Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2010-12-17

Arkaitz Estiballes: "Ikaslea ikustea neure ondoan finalean kantari ia txapela janztearen moduko sentsazio on bat da"

Aurtengoa seigarren finala izango da beretzat. Zornotzan gehiegi gozatu ez bazuen ere, buruz burukora iristea gustatuko litzaioke.
 Arkaitz Estiballes 2000. urtean iritsi zen, lehenenego aldiz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera, eta ordutik ez du inoiz hutsik egin. Orain dela bi urte hirugarren postua lortu zuen, gainera. Aurtengo finalean bost aurpegi berri izango dira, eta adinez bertsolari gazteak iritsi dira BEC-era. Arkaitz Estiballesek umorez begiratzen dio horri: "pozten naiz Abarkas sartu delako, horrela ez naiz ni zaharrena". Asko poztu da, bereziki, Peio Ormazabalengatik, Arrigorriagako bertso-eskolan ikasle izan baitzuen: "Ikaslea ikustea neure ondoan finalean kantari ia txapela janztearen moduko sentsazio on bat da". Dena den, bera ahalik eta saio onena egitera joango da, eta buruz burukoan sartzea gustatuko litzaioke.

 Txapelketaren gaztetzea ez dela bertsolarien artean soilik gertatu uste du, publikoa ere inoiz baino gazteagoa izan delako. Dena den, badauka kezkarik, ikusten baitu bere aurreko belaunaldiekin eten bat gertatu dela. "Etorkizunera begira kezkatzen nau: ea gure jarrera antzekoa izango den etorkizunean edo bertsotan jarraituko dugun". Dena den, bertsogintza utzi duten askok oraindik bertsolaritzari lotuta jarraitzen dutela nabarmentzen du.

 Arkaitz Estiballesek, orain dela bi urte finalista izan zenez, Zornotzan soilik kantatu du aurtengo txapelketan, eta ez zuela gozatu onartzen du. Dena den, entzun dituen saioak politak iruditu zaizkio.

 Entrenamenduei dagokienez, urtero bezala ibili da. Larrabetzun elkartu izan da Etxahun Lekue, Fredi Paia eta Xabi Payarekin. Aurten Xabi Paya ez zegoen arren Beñat Ugartetxea elkartu zaie taldera, eta astero bildu dira. Hortik aurrera, ez omen du askorako betarik izan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri