalera iristeko aukerarik izan nezakeen edo lehenengo bueltan bertsolari beteranoren batek sekulako pasada emango zidan. Gero saioak aurrera joan ahala finalaurrekoetarako sailkatu nintzen. Ni horrekin gustura geratu nintzen, Euskal Herrikoan aritzeko txartela lortu nuen eta". Ez omen zuen izugarrizko presiorik sentitzen hasieran, nahiz eta 1997ko Euskal Herriko Txapelketan igarri zuen desberdintasuna. Geroztik finalaurrekoetara sailkatu izan da parte hartzen zuen txapelketa gehienetan, eta ez zuen espero hortik gora egin zezakeenik.


"Nik uste dut txapelketena jarrera kontua dela"

 Bertsolarientzat txapelketa plaza berezia izan ohi da. "Niri txapelketako plaza gustatzen zait. Esker oneko plaza da. Gaizki pasatzen da, norberak baino gehiago ingurukoek aurreko egunetan. Nik azkeneko lau bat urteotan usaina hartu diot jendeak pintzekin hartzeko ibiltzen naizela txapelketan. Iruditzen zait txapelketan gehienok gure buruari exijitzen diogula bestela exijitzen ez dioguna. Bestela plazan egitera ausartzen ez garen ahaleginak egiten ditugu. Nire esperientzia orokorrean ona izan da. Disgustuak ere izaten dira, baina gustatzen zait txapelketan saio aurretik egoten den hori".

 Hainbat bertsolariri gogorra egiten zaio bere lana epaitua izatea. "Ni epaitua izateko prest nago. Uste dut gainerako bertsolariak epaitzen ditugula denok. Irizpideetan egon daitezke desadostasunak, baina berez ez daukat arazorik epaitua izateko. Haserrealdi arin batzuk izaten dira horren ondorioz, baina ez dut uste sekula intentzio txarrik egon denik eta, gainera, bat-batean egindako lana da; bertsolariak eta epaileak inprobisatzen du".

 Txapelketan ariketak aurretik egoten dira markatuta. Eroso aritzen ote den galdetuta hona bere erantzuna: "Txapelketaren egitura bera da lotua: ofizioka bertso kopuru mugatu bat daukazun momentutik, gai bat jarri eta neurria ere finkatuta dagoen momentutik hesitura hori ere jarrita dago. Puntuatzearen gaia horrekin batera dator. Txapelketaren egitura bera da zurruna eta estatikoa une honetan planteatuta dagoen bezala. Ni nahiko eroso sentitzen naiz non hasi eta non bukatu badakidalako, kalkulatzaile xamarra naizela uste dut. Ni eroso sentitzen naiz. Ulertzen dut beste asko ez sentitzea eroso".

 Prestaketa aldetik, Aitor Sarriegik ez dauka errezeta sekreturik: "Denetik probatu dudala uste dut. Lehenengo txapelketatik hamabost urte pasa dira eta uste dut txapelketa bat ez dudala beste bat bezala prestatu sekula. Talde handitan biltzetik pertsona bakarrarekin biltzera; inorekin ez biltzera; ez prestatzera (bertsoen lanketari dagokionez)... Nik uste dut txapelketena jarrera kontua dela. Harrapatzen zaituen momentuak ere zerikusi handia dauka, baina txapelketarekiko daukazun jarrerak ere bai. Prestakuntza teknikoa zenbat eta mamituago eduki hobe, baina uste dut funtsa jarreran dagoela. Jarrera aktiboago batean zaude egun osoan; nik kontzienteki ez dut egiten baina inkontzienteki bai".

 Urte asko pasa ditu Aitorrek finaletatik gertu, sekula final batean kantatu gabe, harik eta 2007an Gipuzkoako Txapelketan sartu arte. "Ez dakit, orain dela gutxi batek esan zidan Gipuzkoako Txapelketara Euskal Herriko Txapelketarako txartelaren bila joanez gero hori lortutakoan nahi gabe erlaxatu egiten zarela eta finalerako behar duzun hagin zorrotz hori ez daukazula. Ez dakit. Zortea esan liteke... Nik, egia esan behar badut, 2005ean bi puntu t`erdira gelditu arren Euskal Herriko Txapelketako finaletik nire buruari ez diot aukera errealik ikusi inoiz. Beti ikusi ditut ni baino hamar-hamabi hobeto txapelketan bertan". Dena den, onartzen du, agian, Gipuzkoako finalak konbentzimendua eman ziola. Euskal Herriko Txapelketetan urtez urte finaletik gertuago egon delakoan dago 1997tik hona. 2005ean finaletik bi puntu t`erdira gelditu zenetik ikusi zuen hortik aurrera gehiago egin zezakeela.

 Behin Gipuzkoako finalean sartuta Euskal Herrikoan ere sartu zen iaz. "Orain lasaixeago kantatzen dudala iruditzen zait. Lehen baneuzkala uste dudan gauza on batzuk galdu ditudala ere jabetzen naiz. Txapelketarako jarrera bada garrantzitsua zenbait gauza berriz lantzea berriz komeniko zait. Ez dut uste nire bertsokera hainbeste aldatu denik azkeneko hamar urteotan, eta ez dakit hori ona edo txarra den".

 Azkeneko finalaz gustura mintzo da. "Oso oroitzapen ona daukat. Finalaurrekoan emozio eta barruko eztanda handi hori bizi izan ondoren erlaxatuta joan nintzen Barakaldora, aukeran gehiegi. Behin han egonda pentsatzen duzu agian ez zarela berriz han egongo, hori dela momentua, zerbait egin beharra dagoela... Estu ez nintzen sentitzen baina helduleku bat falta zitzaidan, tentsio-gune bat egin nahi nuen saioa borobiltzeko. Uste dut ez nuela saio txarra egin, baina uste dut ez dela txarra ez egiteko lekua bakarrik, zerbait gehiago denok egin nahi dugu". Finala ere berezia izan zela uste du. Alde batetik, Andoni Egañaren azkenekoa zelako. Aitor sekula kantatu gabea zen berarekin txapelketan eta badauka poz hori. Maialenek irabazteak ere berezi egin omen zuen finala. Lehenengo emakumea izateaz gain, biak belaunaldi bereko kide izaki, eskolartekoetan batera aritu ziren.

 Final hartatik hona zer aldatu den galdetuta barrez erantzuten du: "osasunean galdu dut". "Lehen baino plaza gehiago egin ditut, baina gero plazan egin ezean iraupen laburra dauka. Gustatzen zait plazan kantatzea; nekatu ere egin naiz astean lan egin eta asteburuan saioak edukitzeak nekatu ere egiten du".


"Txapelketan puntan ibili gabe plazan puntan dabiltzan bertsolariek meritu handia daukate"

  Euskal Herriko Txapelketaren ondoren nekatu xamar ibili bada ere, plazan gero eta hobeto omen dabil Aitor Sarriegi: "Erosoago sentitzen naiz orain. Hasieran sentitzen nuen etengabe demostratu beharra ez zela kasualitate bat. Nik pentsatzen dut nahiko ikasle motela naizela. Badago bertsolari jendea plaza asko behar ez dituena plazak irakurtzen ikasteko. Nik denbora asko behar dut eta uste dut pixka bat kosta zaidala rol horri dagozkion alde horiek ikustea. Lehen baino konfiantza gehiagorekin sentitzen naiz, hala ere, plazan kantatzeko".

 Dena den, orain arte, txapelketetan oso emaitza onak lortu arren plazan ez da beste bertsolari batzuen kopuruetan ibili. "Normala iruditzen zait niri. Bertsolaritza arte bat dela inork ez du zalantzan jartzen eta arte diziplina denetan gertatzen da hori. Nik ez diot buelta gehiegi ematen uste dudalako badakidala zein den nire tokia eta, batipat, ez delako ez nire akats bat eta ezta bertso munduko injustizia bat ere. Aurten inoiz baino plaza gehiago egin ditut eta ez dakit gai izango nintzatekeen gehiago egiteko. Aurten 70-80 plaza egingo ditut eta niretzat bada nahikoa, eman nahi duenak badauka non emana kantitate horretan. Txapelketan hamarretan sartu gabe 120 plaza egiten dituen bertsolariak... horrek asko esan nahi du eta ez da kasualitatea, hark plazan irabazi duelako. Zer pentsatua eman beharko liguke plazan plaza irabazten duen bertsolariak txapelketan zergatik ez daukan beste ibilbide bat. Ni konforme nago tokatzen zaidan partearekin eta uste dut, gainera, txapelketan puntan ibili gabe plazan puntan dabiltzan bertsolariek meritu handia daukatela".

 Bat-batean bertsolari estimatua izateaz gain, bertsopaper ugari idatzitakoa da Aitor Sarriegi. "Bat-batean, agian, noizbait erabili ahal izango diren trikimailuak sortzeko tresna ona da bertsopapera: errima estuagoak, beste lotura batzuk... Beste jolas batzuk egiteko aukera ematen du eta, batipat, hobetzeko. Ez zuzeneko komunikazioari dagokionez baina oinarrizko teknika bat edukitzeko bai. Garai batean asko idatzi nituen baina gaur egun ez ditut hainbeste idazten".

