Euskararen Nazioarteko Eguna 2010-12-03

Euskara bertsolarien ahotan

Estuki lotuta daude euskara eta bertsolaritza, bertsotan euskaraz egiten baita. Baina, zer kantatzen dute bertsolariek euskara tresna ezezik gai ere badenean?
 1552ko abenduaren 3an hil zen Xabierko Frantzisko, Euskararen Santua omen dena. Eta, bere heriotzaren urteurrena Euskararen Nazioarteko Egun bilakatu zuen Eusko Ikaskuntzak 1949an. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak instituzionalizatu egin zuten.

 Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, beraz, gaur Euskal Herrian. Euskararen festatzat dute batzuek, aldarrikapentzat beste batzuek eta bietatik dauka beste zenbaitentzat. Azken urteotan borroka handia egin da euskararen alde, eta zenbait espazio irabazi ditu. Hala ere, euskararen etorkizunari buruzko mezu ezkor ugari entzuten ditugu. Eta instituzioen jarrerarekiko kritiko direnak ere bai.

 Eta, bertsolariek zer diote? Euskara bertsolarien tresna garrantzitsuenetako bat da, hitzak ematen baitio balioa bertsoari. Baina, hitza bera gaitzat hartzean, zer? Egia esanda urtean zehar behin baino gehiagotan kantatzen diote bertsolariek euskarari. Maialen Lujanbiok herri hau "euskaratik eta euskaraz" sortzen jarraitu behar dela aldarrikatu zuen BECen txapela jantzi zuenean. Eta Ametsek lehenengo ikastoletako andereñoei kantatu zien Xilabako txapela jantzi zuenean.

 Txapelketatik kanpo ere badira adibideak. Dena den, euskararen egoerari buruz serio eta sakon kantatuak baino gehiago izan dira azken aldian instituzioei egindako kritika eta parodia, 2009ko maiatzean Patxi Lopez Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari izendatu zutenetik bereziki. Euskaraz ikastea kostatzen ari zaiola eta adarra jo izan dio batek baino gehiagok.

 Bertsoa.com-en zuzeneko elkarrizketetan ere behin baino gehiagotan atera izan da euskararen egoeraren inguruko kezka.

 Euskararen Nazioarteko Eguna ikastetxeetan ospatuko da bereziki. Hala, gaur saio ugari egingo dira hezkuntzari lotuta:

 -Eibarren, Inazio Zuloaga Insitututan Iker Zubeldia eta Julio Soto ariko dira eguerdiko 14etatik aurrera.

 -Gernika-Lumoko Barruti eskolan Arkaitz Estiballes eta Jexux Mari Irazuk kantatuko dute 12etan

 -Durako ikastolan Iñaki Viñaspre, Felipe Zelaieta, Irati Anda eta Andere Arriolabengoa jardungo dira 12etan

 -Barakaldon, Gurutzetako Institutuan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiok kantatuko dute 9:30etan

 -Pasaiako Pasaia lizeoan Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Amaia Agirre eta Haritz Casabalek bertso-bazkaria egingo dute

 -Gernika-Lumoko insitututan Gregorio Larrañaga "Mañukorta", Unai Iturriaga, Uxue Alberdi eta Sustrai Colinak kantatuko dute eguerdian, Josu Goikoetxea gai-jartzaile dutela

 Dena den, bestelako saioak ere ugari izango dira. Besteak beste, Donostiako Antzoki Zaharrean eta "Plazatik plazera" ekimenari lotuta jaialdia egingo dute iluntzeko 20etan. Bertan izango dira Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia bertsolariak; Mariela Acevedo eta Gabriel Luceno payadore uruguaitarrak eta Alexis Diaz Pimienta repentista kubatarra.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri