Oholtza gainean Amaia Agirre, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Jon Maiak saio polita osatu zuten.
Hotz egin zuen igandean Euskal Herrian, eta baita Ibarrako kiroldegian ere. Berogailuak martxan jarri arren, entzuleek ez zuten berokiak kentzerik izan. Hala ere, 400 bat lagun bertaratu ziren saioa jarraitzeko. Oholtza gainean honako bertsolari hauek aritu ziren:
Amaia Agirre Sebastian Lizaso Andoni Egaña Maialen Lujanbio Sustrai Colina Jon Maia
Ibarrako jai alternatiboen batzordeak antolatu zuen saioa, eta bertako bertso-eskolako kideek prestatu zituzten gaiak.
Ofizioka hasi ziren bertsolariak lanean. Gabonetako gai batekin ekin zioten Amaia Agirrek eta Jon Maiak. Jon etxez etxe dabil kantuan, eta Amaiaren etxera joan da. Azken honi lan egitea egokitu zaio, ordea, eta kantuak entzuteak ez dio grazia handiegirik egin... Saio polita osatu zuten berotzen hasteko.
Gai politikoagoa egokitu zitzaien Sustrai Colina eta Maialen Lujanbiori. Presoak dira biak, eta Euskal Herrira hurbildu dituzte. Itxaropentsu iritsi dira kartzelara, baina ziegara iritsi orduko espetxe zuzendaritzaren gutun bana aurkitu dute, kolaborazioa eskatuz. Sakon eta errealitateari lotuta aritu ziren bi bertsolariak, egungo egoera politikoaren inguruko hausnarketa eginez.
Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso, berriz, umorez jardun ziren. Sebastian Lizaso bizkartzaina da eta langabezian geratzeko arriskua ikusita beste zerbaiten bila hasi da. Tabakoaren Legea indarrean jartzear dagoen honetan Andoni Egaña tabernariarengana joan da, erretzaileak bidaltzeko bere laguntza eskaintzera. Biek keinuak erabili zituzten bertsoak laguntzeko, eta publikoak gogotik egin zuen barre, Sebastianek Andoniri heldu eta tabernatik botatzeko keinua egin zionean bereziki.
Amaia Agirrek eta Sustrai Colinak kopletan ere ofizio bizia eskaini zuten. Wikileaks-ek beraien sekretuak argitaratu behar omen ditu, eta hor aritu ziren zer izan daitekeen asmatu nahian.
Dena den, umoreaz gain hausnarketarako ere izan zen tarterik Ibarran. Jon Maiak bakarka egungo egoera politikoari buruz kantatu zuen. Ezker abertzaleak pausuak eman ditu datozen hauteskundeetan parte hartzeko, baina, posible izango al da? Baikor erantzun zuen Jon Maiak.
Eta, jaialdi askotan bezela, ariketa berezi bat ere egin zuten bertsolariek. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiori egokitu zitzaien ariketa. Bina hitz eman zizkien gai-jartzaileak, eta besteei pistak eman behar izan zizkieten asma zitzaten. Dena den, beste berezitasun bat ere izan zuen ariketak, publikoari paper batzuk banatu baitzizkieten aretora sartu aurretik bertsolari bakoitzari ze hitz egokitu zitzaizkion azalduz. Hala, publikoak bertsolariek baino informazio gehiago eduki zuen. Hau izango zen, beharbada, jaialdiko une gorena.
Teknologia berriez ere kantatu zuten. Sustrai Colinak eta Jon Maiak estrategia ezberdinak erabili dituzte saioa iragartzeko. Batek sekulako kartel pila jarri ditu, eta besteak interneteko sare sozialak erabili ditu. Azkenean internet erabili duenarenera jende gehiago joan da. Umoretsu agertu ziren biak.
Amaia Agirrek ere txukun erantzun zien puntuei.
Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok askotan kantatu diote aurten Txapelketa Nagusiari, eta Ibarran ere hala egin behar izan zuten. Maialenek bere txapela lapurtzen harrapatu du Andoni. Elkarri erantzunez dotore aritu ziren biak.
Sebastian Lizasok atzekoei kantatuz saioa osatu ondoren puntuka aritu ziren Amaia Agirre, Andoni Egaña, Jon Maia eta Sustrai Colina, eta horrela bukatu zen saioa. Aurtengoa hirugarren aldia izan da garai honetan saio bat egiten dutena, eta publikoak ondo erantzun du.