Zihara Enbeita izango da gonbidatua 2010-12-10

"Plazatik plazera" aste honetan Hitzetik Hortzeran

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaz ariko da Zihara, eta Gernikako finalaurrekoa ere izango da ikusgai. Iraetan Maiak eta Zubeldiak egindako saioa ere emango dute.
 Igande honetan ere, iluntzeko 21etan, Hitzetik Hortzera programa emango du ETB1ek. Aste honetan "Plazatik Plazera" izeneko ekimenak beteko du tarterik handiena. Joan zen astean Euskal Herrian izan ziren Alexis Díaz Pimienta repentista kubatarra Angel Luis eta Ruben Aguiar anaien musikaz lagunduta eta Mariela Acevedo eta Gabriel Luceno payadore uruguaitarrak. Saio dezente egin zituzten Euskal Herrian. Hitzetik Hortzerako kamarak Bilboko Alhondigan egindako saioan izan ziren. Bertan, inprobisatzaile amerikarrekin batera aritu ziren Sustrai Colina eta Fredi Paia. Saioko irudirik onenak eskainiko dituzte.

 Bestalde, Bizkaiko Bertsolari Txapelketak ere tarte handia beteko du. Alde batetik Gernikan joan zen igandean jokatutako finalaurrekoaren irudirik onenak emango dituzte. Honela gelditu zen sailkapena bertan:

 1.- Beñat Ugartetxea  513 punturekin
 2.- Fredi Paia        503,5 punturekin
 3.- Gorka Ostolaza    503 punturekin
 4.- Joseba Artza      492,5 punturekin
 5.- Oihana Bartra     484,5 punturekin
 6.- Xabier Enbeita    470 punturekin

 Gainera, platoan izango da Zihara Enbeita, txapelketako komunikazio arduraduna. Aurtengo txapelketaren nondik norakoak azalduko ditu. Eta hori ez da txapelketari eskainiko zaion une bakarra, Julen Gabiriak Gernikako kanporaketaren kronika egingo baitu.

 Jasotakoen atalean bertso-afari bat emango dute aste honetan: Iraetan Jon Maiak eta Iker Zubeldiak egindako bertso-afaria. Ia bi orduz aritu ziren kantuan giro ederrean, eta unerik onenak eskainiko dituzte programan.

 Ohiko atalak ere izango dira. Zuri-beltzekoan Jose Joakin Mitxelenak Gernikako arbolari botatako bertsoa izango da ikusgai. Eta, bukatzeko, hil berri den Xabier Letek ere izango du bere tartea. Urteetan aritu zen Hitzetik Hortzeran bertso zaharrak musikatzen, eta bere zenbait lan berreskuratuko dituzte.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra