80 bat entzule bertaratu ziren 2010-11-04

Museoaren urteurrena bertsotan ospatu zuten Añorgan

Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Unai Gaztelumendi aritu ziren bertsotan, Unai Elizasu gai-jartzaile zela. Saio gora-beheratsua izan zen.
 Añorgako Porlanaren Museoak 10 urte bete zituen urrian. Hori dela eta, bertso-saioa egin zuten joan zen ostegunean, museoaren kanpoaldean propio jarritako karpa baten barruan. 80 bat entzule gerturatu ziren saioa jarraitzera. Oholtza gainera honako bertsolari hauek igo ziren:

 Maialen Lujanbio
 Andoni Egaña
 Beñat Gaztelumendi
 Unai Gaztelumendi

 Unai Elizasu aritu zen gaiak jartzen. Hasieran lauak altxarazi zituen, porlana zer den azaltzera. Umoretsu aritu ziren motorrak berotzen hasteko.

 Ondoren, bi anaiak, Beñat eta Unai, aritu ziren binaka. Gazteak izaki egoera politikoari esperantzaz begiratzeko eskatu zien Unai Elizasuk, zaharragoetan ez baitute gauza bera ikusten. Saio polita osatu zuten biek, baina, agian, konkretuago egitea falta izan zitzaien.

 Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok Añorgako gai bati buruz kantatu behar izan zuten. Añorgako nesken futbol taldeak sona handia lortu zuen Euskal Herrian. Andoni eta Maialen Rezola enpresako zuzendaritza-kide paperean jarri zituen Elizasuk. Maialen futbolaria ere bada, eta zuzendaritza bileran erabaki beharra daukate Rezolak jarraituko duen futbol-taldea diruz laguntzen edo ez. Saio dotorea osatu zuten bi bertsolariek, harrobiaren irudia ederki baliatuz.

 Beñat Gaztelumendik bakarka kantatu zuen orduan. Gaia aktualitate handikoa zen: "Zure amaren aurkako epaiketan zaude. Eta burura, duela 10 urte amak esaten zizuna datorkizu: “lasai seme, aita horrelakoa da”". Saio polita osatu zuen añorgarrak. Bigarren bertsoan argia joan zen, eta jende artean ezinegona sortu zuen horrek.

 Gai serioen ondoren umorerako txanda iritsi zen berriz. Hiru txerritxoak lau bilakatu zituen Unai Elizasuk: Unai Gaztelumendik lastozko etxea egin zuen, Beñatek egurrezkoa eta Andonik harrizkoa. Denak erori zirenean Maialeni haren porlanezko etxera sartzeko baimen eske joan zitzaizkion beste hirurak. Jendeak gogotik egin zuen barre, Maialenen erantzunekin batez ere. Hau izango zen, agian, saioaren une gorena.

 Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi altxa ziren gero. Norbaitek idatzia omen da Añorga Donostia baino lehenago sortu zela eta añorgatar batzuk sortu zutela Donostia: Beñatek eta Andonik. Bakoitzak zer sortu zuen kontatzen aritu ziren ironia handiz. Publikoak eskertu egiten ditu gertuko gaiak, eta osteguneko saioan ere halaxe gertatu zen.

 Gerturatzen ari da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta horren inguruan aritu ziren Unai Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio. Unaik mezu bat bidali zion Maialeni, ea berarekin entrenatzerik izango zuen galdetuz. Zortziko txikian saio bizia osatu zuten biek.

 Ondoren iritsi zen saioko ariketa bitxiena. Bertsolariek bina bertso kantatu behar izan zituzten zortziko txikian. Lehenengoan ahalik eta hitz gutxien erabilita eta bigarrenean ahalik eta gehien. Publikoak gozatu ederra hartu zuen bertsolarien ahalegina ikusita.

 Binakako bertsoaldi banarekin bukatu zen saioa. Lehenik Andoni Egaña eta Unai Gaztelumendi zementua lantzen aritu ziren. Bukatzeko, Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok puntuka egin zuten Añorgaren errepasoa.

 Saioa nahiko gora-beheratsua izan bazen ere, entzuleek asko gozatu zuten. Añorgan urtean zehar ez dira bertso-saio gehiegi antolatzen, eta bertako bertsozaleek eskertu zuten emandako aukera.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri