Bertso sariketak 2026-09-30

Bertso Erronda Bilboko Erronda kalera itzuli da, urtebeteko etenaren ostean. Udaberritik udazkenera salto eginda, baina hasierako formatuari eutsiz. Bilbo inguruko bertsolari gazteei eta bertan ikasten dutenei zuzendutako sariketa da, eta lau ostegunetan, Erronda kaleko lau tabernetan izango dira bertso saioak. Joan den ostegunean hasi ziren eta Haira Aizpurua eta Joseba Ortuzar “Ortu” sailkatu ziren finalerako Adaxka tabernan egin zen saioan. Saio oro lehen bi bertsolariek egingo dute aurrera. Ostegun honetan, urriak 1, Errondabide tabernan izango da saioa: Haizea Telleria, June Diaz, Ixone Asategi eta Ekain Tolaretxipi ariko dira kantuan, 20:30etan. Lau saioak egin ostean, finala 7katu gaztetxean izango da urriaren 22an.
Bilintx saria Grosen
Donostian jaio, bizi edo lan egiten duten 18 bertsolari batu dituen Bilintx sariak ere abiatu du ibilia. Joan den ostiralean Amarako Donosti Berri elkartean egindako saioan Oier Etxeberria izan zen finalerako txartela lortu zuena. Gainontzeko bertsolariek hurrengo saioetako puntuazioek diotenaren zain egon beharko dute. Finalaren aurretik hiru saio izango ditu Bilintx sariak, eta saio bakoitzeko irabazlea finalera pasako da, baita puntuazioz hiru onenak ere. Ostiral honetan, urriak 2, Groseko Marruma Elkartean da hitzordua. Aurreko asteko ereduari jarraituz, afaria izango da lehenik, eta oraindik bada sarrerak erreserbatzeko aukera 20 euroan (686.993.574 tf zenbakira deitu edo idatzi daiteke). Afalostean, honako sei bertsolari hauek kantatuko dute: Unai Gaztelumendi, Peru Aiartza, Aiert Ordoñez, Unai Azpiroz, Iosu Ordoñez eta Txaber Altube. Ander Aranburu izango da gai emailea.
Hiru saio jokatu ostean, Bilintx sariko finala, urriaren 16an egingo da San Telmo Museoan.