"Txapelketan puntan ibili gabe plazan puntan dabiltzan bertsolariek meritu handia daukate"
Plazan gero eta gusturago sentitzen dela dio. Bertsopaperek beren funtzioa galdu dutelakoan dago, eta beste zerbait pentsatu beharko litzatekeela. Hemendik aurrerakoan, plazan bere burua probatu nahiko luke.
Euskal Herriko Txapelketaren ondoren nekatu xamar ibili bada ere, plazan gero eta hobeto omen dabil Aitor Sarriegi: "Erosoago sentitzen naiz orain. Hasieran sentitzen nuen etengabe demostratu beharra ez zela kasualitate bat. Nik pentsatzen dut nahiko ikasle motela naizela. Badago bertsolari jendea plaza asko behar ez dituena plazak irakurtzen ikasteko. Nik denbora asko behar dut eta uste dut pixka bat kosta zaidala rol horri dagozkion alde horiek ikustea. Lehen baino konfiantza gehiagorekin sentitzen naiz, hala ere, plazan kantatzeko".
Dena den, orain arte, txapelketetan oso emaitza onak lortu arren plazan ez da beste bertsolari batzuen kopuruetan ibili. "Normala iruditzen zait niri. Bertsolaritza arte bat dela inork ez du zalantzan jartzen eta arte diziplina denetan gertatzen da hori. Nik ez diot buelta gehiegi ematen uste dudalako badakidala zein den nire tokia eta, batipat, ez delako ez nire akats bat eta ezta bertso munduko injustizia bat ere. Aurten inoiz baino plaza gehiago egin ditut eta ez dakit gai izango nintzatekeen gehiago egiteko. Aurten 70-80 plaza egingo ditut eta niretzat bada nahikoa, eman nahi duenak badauka non emana kantitate horretan. Txapelketan hamarretan sartu gabe 120 plaza egiten dituen bertsolariak... horrek asko esan nahi du eta ez da kasualitatea, hark plazan irabazi duelako. Zer pentsatua eman beharko liguke plazan plaza irabazten duen bertsolariak txapelketan zergatik ez daukan beste ibilbide bat. Ni konforme nago tokatzen zaidan partearekin eta uste dut, gainera, txapelketan puntan ibili gabe plazan puntan dabiltzan bertsolariek meritu handia daukatela".
Bat-batean bertsolari estimatua izateaz gain, bertsopaper ugari idatzitakoa da Aitor Sarriegi. "Bat-batean, agian, noizbait erabili ahal izango diren trikimailuak sortzeko tresna ona da bertsopapera: errima estuagoak, beste lotura batzuk... Beste jolas batzuk egiteko aukera ematen du eta, batipat, hobetzeko. Ez zuzeneko komunikazioari dagokionez baina oinarrizko teknika bat edukitzeko bai. Garai batean asko idatzi nituen baina gaur egun ez ditut hainbeste idazten".
Bat-batekoan hobetzeko tresna moduan ikusten ditu, beraz, bertsopaperak. "Genero desberdintzat hartzen ditut. Hala ere, gaur egun ez dakit garbi gaur egun zein den bere lekua. Bertsopapera irudi munduan eta multimedia munduan bizi garen garaian horixe da, papera. Iritsi zaigu beste formatu batean, kanta bezala adibidez, baina orduan kanta bezala ikusten ditugu, ez bertsopaper bezala. Agian beste multimedia produkzio batzuk ere interesgarri izan daitezke. Baina bertsopapera, gaur egun ulertzen dugun bezala, ez dakit ze paper betetzera datorren". Garai batean bertsopaperek kronista funtzioa betetzen bazuten ere, gaur egun horretarako beste baliabide batzuk daudelakoan dago Aitor, azkarrago iristen direnak (telebistako irudiak, adibidez). Istorio txikiagoak kontatzeko balio dezaketela uste du, hala ere.
Lehenago bertsopaper lehiaketa ugaritan parte hartu bazuen ere, aldatu dira gauzak. "Utzi nion sariketetan aurkezteari, zer idatzia falta zitzaidalako. Hasiera batean bertso-sorta bat idazten nuen eta gero bidaltzen nuen sariketara. Gero hasi nintzen sariketarako propio idazten, horretarako gaia bilatuta. "Orain maitasunezko batzuk egingo ditut", nahiz eta enamoratuta ez egon... Gai bila ibiltzen nintzen lehiaketara bertsoak bidaltzeko. Eta pentsatu nuen zeri buruz idatzi ez nekien bitartean ez nituela bidaliko. Hurrengo bultzada izan zen Argian orain dela bi urte proposatu zidatenean idazteko. Baina garbi neukan ez nuela idatziko gauza erabat atenporal edo ezerezari buruz. Eta oker ez banago hamar sortarako konpromezua hartu eta bederatzi idatzitakoan gairik gabe gelditu nintzen. Uste dut Argiak badaukala altxor potolo bat hor, eta seguru asko Argiako bertsopaperak izango dira gehien zabaltzen direnak, hainbeste bertsopaper lehiaketa egonda".
Garbi dauka gaur egun bertsotan hasi nahian dabilen bati ze aholku emango liokeen: "Presarik ez izateko, hori aurrenekoa. Bertsolaria gaur egun pertsonaia publikoa da. Batzuentzat "Maialen Lujanbio" esan edo "Cristiano Ronaldo" esan pareko figura bat da. Hori da umeek ikusten dutena. Umeek ikusten dute denaren alde polita: ikusten dute txapelduna, ikusten dute txapeldunordea, ikusten dituzte bertsolariak han eta hemen... Ni kezkatzen nauen kontu bat da, iruditzen zaidalako badagoela arriskua futbolarekin gertatzen den itsumen puntu horretara iristeko. Ume batek Eskolartekoan lau txapel atera dituelako zuzenean BECen jarri nahiko dugu, baina joango da bere herrialdeko txapelketara eta kanpoan geratuko da, edo joango da Osinaldera eta kanporaketan bertan kanpora geratuko da. Eta, seguruena, gertatu dakiokeen gauza onena izango da. Presarik ez izateko, bere buruarengan sinesteko eta gustatzen zaiona egiteko esango nioke. Bertso mundua zabala da. Ez dago BEC bakarrik, ez dago Ilunbe bakarrik, ez daude produktu izarrak bakarrik. Bertsolarietatik harago doan mundu bat da, bertso-eskolen sare bat dago... Bere burua hor non kokatzen duen berak ikusi dezala denborarekin. Eta ez dadila frustratuta sentitu kota horietako batera ez bada iristen. Eta gurasoek ere garbi eduki dezatela hori.
Eta, hemendik aurrera zer? Ba hauxe: "Datorren urtean Gipuzkoako Txapelketa izango da eta talde antolatzailean bagabiltza jada egiturarekin. Alde batetik gorputzak deskantsatzeko eskatzen dit, baina, beste alde batetik, lehenengo aldia da Gipuzkoako Txapelketan parte ez hartzeko aukera edukiko nukeena Euskal Herrikorako txartela edukita. Baina Gipuzkoako Txapelketetan parte hartu izan dudanetan beti gustatu izan zait txartela zeukatenek ere parte hartzea eta Gipuzkoako Txapelketak ahal den partehartze zabalena behar duela iruditzen zait". Joango dela dio, eta gogotsu gainera. Lehenengo fasea pasatzea gustatuko omen litzaioke, bere aurretik gelditu den norbaiti Euskal Herriko Txapelketan lekurik ez kentzeko. Finalera sartzea ere gustatuko litzaioke, baina ez sartzea ez omen litzateke hain traumatikoa izango. Plazetan energiarekin sentitzen da, eta bere burua gehiago probatu nahiko omen luke, bere burua estutzeko.