 Bat-batekoan hobetzeko tresna moduan ikusten ditu, beraz, bertsopaperak. "Genero desberdintzat hartzen ditut. Hala ere, gaur egun ez dakit garbi gaur egun zein den bere lekua. Bertsopapera irudi munduan eta multimedia munduan bizi garen garaian horixe da, papera. Iritsi zaigu beste formatu batean, kanta bezala adibidez, baina orduan kanta bezala ikusten ditugu, ez bertsopaper bezala. Agian beste multimedia produkzio batzuk ere interesgarri izan daitezke. Baina bertsopapera, gaur egun ulertzen dugun bezala, ez dakit ze paper betetzera datorren". Garai batean bertsopaperek kronista funtzioa betetzen bazuten ere, gaur egun horretarako beste baliabide batzuk daudelakoan dago Aitor, azkarrago iristen direnak (telebistako irudiak, adibidez). Istorio txikiagoak kontatzeko balio dezaketela uste du, hala ere.

 Lehenago bertsopaper lehiaketa ugaritan parte hartu bazuen ere, aldatu dira gauzak. "Utzi nion sariketetan aurkezteari, zer idatzia falta zitzaidalako. Hasiera batean bertso-sorta bat idazten nuen eta gero bidaltzen nuen sariketara. Gero hasi nintzen sariketarako propio idazten, horretarako gaia bilatuta. "Orain maitasunezko batzuk egingo ditut", nahiz eta enamoratuta ez egon... Gai bila ibiltzen nintzen lehiaketara bertsoak bidaltzeko. Eta pentsatu nuen zeri buruz idatzi ez nekien bitartean ez nituela bidaliko. Hurrengo bultzada izan zen Argian orain dela bi urte proposatu zidatenean idazteko. Baina garbi neukan ez nuela idatziko gauza erabat atenporal edo ezerezari buruz. Eta oker ez banago hamar sortarako konpromezua hartu eta bederatzi idatzitakoan gairik gabe gelditu nintzen. Uste dut Argiak badaukala altxor potolo bat hor, eta seguru asko Argiako bertsopaperak izango dira gehien zabaltzen direnak, hainbeste bertsopaper lehiaketa egonda".

 Garbi dauka gaur egun bertsotan hasi nahian dabilen bati ze aholku emango liokeen: "Presarik ez izateko, hori aurrenekoa. Bertsolaria gaur egun pertsonaia publikoa da. Batzuentzat "Maialen Lujanbio" esan edo "Cristiano Ronaldo" esan pareko figura bat da. Hori da umeek ikusten dutena. Umeek ikusten dute denaren alde polita: ikusten dute txapelduna, ikusten dute txapeldunordea, ikusten dituzte bertsolariak han eta hemen... Ni kezkatzen nauen kontu bat da, iruditzen zaidalako badagoela arriskua futbolarekin gertatzen den itsumen puntu horretara iristeko. Ume batek Eskolartekoan lau txapel atera dituelako zuzenean BECen jarri nahiko dugu, baina joango da bere herrialdeko txapelketara eta kanpoan geratuko da, edo joango da Osinaldera eta kanporaketan bertan kanpora geratuko da. Eta, seguruena, gertatu dakiokeen gauza onena izango da. Presarik ez izateko, bere buruarengan sinesteko eta gustatzen zaiona egiteko esango nioke. Bertso mundua zabala da. Ez dago BEC bakarrik, ez dago Ilunbe bakarrik, ez daude produktu izarrak bakarrik. Bertsolarietatik harago doan mundu bat da, bertso-eskolen sare bat dago... Bere burua hor non kokatzen duen berak ikusi dezala denborarekin. Eta ez dadila frustratuta sentitu kota horietako batera ez bada iristen. Eta gurasoek ere garbi eduki dezatela hori.

 Eta, hemendik aurrera zer? Ba hauxe: "Datorren urtean Gipuzkoako Txapelketa izango da eta talde antolatzailean bagabiltza jada egiturarekin. Alde batetik gorputzak deskantsatzeko eskatzen dit, baina, beste alde batetik, lehenengo aldia da Gipuzkoako Txapelketan parte ez hartzeko aukera edukiko nukeena Euskal Herrikorako txartela edukita. Baina Gipuzkoako Txapelketetan parte hartu izan dudanetan beti gustatu izan zait txartela zeukatenek ere parte hartzea eta Gipuzkoako Txapelketak ahal den partehartze zabalena behar duela iruditzen zait". Joango dela dio, eta gogotsu gainera. Lehenengo fasea pasatzea gustatuko omen litzaioke, bere aurretik gelditu den norbaiti Euskal Herriko Txapelketan lekurik ez kentzeko. Finalera sartzea ere gustatuko litzaioke, baina ez sartzea ez omen litzateke hain traumatikoa izango. Plazetan energiarekin sentitzen da, eta bere burua gehiago probatu nahiko omen luke, bere burua estutzeko.


Aurreko Elkarrizketak:

Jone Miren Hernandez
Miren Amuriza
Joana Itzaina
Anjel Mari Peñagarikano

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri