Aurten ere sei txanda izango dira: Bidarrai (uztailaren 8tik 16ra), Irañeta (uztailaren 15etik 21era), Arrazola (uztailaren 22tik 28ra), Zuhatza (abuztuaren 27tik 31ra) eta Orio (uztailaren 8tik 14ra eta uztailaren 17tik 23ra). Epea martxoaren 15era arte egongo da zabalik.
Negu giroan ibili arren, jada zabaldu da Bertso Udalekuetan begirale, zuzendari edo sukaldari izateko izena emateko epea. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatuta, aurtengo honetan ere sei txanda izango dira.
Bidarraikoa (Behe Nafarroa) izango da lehenengoa, uztailaren 8tik 16ra bitartean. Menditarrenia aterpetxean Euskal Herri osotik joandako 15 eta 18 urte bitarteko gazteak elkartuko dira.
Orion (Gipuzkoa) bi txanda egingo dira. Lehenengoa uztailaren 8tik 14ra bitarte egingo dute, 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoekin. Euskal Herri osoko gaztetxoek izango dute Itxaspe baserrira joateko epea.
Orioko bigarren txanda uztailaren 17tik 23ra bitartean egingo dute, Nafarroako Udal Euskara Teknikarien Sarearekin elkarlanean antolatuta. 9 eta 10 urteko Nafarroako haurrei soilik zabalduko zaie deialdia.
Irañetan (Nafarroa) uztailaren 15 eta 21ean izango dira udalekuak, 12 eta 14 urte bitarteko Euskal Herri osoko haurrekin.
Arrazolan (Bizkaia) ere Euskal Herri osoko haurrak elkartuko dira uztailaren 22tik 28ra bitartean. 9 eta 11 urte arteko haurrak izango dira Iturralde aterpetxean.
Azkenik, Zuhatzan (Araba) egingo da aurtengo seigarren eta azken txanda, abuztuaren 27tik 31ra. Euskal Herri osoko 9 eta 11 bitarteko haurrei irekiko zaie deialdia. Hemen ez da sukaldaririk beharko.
Begirale, zuzendari eta sukaldariek izena emateko epea MARTXOAREN 15era bitartean egongo da zabalik. Interesa daukanak
hemen klik egin eta fitxa bete beharko du. Ondoren, e-mailez bidali beharko da honako helbide honetara: transmisioa@bertsozale.com.
Behin izena emateko epea bukatuta, Bertsozale Elkarteko Aisialdi Batzordeak osatuko ditu txandetako lantaldeak martxoaren 31rako. Erabakiaren berri izena eman duten guztiei jakinaraziko zaie. Begiraleek txanda bat egin beharko dute maiatzaren 19 eta 20ko asteburuan, udalekuak prestatzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero lehen aipatutako helbidera idatzi edo bi telefono zenbaki hauetako batera deitu daiteke: 943 69 41 29 edo 688 643 608.