Zuzeneko Elkarrizketak: Zuberoako bertso-eskola 2010-11-20

"Ez deno ezagutzen euskara hizkuntza ofizial bezala, urratsak beti tipi izanen dira"

Erakundeetatik zenbait laguntza jasotzen dituzte saioak antolatzeko eta gazteen taldean irakasle bat edukitzeko. Dena den, etorkizunerako erronka gogorrak dauzka Zuberoan bertsolaritzak, eta euskarak ere bai.
 Baina, ze dinamika bultzatu beharko lirateke Zuberoan bertsolaritzak aurrera egin dezan? Mixel Etxekoparren iritziz Bertsularien Lagunak elkartea lan handia egiten ari da. Baina giltza bere taldean dagoela uste du. Zuberoako kantu-eskolek lehen funtzionatu zuten moduak balio dezakeela uste du: "guk plazer hartzen badugu eta plazan plazerra hartzen badugu segur izanen dugu jarraitzea". Dena den, ez du zalantzan jartzen Euskal Herrian osotasun bezala hartu behar dela bertsoaren mundua.

 Joanes Etxebarriaren iritziz orain arte zabaldu izan diren bideek beren fruituak ekartzen dituzte, nahiz eta bidea oso luzea izan eta emaitzak emeki-emeki ikusi. Urte gutxi dira saioak antolatzen hasi zirenetik, baina, bere ustez, bada bertsozale talde trinko bat. Beraz, oraingo bidea ona delakoan dago, jende asko baita plazer hartzen duena.

 Herriko Etxetik jasotako erantzunarekin pozik dago Mixel Etxekopar. Aurten, esaterako, bertatik atera da Bertso-Jazza Maulera eramateko dirua. Geroz eta jende gehiago ari da ohartzen bertsoa zer den, euskaldun izan arren askok ez baitzekiten zer zen ere. "Mauleko auzapeza euskalduna da, euskaltzalea, eta badakit esker handia diola bertsoari eta bertsoaren emaileari. Bertsoa botatzen dugunean, izan dadin Barkoxen edo Larrainen, nonbait pizten da Ligets eta Etxahunen izpiritua. Nik hori dut atsegin".

 Ramuntxo Christyk Zuberoako Herri Elkargotik jasotako laguntza ere eskertzen du, horri esker jarraitzen baitute aurrera. Besteak beste, gazteen bertso-eskolara irakasle bat etortzen da, eta horretarako beharrezkoa da diru-laguntza. Joanes, dena den, ez dago hain gustura: "Nik uste dut urratsak eman direla, adibidez Bertso-Jazza Herriko Etxearen laguntzaz ekarri zen hona. Baina badakit Bertso-Jazza ekarri aitzin kultur-teknikariak galdatu zidala frantsesez: "hire ustez bertsoa maitatuko die jendek, ez da kakingarri izanen? Nik galdetu diat Herriko Etxean euskalduner eta horientzat kakingarri duk". Holako jendea hor deno ez dira animaleko urratsak ematen ahal". Gainera, euskararen egoerari lotua ikusten du bertsolaritzaren etorkizuna ere: "Ez deno ezagutzen euskara hemengo hizkuntza bezala, hizkuntza ofizial bezala, urratsak beti tipi izanen dira. Eta egia da orain sos laguntzak badirela eta beste, baina domaia dena da herri mugimenduak duela beti tiratzen instituzioarengana eta sos amiñi bat hartzen hola. Sosa baita, ez da inplikazioa izan politikoa orain artean. Ea noiz heltzen zaigun momentua ikusteko gure kargudunak egiten egiazko pario ausartak euskararen alde. Hemen instituzionalki bada lan erraldoia egiteko eta, oraingoz, beti herritarrek ditugu tiratzen gure kargudunak eta hori kanbiatuko delarik, beharbada, ni positibo izanez naiz baina horra arte ez". "Positibo eta zahar izanen haiz" erantzuten dio Mixel Etxekoparrek, irriz.

 Johaiñe Sarrailletek dio hasieran bi lagun zirela bertso-eskolan, ondoren beste bi hasi zirela baina utzi egin dutela. Dena den, bere inguruko gazteek bertsoa maite dutela ikusten omen du.

 Xan Alkhaten ustez bertsoak Zuberoan irautea nahi badute bertso-eskolako dinamikarekin jarraitu behar da eta saioak antolatu. Gainera, bere iritziz Joanes finalera iritsi izana garrantzitsua izan daiteke, zenbait zuberotar gazte proiekta baitaitezke Joanesengan. Mixelek ere bat egiten du uste horrekin, orain arte bertsolaritzatik urrun egon den jendea hurbildu baita.

 Dena den, Joanesek hilabete batzuetan ez du saiorik egingo, kanpora baitoa. Hasieran bidaia luze bat egiteko asmoa bazeukan ere txapelketa honek beste ikusmolde bat eman baitio; ate bat zabaldu dio. Gustatuko litzaioke saio batzuk egitea, bere lagunekin, ahal bada.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri