350 lagun elkartu ziren pilotalekuan 2011-01-24

Saio ederra atera zen Zeanurin

Arkaitz Estiballes, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Amets Arzallus eta Etxahun Lekuek kantatu zuten Jabi Olibaresen aginduetara.
 Atzo bertso-jaialdia egin zen Zeanuriko pilotalekuan. Kanpoan hotz egiten bazuen ere, barruko berogailuak ederki goxatu zuen giroa saioa hasi aurretik. 350 lagun elkartu ziren honako bertsolari hauek entzuteko:

 Arkaitz Estiballes
 Andoni Egaña
 Unai Iturriaga
 Igor Elortza
 Amets Arzallus
 Etxahun Lekue

 Jabi Olibaresek jarri zizkien gaiak.

 Zeanurin jaio zen Sabin Intxaurraga politikari ezaguna. Orain dela aste gutxi batzuk hil zen, eta agurretan gehienek gogoan eduki zuten.

 Eta egoera politikoari ere kantatu zioten. Sei bertsolariei aste honetako atxiloketen inguruan kantatzeko eskatu zien Jabi Olibaresek.

 Ondoren ofiziokako lanak iritsi ziren. Lehenengo bi erretzaileei deitu zien gai-jartzaileak. Unai Iturriaga eta Andoni Egaña altxa eta halaxe galdetu zien: "eta, zer moduz doa bada?". Umorez aritu ziren bi bertsolariak tabakoaren legearen inguruan.

 Ametsek eta Etxahunek ere saio umoretsua osatu zuten. Amets aitonak bere herentzia biloba bati eman nahi dio, eta denei galdeketa bat egiten die bat aukeratzeko. Atzokoan Etxahuni egokitu zitzaion. Galdera gaiztoak egin zizkion Ametsek, baina Etxahunek ondo erantzun zuen.

 Arkaitz Estiballesek Bizkaiko txapela jantzi zuen abenduan, eta horri kantatu zion Igor Elortzarekin batera. Txapela jantzi zuenetik harrotuta omen dabil Arkaitz, txapela erantzi ere egin gabe. Tabernara sartu eta Igorrekin egin du topo, ordea. Saio umoretsua osatu zuten hauek ere.

 Andoni eta Unaik itxi zuten ofiziokako lehenengo itzuli hau. Lehen tabakoaren legeari kantatu bazioten, jubilazioaren lege berriari kantatzea egokitu zitzaien gero. Andoni bitxigilea da eta lapurreta egin diote dendan. Alarma sakatu duenean hor agertu zaio Unai, 67 urteko ertzaina. Saio dotorea osatu zuten biek. Saioaren mailak hemen jo zuen goia.

 Ofiziokako lanak bukatuta, Amets bakarka jarri zuen Jabi Olibaresek. Gai honako hau: "autoan hona zatozela irratia piztuta eduki duzu. Baina itzali egin behar izan duzu". Irratiari kritika egin zion Ametsek, eta Zeanurirako agurra borobiltzeko itzali zuela esanez bukatu zuen.

 Etxahunek eta Unaik gai berezi bati kantatu behar izan zioten ondoren. Lamia ederra da Etxahun, baina tartaloak baino ez zaizkio hurbiltzen. Atzokoan Unai joan zen beregana. Ondo aritu ziren biak.

 Arkaitzek eta Andonik elkarrekin ikasi zuten medikuntza. Arkaitzek klaseko notarik onenak ateratzen zituen eta Andonik txarrenak. Arkaitz gaur egun tailer batean dabil lanean, eta istripu baten ondorioz ospitalera joan behar izan du. Han agertu zaio Andoni medikua. Umorez aritu ziren hemen ere biak, aurreko ofizioei erreferentziak eginez.

 Jabi Olibaresek denak altxarazi zituen ondoren, Igorri puntuak jartzeko. Baina berezitasun batekin: gero eta neurri luzeagoak erabili beharko zituzten. Fin aritu zen Igor erantzuten.

 Saioaren hasieran paper bana eman zien gai-jartzaileak bertsolariei. Bertan bakoitzak hitz bat eta hitzaren definizioa idatzi behar zituen. Saioaren bukaera aldera iritsita, denak altxarazi zituen Jabi Olibaresek, eta kopla batean ondokoari hitza galdetzeko eskatu zien. Bakoitzak bere herriko hitz bereziak erabili zituen eta umoretsu aritu ziren denak.

 Arkaitz Estiballesek bakarka egin zuen ondoren. Gaia kantatuz jarri zion gai-jartzaileak, "Izarren hautsa" doinuan: "Entzuleen ta gure artean / amildegi bat balego...". Bakarkako polita osatu zuen Arkaitzek.

 Orain dela pare bat urte segidillan aritu ziren Andoni eta Amets. Jendea ez zen ase, nonbait, eta atzo ere lan bera eginarazi zien Jabi Olibaresek. Publiko artetik dotore aritu ziren bi bertsolariak.

 Azkenik, gainerako laurek saioaren balorazioa egin zuten, puntutan.

 Orokorrean saio dotorea atera zen atzokoa. Beharbada lehenengo erdian joko zuen goia, eta gero behera egin zuen apur bat. Dena den, entzuleak oso gustura gelditu ziren.

Arkaitz bakarka
2011-01-23 Zeanuri

Igor puntuak erantzuten
2011-01-23 Zeanuri

Atxiloketez
2011-01-23 Zeanuri

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri