Lizardi Saria 2011-09-05

Odei Barrosok jantzi du txapela

Oier Aizpurua geratu da bigarren. Beraiekin batera finalean aritu dira Arrate Illaro, Aitor Urbieta, Beñat Iguaran eta Asier Azpiroz "Azpi". Goraino bete da Zarauzko Zinema frontoia. Basarri bertsopaper lehiaketa Iñaki Gurrutxagak irabazi du eta Nikolas Zendoiak lortu du bigarren postua.
  Ostiral gauean jokatu zen Lizardi sariko finala, Zarautzen. Urtero bezala, aurten ere leporaino bete da Zinema pilotalekua. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:

 Oier Aizpurua
 Arrate Illaro
 Aitor Urbieta
 Beñat Iguaran
 Asier Azpiroz "Azpi"
 Odei Barroso

 Felix Zubia aritu zen gai-jartzen. Maila oneko final batean, Odei Barroso nabarmendu zen, eta berari jantzi zion txapela Pello Esnalek. Bertso onenaren saria ere beretzat izan zen, kartzelako gaiari kantatutako bigarrenarekin. Oier Aizpurua zarauztarra geratu zen bigarren.

 Hasieratik nabarmendu zen Odei Barroso. Zortziko handian, Asier Azpirozekin goi mailako bertsoaldia osatu zuen. Biak saiatu ziren beren buruaz beste egiten, baina, huts egin ondoren, larrialdi zerbitzuetan egin dute topo. Odei Barrosoren lehenengo bertsoa gogoan hartzeko modukoa da, baina baita Asierren erantzunak ere.

 Aurretik, Oier eta Arratek ere saio txukuna osatua zeukaten semea kartzelan sartu zieten gurasoen paperetik. Dena den, beharbada osoagoa izango zen Aitorrek eta Beñatek egindako lana. Biak lagunak dira, eta parrandan ari direla, beste lagun batek kokaina arrasto bana eskaini die. Ederki aritu ziren, elkarri bidea irekiz eta erantzunez.

 Zortziko txikian, agian, behera egin zuen saioak, nahiz eta Arratek eta Aitorrek bereziki ofizio polita osatu zuten.

 Puntu-erantzunetan Aitorren eta Asierren lanak izan ziren nabarmenenak.

 10eko txikian berriz ere gora egin zuen saioak, eta hiru ofizioak atera ziren ederrak. Oier eta Beñat bikote baten larrutik aritu ziren. Orain dela 40 urte etorri ziren Euskal Herrira Extremaduratik. Behin erretiratuta, Oierrek itzuli egin nahi du, baina Beñatek bertan geratu nahiko luke. Bertso hunkigarriak eta pisu handiko arrazoiak kantatu zituzten biek.

 Arratek eta Asierrek ere lan polita egin zuten. Biak kazetariak dira, eta beren ideologia eta printzipioekin bat ez datorren lan bat eskaini diete. Asier prest dago baietz esateko, Arrate ez. Ondo aritu ziren biak.

 Dena den, Odeik eta Aitorrek egindako lanak jaso zituen txaloaldirik luzeenak. Bi ama dira biak, eta orain dela 30 urte erditutako semeak lapurtu dizkietenaren ustearekin bizi izan dira. Azken aldiko albisteak entzunda, Aitorrek bila hasi nahiko luke, baina Odeik nahiago du gauzak daudenean utzi. Ederki aritu ziren biak. Aitorrek hasieratik lortu zuen publikoarekin bat egitea, eta barru-barrutik kantatu zuen. Odeik errealismo handiz erantzun zion.

 Kartzelako lana iritsi zen orduan. Honako gai hau jarri zien Felix Zubiak: "Aspaldian aurpegi hori burutik kendu ezinda zabiltza". Oierrek Libiako gerran galdutako aitari hiru bertso on kantatu zizkion. Arratek bikotea izan arren beste norbait ezagutu zuela kantatu zuen. Bigarren bertso ederra kantatu zuen. Aitorrek ere maitemindu egin zela kantatu zuen, eta azkeneko bertsoan publikoan zegoela esan zuen. Beñatek neska batekin geratua zegoela baina hau ez zela agertu kantatu zuen. Asierrek ere maitemindu egin zela kantatu zuen, baina "maite zaitut" esateari beldurra ziola. Dena den, hemen ere Odeik lortu zuen txalo gehien. Minbiziarekin gaixotutako amari hiru bertso hunkigarri abestu zizkion.

 Final ederra izan zen ostiralekoa, eta seirek maila ona erakutsi zuten saio osoan zehar.

 Bestalde, Basarri bertsopaper lehiaketako sari-banaketa egin dute finalaren ondoren. Iñaki Gurrutxagak irabazi du lehiaketa, "Pre-papátua nago" sortarekin. Bigarren saria Nikolas Zendoiarentzat izan da "Mari Joxepa eta frailea" izeneko sailarengatik.

Sari-banaketa
2011-09-02 Zarautz

Odei kartzelan
2011-09-02 Zarautz

Arrate kartzelan
2011-09-02 Zarautz

Oier kartzelan
2011-09-02 Zarautz

Oier eta Beñat 10eko txikian
2011-09-02 Zarautz

Puntu-erantzunak
2011-09-02 Zarautz

Asier eta Odei 8ko handian
2011-09-02 Zarautz

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri