Arabako Kuadrilla arteko bertso txapelketa 2012-01-31

Asteburu honetan jokatuko dira lehenengo saioak

Ostiralean Muinoko Katuak (vol. II) eta Gasteizko Eguzkilore ariko dira Gasteizko Gaztetxean. Larunbatean bi saio jokatuko dituzte: Aramaioko Marixeka elkartean Aramaioko Marixeka eta Urkabustaizko Izarra lehiatuko dira eta Zalduondoko Zeledon txki elkartean Zalduondoko Zeledonen seme-alabak eta Aguraingo Sorginetxe. Igandean Gasteizko Kakiturri-Ehari elkartean Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Gasteizko Errexalak kantatuko dute.
 Asteburu honetan hasiko da Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketa. Aurtengoa bigarren edizioa izango da. Orain dela bi urte jokatu zen lehenengoa, eta "zapore ederra" utzi zien antolatzaileei. Hala, bi urtetik behin taldekako txapelketa antolatzeko konpromisoa hartu zuten. Aurtengoan hazi egin da txapelketa: 9 taldetik 12ra pasa dira, 42 bertsolaritik 54ra, 12 epailetik 16ra eta 9 gai-jartzailetik 12ra.

 Egiturari dagokionez, 4 ligatan bereizi dituzte taldeak: Zuiako liga, Lautada-Arabako Errioxako liga, Gasteizko liga eta Gasteiz-Aiaraldeko liga. Liga bakoitzean hiru talde ariko dira lehian, eta irabazlea sailkatuko da finalerdietara. Aurretik, ordea, talde bakoitzak bi saiotan kantatu beharko du. Asteburu honetan lau saio jokatuko dira denera.

 Gasteiz-Aiaraldeko liga izango da hasten lehendabizikoa, ostiralean jokatuko baita lehenengo saioa Gasteizko Gaztetxean. Gasteizko Muinoko Katuak (vol. II) eta Gasteizko Eguzkilore taldeak ariko dira kantuan afalostean. Iluntzeko 20:30etan hasiko da afaria, eta bertara joan nahi izanez gero asteazkenerako hartu behar da lekua, honako zenbaki honetara deituz: 688 695 875. Nahi izanez gero Gaztetxean bertan ere eman daiteke izena. Afaria 15 eurotan jarri dute.

 Larunbatean beste bi saio jokatuko dira. Zuiako ligan Aramaioko Marixeka Elkartean izango da estreinaldia, afalostean. Aramaioko Marixeka eta Urkabustaizko Izarra taldeak lehiatuko dira bertan. Hemen ere asteazkenerako eman behar da izena zenbaki honetara deituta: 688 627 089. Afaria 20:30etan hasiko da.

 Lautada-Arabako Errioxako liga ere larunbatean hasiko da. Zalduondoko Zeledon txiki elkartean jokatuko da lehenengo saioa, eguerdiko 14etatik aurrera, Zalduondoko Zeledonen seme-alabak eta Aguraingo Sorginetxe taldeen artean. Bazkaritarako sarrera lortu nahi izanez gero ostegunerako honako zenbaki honetara deitu behar da: 645 738 293.

 Gasteizko liga igandean hasiko da Gasteizko Kakiturri-Ehari elkartean. Kakiturri-Ehari eta Gasteizko Errexala taldeek kantatuko dute bertan. Sarrera osteguna baino lehen eskatu beharko da. Nahi izanez gero telefonoz egin daiteke erreserba, honako zenbaki honetara deituta: 945 232702. E-mailez egin nahi izanez gero honako hau da helbidea: xabirico@gmail.com.

 Idatzizko kanporaketak ere asteburu honetan hasiko dira. Bat-bateko txapelketako kanporaketa bakoitzean bertso-jarriak abestuko dituzte bi talde ariko dira. Denera 24 taldek parte hartuko dute, eta gutxienez 4 taldekide izango ditu bakoitzak. Gutxienez 3 eta gehienez 6 bertsotako sortak aurkeztuko dituzte. Lehenengo fasean honako gai hau izango dute: "Herriko gertakizun bat". Finalerdietan "eskualdeko pertsonaiak" izango da gaia eta finalean, berriz, "zer falta zaio Arabari?".

 Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik hemen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri