Bertsolantegia. Berria egunkaria 2007-07-06
Berria egunkaria
Ainara gorostitzu, Eibar
Aretoa jendez betea dago. Mahaian bata bestearen ondoan daude eserita. Maialen Lujanbio erdian eta bere ezkerrean, Unai Iturriaga. Bertsolaritzak lotu ditu. Urtetan. Esperientziak batu ditu. Erdian, baina, amildegi bat dago. Generoarena. Amildegia bertsolaritzan badago, baina baita beste arte diziplinetan ere. Horren lekuko Judith Montero saxofoi jotzailea. Mahaiaren eskuinaldean dago eserita: «Kanadako edo atzerriko beste herrialde bateko emakumeei kontatzen diet nire kasua eta ulertzen naute, baina nire inguruko gizonezkoek ez». Amildegia baitago musikarien artean ere. Monteroren kasua pianoa edo biolina hautatu beharrean saxofoia aukeratu zuen neskatoarena da. Ezarritako ereduak bete ez dituenarena. Lujanbiorena bezala. Onintza Enbeitarena, Oihane Perearena, Estitxu Arozenarena, Nahikari Gabilondorena, Miren Artetxerena, Estitxu Eizagirrerena, eta beste hamaikarena bezala.
Generoa izan dute hizpide UEUk eta Bertsozale elkarteak antolaturiko Bertsolantegia mintegiaren hirugarren egunean. Generoak zertan markatu ditu gizon eta emakume sortzaileak? zen jardunaldiaren izenburua. Baina ez dute ia gizon sortzaileez hitz egin. «Nik ez dut nire gizontasunaz hausnartu», esan du, zintzo, Iturriagak, deseroso. Lujanbiok bai bere emakumetasunaz: «Emakumezko bertsolariok askotan hitz egin dugu honi buruz, bakoitzari bere azalean bizitzea tokatu zaiolako». Batzuen eta besteen artean urruntasuna sumatzen du Lujanbiok: «Jende bat hipersentsibilizatua dago generoaren gaiarekin, beste batzuek ez dute sekula ezer planteatu. Kezkagarria eta kuriosoa da zein amildegi dagoen gizonezko eta emakumezkoen artean».
NESKEN AURKAKO ARMAK.Eredu maskulinoak ditu bertsolaritzak, gizarteak dituen bezala. «Plazan abestu behar duen bertsolariari ausarta izatea eta bere buruarengan konfiantza izatea eskatzen zaio, eta jarrera oldarkorra», deskribatu du Monterok ikusle gisa bertsolaritza. «Neskei, ordea, ez zaie heziketa hori ematen, gure aurka armatzen gaituzte, dena bi aldiz pentsarazten digute, diskretuak izateko hezten...». Umetatik bereizten dira amildegiaren bi aldeak. Lujanbioren arabera, «umeak heziketa desberdinarekin heltzen dira bertso eskoletara. Mutilak ohituago daude espazioak okupatzen. Mutikoek egiten dutena ez da a priori zalantzan jartzen, nesken kasuan bai, a priori zalantzan jartzen da, eta gero iritsiko da aintzat hartzea».
Emakume sortzaileen arazoa sozializatzean gertatzen da, Lujanbiok eta Monterok bizi eta ikusi izan dutenaren arabera. «Emakumeak hitza hartzen duenean eta 200 edo 2.000 lagunen aurrean kantatu behar duenean, burrunba sortzen da bere barruan, segurtasuna falta zaio, autokonfiantza», azaldu du Lujanbiok. Horregatik uzten dute, bere iritziz, hainbeste neskak bertsolaritza 15-16 urterekin.
Baina batzuek jarraitzen dute, kostatu arren. Eta plazan kantatzen dute. Iturriagak dio normaltasunez bizi izan duela emakumeekin kantatzea: «Gure belaunaldiko bertsolarientzat naturala izan da neskekin kantatzea». Naturala, bai, baina ohartzen da emakumezko eta gizonezko bertsolariekin ez duela berak ere jarrera bera: «Emakumezkoak, normalean, ez ditut jartzen soken kontra, gizonezkoak bezala. Gustatuko litzaidake, baina ez naiz atrebitzen edozer gauza kantatzera».
Eta emakumeek ere, oro har, ez dute edozer gauza abesten. Ez agian ez direlako ausartzen. Gaiek ez dutelako bide ematen, baizik. «Gizonezkoen giroan abesten dugu, gizonezkoen gaiez», Iturriagaren hitzetan. Emandako gaiaren arabera emakumezko estandar topiko batetik ihes egiteko beharra sumatzen du Lujanbiok, «topiko horiek berritzea nire borroka ideologikoa da». Baina ez da hain erraza. Askotan oholtzan emakume bakarrak kantatzen baitu gizon artean. «Eta badirudi halako ordezkaritza bat betetzen duela emakume horrek», Lujanbioren arabera, «inoren ordezkari izatea kreatiboki ez da batere interesgarria, sorkuntzarako traba da. Hobe da, aukera egotea, eta ez bat denen ordezkari».
«EZ GAUDE GAIETAN ISLATUAK». Generoaren inguruan asko hitz egin dute emakumezko bertsolariek. Dozenakaren hausnarketak entzun ahal izan dira mahai-inguruaren aurretik eman duten Emakumea Bertsolari bideoan. «Ez gaude gaietan islatuak; ama, neska-lagun edo alaba da emakumezkoa gaietan», kexatu da Oihane Enbeita. «Zergatik dago ongi ikusia gizonezko alferra eta gaizki emakumezko alferra?», galdetu du Estitxu Arozenak. «Ez dakigu geure posiziotik kantatzen», biribildu du Alaitz Sarasolak. «Plazan amona bat ikusten denean kantuan, bertsolaritza desberdina izango da, derrigorrean», amaitu du Miren Artetxek.
Pareko hausnarketara iristeko daude oraindik gizonezkoak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24