Azaroaren 26an eta 24an itxiko dira lanak bidaltzeko epeak. Sariak abenduaren 26an eta abenduaren 18an banatuko dira.
Euskal Herrian hainbat bertsopaper lehiaketa antolatzen dira urtean zehar. Egun hauetan batean baino gehiagotan parte hartzeko epeak daude zabalik.
Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolak eta Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak Zapirain Anaiak eta Ibon Zabala sariketak antolatzen dituzte.
Zapirain Anaiak saria 17 urtetik gorakoei dago zuzenduta. Aurtengoa hogeita bigarren edizioa izango da. Euskal Herriko edonork har dezake parte, baina lehiakide bakoitzak baldintza batzuk bete beharko ditu. Alde batetik, sorta bakoitzak 8 bertso eduki beharko ditu gutxienez eta 14 gehienez. Gainera, partehartzaile bakoitzak hiru sorta bidali ahal oizango ditu gehienez. Gaia librea izango da. Sariei dagokienez, irabazleak 500 euro eta oroigarria eskuratuko ditu eta bigarren sailkatuak 250 euro. Horrez gain, bi aipamen berezi edo akzesit ere eman ditzake epaimahaiak.
Ibon Zabala bertsopaper lehiaketa 17 urtetik beherakoei dago zuzendua. Hamabigarren edizioa izango du aurtengoa eta Euskal Herriko edozein txokotako bertso-jartzaileek har dezakete parte. Gutxienez 4 bertso eta gehienez 6 bidali beharko dira, eta lehiakide bakoitzak, hemen ere, hiru sorta bidali ahal izango ditu gehienez. Gaia librea izango da. Irabazleak 120 euro eta oroigarria jasoko ditu, bigarrenak 90 euro eta hirugarrenak 60. Hemen ere epaimahaiak bi akzesit emateko aukera dauka.
Bi hauetan parte hartzeko epea azaroaren 26an itxiko da. Sariak, berriz, abenduaren 24an banatuko dira. Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.
Mutrikuko bertso-eskolak, berriz, Okelar Anaiak Bertsopaper lehiaketa antolatu du. Hemen bi kategoria bereiziko dira. 16 urtetik beherakoek gutxienez 3 bertso edo 6 kopla idatzi beharko dituzte. Kategoria honetako irabazleak txapela, 90 euro eta oparia jasoko ditu eta bigarrenak, berriz, 50 euro eta oparia. Helduek, 17 urtetik gorakoek, gutxienez 6 bertso idatzi beharko dituzte. Irabazleak txapela eta 350 euro jasoko ditu eta bigarrenak, berriz, 200.
Lanak azaroaren 24a baino lehen aurkeztu beharko dira. Sariak abenduaren 18an banatuko dituzte. Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.