Iurre Elkartean egin zen bertso-afaria 2010-11-05

Tolosako bertsoak ere ikusgai daude Bertsoa.com-en

Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña aritu ziren kantuan, Alex Perurena gai-jartzaile zutela. 85 bat bertsozale izan zituzten mahaiaren bueltan.
 Urriaren 23an bertso-afari bat egin zuten Tolosan, Iurre elkartean. Urteroko saioa da honako hau eta aurten 85 bat lagun gerturatu ziren saioa jarraitzeko asmoz. Kartela ere goi-mailakoa zen:

 Andoni Egaña
 Amets Arzallus
 Maialen Lujanbio

 Hasierako libreko saioaren ondoren Alex Perurena aritu zen hirurei gaiak jartzen. Hasieran Ametsen buruan zegoen zorriaren larruan sartu zuen Andoni Egaña. Eta hantxe zegoen buruan, zain, Maialen noiz gerturatuko.

 Ondoren Andoni eta Amets jarri zituen lanean. Andoni hondartzara joan zen, toaila lurrean jarri eta hor zegoen lasai, harik eta Amets krema pote batekin zerbait eskaintzera hurbildu arte. Biak elkarrekin aritu ziren, harik eta Alexek Maialen altxarazi zuen Ametsen ordez. Izan ere, Andonik nazkatuta uretara alde egindakoan Maialen, medusa, baitzeukan zain.

 Euskal prentsa arrosaren lehen alea atera ondoren Txileko meatzariei begira jarri ziren, baina umorez. Izan ere, lurpetik ateratako 33 meatzarietako bat zen Maialen. Baina, kanpoan sorpresa bat zeukan zain: Amets eta Andoni, maitalea eta emaztea, biak joan ziren bere bila.

 Denak bakarka ere aritu ziren gero. Ametsek Amerikara lanera joandako euskaldun baten paperetik kantatu zuen. Maialenek bakea izan zuen kantagai. Eta Andoniri, berriz, honako gai hau jarri zion Alexek: "zerbaitetan onak direnak mito bihurtzeko, gazterik hil behar omen da. Zer diozu?"

 Jolas berezi bat ere egin zuten: bakoitzak pegatina bat jarri zuen buruan. Pegatina horretan ageri zen bertsolari bakoitza ze pertsonaia zen: Amets Juan Mari Arzak, Maialen Edurne Pasaban, Maialen Maialen Lujanbio eta Andoni Andoni Egaña. Bakoitzak ezin zuen buruan zeukana irakurri, eta asmatu egin behar izan zuten.

 Puntuka saiotxo bat egin ondoren Maialen eta Andoni hasi ziren kantuan. Elkarrekin gaizki konpontzen ziren bizilagunak ziren garaian, eta, hara non zahar-etxera joan eta elkarrekin topo egiten duten.

 Puntukako bertsoaldi batekin amaitu zen saioa.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri