Matxinbentarrek Santa Agedari kantatutako koplak eta "Hiru, bi zast... egizu jolas" antzezlana ere erakutsiko dituzte. Zuri-beltzekoan Joxe Lizaso, Manuel Lasarte eta Lazkao Txiki izango dira protagonista.
Aste honetan ere Hitzetik Hortzera programa emango du ETB1ek. Ohi bezala igandez izango da, iluntzeko 21etatik aurrera.
Joan zen larunbatean ospatu zen Bertso Eguna Donostian. ETB1ek larunbat gauean bertan arratsaldeko ekitaldiko laburpena eskaini zuen. Hitzetik Hortzerak bertan "ikusi ez zena" emango du. Hala, afalosteko bertso jarriak erakutsiko dituzte. Lehenengo sorta Jone Uriak, Arrate Illarok eta Itxaso Paiak kantatu zuten, bertsofriki nola bihurtu diren azalduz. Bigarrenean Iñaki Gurrutxaga eta Jokin Uranga izan ziren protagonista, eta diskotekako argi eta guzti, gaueko amuak biharamuneko damu nola bihurtzen diren erakusteko.
Arratsaldeko ekitaldiko une batzik ere emango ditu aste honetako programak. Beñat Gaztelumendik eta Miren Amurizak osatutako bertsoaldia emango dute batetik. Bestetik, Maialen Lujanbiok Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi, Iker Zubeldia eta Amets Arzallusi kantatutakoak ere eskainiko dituzte, atzekoen erantzun eta guzti.
Ekitaldiko une batean Jon Maia eta Andoni Egaña agertu ziren pantaila erraldoian, bertso-poteo batean. Rekalde tabernan osatu zuten saioa, eta horren lagin txiki bat baino ez zuten eman Bertso Egunean. Eman gabe gelditu zena erakutsiko du Hitzetik Hortzerak.
Aste honetan ere gonbidatu bat izango da platoan, Jon Artanorekin solasean. Aste honetan Amaia Zubiria elkarrizketatuko dute. 1977an atera zuen lehenengo diskoa Haizea taldearekin, eta orain dela gutxi aurkeztu du azkena, "Amona mantangorri" izenekoa. Eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ere jardungo da programan.
Bestalde, badira hilabete batzuk "Hiru, bi, zast... egizu jolas!" antzezlana martxan jarri zenetik. Ibai Esoain, Alex Tello eta Hodei Unzueta aritzen dira bertan, Ainhoa Alberdiren zuzendaritzapean. "Hitzen Lapurra" bertsotxongiloen jarraipena da emanaldia, haurrei bideratua. Donostian izan ziren orain dela aste batzuk, Antiguo auzoko jaietan, eta han izan ziren Hitzetik Hortzerako kamarak ere.
Azkenik, ohiko tarteak ere izango ditu programak. Zuri-beltzekoan 1975ean Zarautzen hartutako irudi batzuk eskainiko dituzte. Patxi Barbero gai-jartzaileak txakolin-jana eginda hondartzako ur-ertzean ipini zituen Joxe Lizaso, Manuel Lasarte eta Lazkao Txiki. Zappingean, berriz, 1991ko Hitzetik Hortzerako saio bereziaren aukeraketa emango dute. Santa Ageda bezperako kopla kantuari eskaini zioten programa, eta unerik onenak eskainiko dituzte. Horrez gain, Matxinbentako taldearekin batera ibili dira kamarak, Loidisaletxe koplari dutela.